1/5/12

'Melancholia' (2011) - Boteretsua eta nahasia aldi berean

Lars Von Trier zuzendariak ikuslearen sentimenduak ondo maneiatzen dituela iruditu zait beti. Bere egunean aurkeztu zituen "dogma" printzipioak behin baino gehiagotan alde batera uzten dituen arren, zuzendari eraginkorra iruditzen zait. Ez dut bere filmografia osoa ikusi, baina gaur arte ikusi ditudan pelikulak ezin izan ditut ahaztu.

Zuzendari daniarrak, esan bezala, ikuslearen sentimenduekin jokatzen daki. Ikuslea istorioaren parte izatea bilatzen du beti. Kamara eskuan hartuta, pertsonaien errealitatera hurbiltzen gaitu, zenbaitetan inprobisatuta diruditen elkarrizketak ikusten ditugu eta aktoreei askatasuna ematen die zuzendariak. Batzuetan hautatutako grabaketa erak zorabiatzen duen arren, funtsezko elementua da ikuslea kontatzen ari den horretan inplikatuta sentiarazteko.



"Melancholia" pelikula boteretsu eta nahasia da aldi berean. Pelikula bi atal nagusietan banatuta dago. Lehenengo atala Justine-i dagokio, Kirsten Dunst aktoresari. Atal honetan zehar kolore epelak dira nagusi, pertsonaiaren hoztasun edota bipolaritatearekin (?) kontrajarriz. Ez dakigu benetan zer gertatzen zaion Justine-i, hori bai, beldurra duen pertsona dela dakigu. Gertatu daitekeenaren beldur, eta bere buruaren beldur. Bestetik, Claire dugu, Justinen ahizpa. Bigarren partea Clairen ezinegona eta "Melancholia" planeta eta Lurraren arteko kolisioan oinarritzen da. Justine ez bezala, Claire pertsona hurbila da, inguruan dituen horietaz kezkatzen da. Baina bere ahizpa bezala, beldur da. Duen guzti hori galtzearen beldur. 

Eta horrela sentitzen da ikuslea. Zuzendariak ihesbiderik gabeko toki batean kokatzen gaitu. Pelikulak sarrera bat du, formaren aldetik argazkigintzatik hurbil dagoena eta gertatuko diren zenbait ekintza aurreikusten dituena. Von Trierrek nahastuta sentiarazi nau, esperantzatik gabe, pelikula nahiko depresiboa baita. Baina konfusio hori, zenbait uneetan hipnotizatu egin nau, bere "Melancholia"-ren irudiak boteretsuak direlako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario