15/12/13

'12 years a slave' (2013)


Gizon askea izatetik esklabu izatera


Erlazionatutako edukia: 'Shame' (2011)

'12 years a slave' Steve McQueen zuzendari britainiarrak zuzendutako hirugarren film luzea da. Benetako gertaera batean oinarritzen da istorioa, Solomon Northup (Chiwetel Ejiofor) musikari beltz eta askearen bizitzan konkretuki. Somolon familiarekin bizi da New Yorken eta lan bila dabil. Bi gazte zirku baten parte izatea eskaintzen diote, eurek antolatutako espektakuluaren izarra. Bi ezezagunen proposamen erakargarri hori onartzen du Solomonek. Aukera okerra. Egun hartatik aurrera bere bizitza infernu bat izango delako. Bi ezezagunek Solomonen edarian droga botatzen dute, eta inkontziente dagoela esklabu gisa saltzen dute. Diru apur batengatik Solomoni askatasuna kentzen diote, kondenatzen dute.

11/12/13

'Liberal arts' (2012)


Begirada nostalgiko bat


Erlazionatutako edukia: 'Happythankyoumoreplease' (2010)

 ‘Liberal Arts’ Josh Radnor aktoreak zuzendutako bigarren film luzea dugu. Pelikulak, begirada atzera botatzen du, protagonistaren unibertsitate garaira konkretuki. Jesse (Josh Radnor) literatura maite duen irakasle gazte bat da, artea oro har. Bere “bigarren” irakasle faboritoa erretiratuko da, eta bere omenez antolatu duten ekitaldia dela eta, unibertsitatera bueltatuko da protagonista.

Pelikularen protagonistaren antzera, guztiok bereziki gustatzen zaigun liburu/pelikula/disko bat dugu, berdin du zein den arrazoia. Jesse egunero liburutegira doa, gustukoen duen liburuaren azken hiru orrialdeak irakurtzera. Errutina hori pelikularen amaieran esanguratsuagoa izango da. Esan bezala, pelikulan protagonista unibertsitatera bueltatzen da bisitan. Behin ikasle izandakoak miresmen handiarekin gogoratzen ditu bertan igarotako egunak eta nolabait bere izaeran eragina izan zuten literatura klaseak. Erraz identifika gaitezke bere begirada nostalgikoarekin.

4/12/13

'The hunger games: Catching fire' (2013)


Katniss, sinboloa eta itxaropena


Erlazionatutako edukia: The Hunger Games (2012)

Bigarren atalak beti txarrak direla diote… Ala ez? Kasu gehienetan pelikulen bigarren, hirugarren, laugarren… atalak lehen pelikulak lortutako arrakasta ahalik eta gehien luzatzeko aitzakiarekin egindako pelikulak direla dirudite, formula etengabe errepikatuz. Gero, badira berrikuntza ekartzen duten hainbat kasu, bigarren atala istorioa hobeto garatzeko edota istorio konplexuago bat erakusteko aprobetxatzen duten horiek, hau da, aldez aurretik ikusitakoa ongi osatzen duten horiek. Azkenik, saga literarioen moldaketa zinematografikoak ditugu. Azken kasu honetan liburu bakoitzeko pelikula bana egitea beharrezkoa dela dirudi (nahiz eta askotan liburuak nahi bezala “banatzeko” askatasu guztia hartu, adibidez, liburu bakar batetik bi pelikula eginez nahiz eta guztiz beharrezkoa izan ez: Harry Potter, The Hobbit… eta noski, ‘The Hunger Games’ sagarekin gauza bera egingo dute).

‘The hunger games: Catching fire’ jarraipen ona iruditu zait, jauzi kualitatibo nabarmena egin baitu. Francis Lawrencek Gary Ross ordezkatu du zuzendaritzan, aurrekontu altuago bat izan dute eta ikusizko efektuak askoz hobeagoak dira lehenengo atalarekin konparatuz gero. Bigarren atal honetan istorioa jokoetatik haratago doa. Lehenengo atalak aurpezpen funtzioa betetzen zuen, protagonistak ezagutu genituen eta nahiko argi utzi ziguten zeintzuk ziren onak eta zeintzuk txarrak. Eta nola ez, lehen aldiz “jokoak” ikusi genituen.

27/11/13

'Brief encounter' (1945)


Keinu sinple bat


Erlazionatutako edukia: 'Lawrence of Arabia' (1962)

Bizitza arrunt bat bizi dezakezu, egunero errutina berbera jarraituz: lanera joan, inguruan dituzun horiek zaindu… Gorabeherarik gabeko bizitza bat, non zoriontsu ez izateko aitzakia posiblerik ez dagoen. Baina, zer egingo zenuke, ezkonduta egon arren, beste pertsona batez erakarrita sentitzen bazara?

