30/9/12

'Le Concert' (2009) - Tchaikovsky eta desafinatutako oroitzapenak


Komunismoa indarrean zegoen garaian, Andrei Filipov Bolshoi orkestra ospetsuaren zuzendaria izan zen. Orkestraren parte ziren judutarrak ez zituela kaleratuko adierazi zuen Filipovek, hori dela eta, publikoki makurrarazi zuten. Umilazio hori Tchaikovskyren lan zailenetako bat jotzen ari ziren bitartean geratu zen: bibolinerako kontzertua. Orain garbiketa lanak egiten lan egiten du Filipovek. Egun batean, Bolshoi orkestraren zuzendariari zuzendutako fax bat aurkitzen du Filipovek, bertan, Parisen kontzertu bat emateko gonbidapen bat egiten diote orkestrari. Une horretan ideia bat bururatzen zaio Filipovi: bera orkestraren zuzendaria zenean zituen musikariak biltzea, gaurko Bolshoi orkestra ordezkatzea eta Tchaikovskyren kontzertua modu horretan amaitzea.

'Le Concert' asko gustatu zitzaidan zineman ikusi nuenean; agian komedia eta dramaren arteko nahasketagatik, agian Tchaikovskyren musikagatik, ala pelikularen helburua istorio polit bat kontatzea baino ez delako, ez dakit. Pelikula atsegina iruditzen zait. Duela urte asko amaitu gabe gelditu zen kontzertu hori amaitzearekin amets egiten du Andrei Filipovek, dirudiena baino gehiago ezkutatzen duen kontzertu horrekin: oraina eta iraganaren arteko borroka bat. Kontzertu hori amaitzea funtsezkoa da Filipovek dituen zauriak ixteko eta erruki sentimendua desagertzeko.

29/9/12

'The Hobbit' pelikularen poster berria

'The Hobbit: An Unexpected Journey' pelikulak poster berria du. Posterrean Bilbo Bolson hobbitarekin batera ezusteko bidaian parte hartuko duten nano edo ipotxak aurkezten dizkigute. 'The Hobbit' pelikulan pertsonaia berriak eta jada 'The Lord of The Rings' trilogiaren jarraitzaileentzat ezagunak diren pertsonaiak agertuko dira.

'El Hobbit'-en moldaketa zinematografikoa trilogia batean bihurtuko du Peter Jacksonek (hasieran gehiegizkoa iruditu zitzaidan erabakia). Badakigu zein izango den atal bakoitzaren eta estreinaldi data: lehena abenduaren 14an estreinatuko dute; bigarrena, 'The Hobbit: The desolation of Smaug' 2013ko abenduaren 13an; eta hirugarrena, 'The Hobbit: There and Back Again' 2014ko uztailaren 14an.

Dori, Nori, Ori, Gloin, Oin, Kili, Fili, Bafur, Balin, Dwalin, Bombur eta Thorin izango dira Bilbok izango dituen laguntzaileak.

Duela gutxi trailer berria estreinatu dute; horretaz gain, pelikularen webgune ofizialean trailer berriaren amaiera hautatzeko aukera dago (trailerra pertsonalizatzeko bost aukera). Jackson & Tolkienen unibertsora bueltatzeko gogoak ditut.





28/9/12

'High Noon' (1952) - Will Kane, western generoaren ikonoetako bat


'High Noon' Fred Zinnemannek zuzendutako eta suspentse kutsu bat duen western bat da. Gizartearen hipokresia kritikatzen du pelikulak, eta Gary Cooper aktoreak Oscar saria jaso zuen egindako lan onagatik.

'High Noon' heroikotasuna eta norbanakoak bete behar dituen arduren inguruko westerna da. Will Kane Amyrekin (Grace Kelly) ezkondu berri da. Orain herrian betetzen duen sheriff lana alde batera uzteko eta hirira joateko prest dago Kane. Hirian, emaztearekin batera, denda bat irekiko du. Alde egingo duten une berean Frank Miller gaizkilea kartzelatik atera dela eta eguerdiko trenean herrira ailegatuko dela esaten diote sheriffari. Millerek mendekua bilatzen du, Kanen erruagatik atxilotu zutelako. Oraindik herriaren sheriffa denak herria babesteko prest ageri da, horretarako Miller eta horren laguntzaileei aurre egin beharko die Kanek. Herrian ordena ezarri gabe ez du alde egingo sheriffak.

25/9/12

'Les Miserables' (2012) - Trailerra eta poster berria

Tom Hooperrek zuzendu duen 'Les Miserables' musikalaren moldaketa zinematografikoa ikusteko gogo handiak ditut. Pixkanaka sarean eduki berriak igotzen doaz, eta horiek sarreratxo batean biltzeko une aproposa dela uste dut.

'Les Miserables'ek kontatzen digun istorioan Javert (Russell Crowe) polizia gorrotagarria Jean Valjean (Hugh Jackman) preso ohia jarraitzen dabil. Presoa izandakakoak Fantinen (Anne Hathaway) alaba bere kargu hartzea erabitzen duenean, Valjean eta bere ingurukoen bizitza erabat aldatuko da. IMDBren arabera, pelikula abenduaren 28an estreinatuko da.

Pelikularen lehenengo trailerrean, Fantine da protagonista eta musikalaren abesti ezagunenetako bat abesten ikusten dugu: 'I dreamed a dream'. Trailerrarekin Anne Hathaway Oscar Sarien kinieletan egongo dela aurreikusteko nahiko da.



