Barnabas Collins (Johnny Depp) emakume okerrari bihotza apurtzen dioen gazte aberats bat da. Emakumea sorgin bat da, Angelique Bouchard (Eva Green); eta jeloskor Barnabas banpiro batean bihurtu eta hilobi batean bizirik lurperatuko du zigor gisa. 200 urte inguru pasa ondoren, 1972.urtean konkretuki, Barnabasek hilobitik ihes egitea lortzen du, berarentat guztiz ezezaguna den gizarte batean esnatuz.
Orokorrean pelikula nahiko eskasa edota ahula iruditu zait aspektu desberdinetan: garra gutxi, aktoreen artean kimika eskasa eta une "burtonianoetan" magia gutxi. Pelikulak bisualki itzaletan asmatu egiten duen arren, une argitsuetan huts egiten du. Muturrekoak diren bi garaien arteko konparaketa ez du espero nuen eta seguruenik aurreikusten saiatu diren efektu komikoa lortzen. Gainera, gidoiari dagokionez zenbait hutsune dituela iruditu zait. Adibidez; pelikulak beldurra, komedia eta maitasuna nahasten ditu baina ez du genero zehatz baten alde apostu egiten, hori dela eta pelikulak planteatzen dituen gatazka desberdinak indarra galtzen doaz metrajea aurrera doan heinean. Pertsonaiak ez daude ondo definituta, eta horrek ikuslearen inplikazio emozionala lortzea zailagoa izatea eragiten du.
Amaitzeko, bada pelikuletan elementu bat niretzat garrantzi berezia duena: soinu banda. Tim Burton Danny Elfman-ekin errepikatzen du "Dark Shadows"-en. Kolaborazio honetatik emaitz bikainak lortu dituzte behin baino gehiagotan, hala ere, oraingoan ez hainbeste. Pelikularen soinu bandan 1970ko hamarkadaren abesti bikainak entzun ditzakegu, baina horretara mugatzen dira, hau da, abesti onak dira bai, baina ez diote istorioari ezer berri gaineratzen. Pertsonalki pentsatzen dut edozein soinu bandetan letradun abestiak sartzeko intentzioa badago, hauek zerbait berri gaineratu behar diotela istorioari, letraren bidez zerbait berri adierazi eta ez soilik abestia gustuko duzulako edota ospetsua delako bertan jarri.
Orokorrean pelikula ikuserraza da, Johnny Depp-ek duen karisma ezin daiteke eztabaidatu. Hala ere, faltan botatzen dut Sleepy Hollow edota Edward Scissorhands bezalako pelikulak zuzendu zituen Tim Burton. Esan bezala, argi gutxi hainbeste itzalen artean.
Azpitituluak euskaraz: Dark Shadows (2012)
Azpitituluak euskaraz: Dark Shadows (2012)
No hay comentarios:
Publicar un comentario