‘Brief encounter’ zine britaniarraren ale ederra da. David Leanek zuzendutako pelikula da. Pelikularen protagonistak Laura Jesson (Celia Johnson) eta Alec Halvey (Trevor Howard) dira. Laura ezkonduta egon arren, Alec Halveyz doktoreaz maiteminduko da (medikua ezkonduta dago ere). Biek bizitza egonkor bat dute, baina kasualitatez tren geltokiko tabernan topo egingo dute. Bien artean adiskidetasun polit bat sortuko da, baina pixkanaka adiskidetasun hori maitasun istorio debekatu batean bilakatuko da.

21/11/13

'Persona' (1966)


Kontzientzia eta identitatea


Ingmar Bergman zuzendari pertsonala dela esan genezake. Bere pelikuletan zeharka bada ere bere bizitza erakusten digu, berarentzat esanguratsuak izan ziren gertaera biografikoak, modu horretan bere izaera erakutsiz (“autobiografikoa naiz, noski” baieztatu zuen noizbait zuzendari suediarrak).

‘Persona’ pelikula zuzendariak ospitale batetan izandako esperientziarekin lotuta dago. Bergmanek ia sei ordu eman zituen konorterik gabe anestesiaren efektua zela eta. Denbora horretan, Bergman ez zen erreala zena eta ez zena desberdintzeko gai. Existentzia eta existentzia ezaren arteko sentsazio hori, kontzientzia eta kontzientzia ezaren artekoa zoragarria izan zen zuzendariarentzat. Zuzendariak, sentimendu horretan inspiratuta pelikula bikain eta konplexu hau egin zuen.

18/11/13

'Blue Jasmine' (2013)


Jasminen krisia


Erlazionatutako edukia: 'Midnight in Paris'

* Kritikak spoilerrak izan ditzake

Ia urtero bezala, Woody Allen zuzendari eta gidoigileak  pelikula berri bat eskaintzen digu. Egile honen produkzio lana benetan harritzekoa da. Hori bai, beti ez du arrakasta edo kalitate bera lortzen bere istorioetan. Zuzendariak egindako azken lanei dagokionez, ‘Midnight in Paris’ filma ikaragarri gustatu zitzaidan, bere argazki lanaz eta istorio magikoaz. Orain, ‘Blue Jasmine’ pelikulan, zuzendariak maitasun kontuak eta nostalgiak alde batera uzten ditu eta antsietatea, errua, korrupzioa eta gezurra bezalako gaiak lantzen ditu, komedia eta drama nahastuz.

Jasmine (Cate Blanchett) gizarte-maila altuko newyorktar bat da. Ikasketak utzi zituen Halekin (Alec Baldwin) ezkontzeko, enpresari arrakastatsu bat. Senarrak nahi beste kapritxo ematen zizkion emazteari, pozik egon zedin. Jasmine, hala ere, itsututa bizi da (ala errealitatea ez du ikusi nahi?), eta ez die senarrak egiten dituen akordio eta negozio zalantzagarriei kasurik egiten. Bere bizitza ospean, aberastasunean, harrotasunean eta materialismoan oinarritzen da. Egun batetik bestera, Jasminen bizitzak 180 graduko bira emango du eta dituen ondasun guztiak galduko ditu. Zerotik hasi beharko da, baina akatsetatik ikasiko ote du? Ala oraindik ez du hondoa jo?

14/11/13

'Take Shelter' (2011)


Beldurra


Erlazionatutako edukia: 'Mud

‘Mud’ pelikula zineman ikusi nuenean istorioarekin, formarekin eta Jeff Nicholsen zuzendaritza lanarekin harrituta geratu nintzen. Nire interesa piztu zuen zuzendariak, eta bere (gaur arte) filmografia eskasa ikustea erabaki nuen. ‘Take Shelter’ zuzendari estatubatuarrak egindako bigarren pelikula da. Kritikaren laudorioak jaso zituen pelikulak.

Michael Shannon, zuzendariaren aktore fetitxea, Curtis LaForche da: estatubatuar langile arrunt bat. Curtis Ohioko herrixka batean bizi da emaztea (Jessica Chastain) eta alabarekin batera. Curtisek amets gaiztoak izan ditu ia gauero, amets horietan ekaitz beldurgarri baten mehatxua sentitzen du. Hasieran amets bat baino ez dena, amaieran ezinegon sentsazio konstante bat izango da, ezin izango du lorik egin. Curtisentzat ametsak errealak izango balira bezala bizi ditu, mina sentitzen du. Pixkanaka ametsa eta errealitatea nahasten hasiko da. Protagonistak naturan jokabide arraroak ikusiko ditu, beldurra sentituko du. Bere familia babestea lehentasuna duen helburua izango da.