Duela gutxi, trailerraren luzapen bat igo dute sarera, horretan, pelikularen protagonisten iruzkinak entzuteaz aparte, musikak pelikulan zein tratamendu izango duen azaltzen dute. Eszenetan zuzenean abesten dute aktoreek, abestien hunkigarritasunaren mesedetan. Eszenak grabatu bitartean, piano baten soinuaz lagunduta abestu zuten aktoreek, gero post-produkzioan orkestra gehitu dute. Bideoan argi eta garbi azaltzen dute.

19/9/12

'The Best Exotic Marigold Hotel' (2011) - Aktore-taldea



Pelikula batek piztu dezakeen interesari dagokionez badira jarraitzen ditudan zenbait parametro, nagusiak ondokoak: kontatzen den istorioa edo jorratzen duen gaia, pelikularen zuzendaria eta, kasu honetan, aktore-taldea. Edozein proiekturi aurre egiteko kapaz den Britainiar aktore-talde bikaina da pelikula honen protagonista, besteak beste, Tom Wilkinson, Judi Dench, Maggie Smith eta Bill Nighy. Are gehiago, euren presentzia nahikoa da pelikula bati aukera bat emateko.

Errutinarekin apurtzeko Indiara bidaiatzea erabakitzen dute erretirodun batzuek. Zenbait dira "ihesaldiaren" arrazoiak, adibidez: esan bezala errutina, gaixotasuna, erruki sentimendua... Grahamen (Tom Wilkinson) kasuan Indiara bidaiatuko du gaztea zenean bertan bizi izan zuen amodio-istorio baten amaiera tragikoagatik oraindik errudun sentitzen delako. Erruki sentimendu horrek itotzen du. Bere burua bakartzeko gai izan arte ez du bakea lortuko Grahamek. Evelynen (Judi Dench) kasuan, senarraren itzalpean bizi izan den emakumea da. Senarra hiltzen denean, bere bitiza guztiz aldatzeko erabakia hartzen du Evelynek: enplegu bat bilatuko du, teknologia berrietan trebatuko da, bizipenak blog batean partekatuko ditu... India izango da Evelynek dituen helburu berriak gauzatzeko toki perfektua.

9/9/12

'The five-year engagement' (2012) - Donuts-aren teoria



‘Forgetting Sarah Marshall’ (2008) komedian eta ‘The Muppets’ (2011) pelikularen gidoia batera idatzi ostean, Nicholas Stoller zuzendaria eta Jason Segel aktorea berriro bildu dira komedia interesgarri honetan. Komedia erromantiko honen ekoiztea Judd Apatow da.

Urte bat batera daramate Tom (Jason Segel) eta Violetek (Emily Blunt). Bikotekidea pausu bat ematea erabakitzen dute eta ezkontzeko hitza eman dute. Euren erlazioa perfektua izatea nahi dute biek; eztabaidarik gabekoa, non garapen profesionala maitasunerako oztopo ez den. Dena zoragarria dirudi. Egun batean, Michiganeko Unibertsitatean lan egiteko beka bat jasotzen du Violetek, bere ametsa betetzeko aukera. Hori gauzatu ahal izateko, ezkontza atzeratzea erabakitzen dute Violet eta Tomek.

Honaino dena normala dirudi. Zenbait elementu original edo berritzaile ditu pelikulak, generoa bide onetik dabilela agerian utziz, nire ustez. Pixkanaka, eta bazen garaia, komedia erromantiko amerikarra generoaren estereotipoetatik (arrakasta handiago edo txikiagoarekin) aldentzen saiatzen ari da. ‘Bridesmaids’ komediarekin aurrerapauso nabarmena egin zuten, eta orain ‘The five-year engagement’-ekin rolen aldaketa baten alde apustu egiten dute.

3/9/12

'Rocco e i suoi fratelli' (1960) - Simone, Rocco eta Nadia


'Rocco e i suoi fratelli' Luchino Viscontik neorrealismo italiarra deritzonaren baitan egin zuen azken lana da. Rocco, ama eta anairekin batera (Simone, Ciro eta Luca) hegoaldeko herri txiki batetik hirira joaten dira; bertan, Vincenzo zain dute, bost anaien artean nagusia. Aita hil ondoren, semeen bizitza-kalitatea hirian hobeagoa izatea espero du Roccoren amak.

Herritik hirirako emigrazioa, eta aldaketa horrek sortarazten dituen gatazkak neorrealismoan maiz landu zituzten gaiak dira. Pelikulan, hiriko bizitzak anaiengan duen eragina ikusten dugu. 'Rocco e i suoi fratelli' pelikularen ardatz nagusiak bi izango dira: batetik, balioen gatazka; bestetik, Simone, Rocco eta Nadiaren arteko maitasun triangelua.

'Rocco e i suoi fratelli' bost ataletan banatuta dago, anaia bakoitzeko atal bana. Hasieran, pelikula korala izango dela pentsa dezakegu, baina ez da modu horretan garatzen. Guztiek betekizun zehatz bat duten arren, Rocco da pelikularen protagonista.

Ikuslea Roccoren azalean jarri nahi du Viscontik. Horretarako, behin baino gehiago zuzendariak errepikatuko duen mugimendua antzeman dezakegu: Roccoren aurpegira hurbilduko da, horren begiradara. Viscontik nahi duena zera da: ikusleak Roccoren jokaera ulertzea. Melodrama gogorra da, eta, ondoko galdera planteatzen du: hirian, herriko baloreek bal al dute zentzu eta lekurik? Bateragarriak al dira?