11/11/13

'Kiss me, stupid' (1964)


Rol aldaketa


Erlazionatutako edukia: Billy Wilder - monografikoa

Billy Wilderren filmografiarekin jarraituz, zuzendariaren beste komedietako bat aztertuko dugu: ‘Kiss me, stupid’, baliteke komedia oso ezaguna ez izatea, baina ikustaldi bat merezi du. Erritmo bikaina duen pelikula da, entretenigarria da. Gag komikoak bata bestearen atzetik azaltzen dira, atsedenik eman gabe. Pelikularen protagonistak muturrekoak dira, karikaturatik gertu daudela esan dezakegu arazorik gabe. ‘Kiss me, stupid’ Billy Wilder eta I.A.L Diamond gidoilariaren arteko kolaborazio bat da, eta hori komedia egiteko eran antzeman dezakegu: landutako gidoia eta erritmoa izango dira elementu garrantzitsuenak.

Orville (Ray Walston) piano irakasle bat da, arrakastarik gabeko gizona. Emaztea, Zelda (Felicia Farr), Climax herriko emakumeen artean ederrena da. Orville eguna ematen du piano klaseak eta bere adiskide Barneyrekin (Cliff Osmond) batera abestiak konposatzen. Barney herriko gasolindegiaren arduraduna da. Amets berbera dute biek: eurek konposatutako abesti bat saltzea, eta horri esker arrakasta itzela lortzea. Hamarnaka gutun bidali dizkiete abeslari ospetsuei, baina ez dute inoiz erantzunik jaso. Egun batean, kasualitatez, Dean Martin bera gasolindegian geldituko da autoaren depositua betetzera.

6/11/13

'Incendies' (2010)


Bat gehi bat... bi?



‘Incendies’ kolpatzen zaituen pelikula horietako bat da, bertan ikusitako irudiak eta kontatzen diguten istorio tragikoa ahaztea zaila da. Denis Villeneuve dugu ‘Incendies’ pelikularen zuzendaria. Drama eta intriga nahasten ditu pelikula bikain honetan. Protagonisten bizitzak guztiz aldatuko dituen bidai bat egiten dugu ‘Incendies’en, memorian txertatuta geratuko zaigun bidai bat. Pelikula gogorra, pertsonaia interesgarriekin, eta zuzendaritza lana eta gidoi ona dituena.

Jeanne eta Simon bikiak dira, notario baten eskutik bi gutun jasoko dituzte. Amak azken arnasa gutun horietako testua diktatzen gastatu zuen. Gazteen sorpresarako, hilda zegoela pentsatzen zuten aita eta bere existentziaren berri ez zuten anaia dira gutunen hartzaileak. Beraz, azken desira gisa, gutun horien hartzaileak aurkitzea eskatuko die Jeanne eta Simoni.

4/11/13

'Thor: the dark world' (2013)


Iluntasunaren kontrako borroka


Marvelen unibertsoa, edo ‘The Avengers’-en frankiziak, zinema aretoko pantailak akzioz, abenturaz, entretenimenduz eta komediaz betetzen jarraitzen du. Denontzat ezagunak diren superheroi talde bat: Hulk, Captain America, Iron Man… Batzuk besteak baino erakargarri eta interesgarriagoak, baina batera blockbuster familia handi bat osatzen dutenak. Baliteke kontatzen dituzten abenturetarako superheroi gehiegi izatea; euren abenturek, ia beti, patroi eskema bera jarraitzen dutelako. Hori bai, pelikula hauek lortzen dituzten irabaziak ikusita, hurrengo urteetara begira superheroi pelikula mordo bat izango ditugu ikusgai. Gainera, kasu honetan, ‘The avengers’ pelikularen bigarren atalaren estreinuari begira (2015eko maiatzean), pertsonaiekiko interesa mantentzeko modu on bat da.

Superheroi bakoitzak bere berezitasunak ditu, izaeran zein estetikan; eta hori, pelikulen artean egindako keinu zein erreferentziekin batera, arrakasta izatearen gakoetako bat izan daiteke. Orain, Thoren (Chris Hemsworth) txanda da berriz ere; tximistaren jainkoa ipar mitologian. Ez da gustukoen dudan superheroia, baina ez dago gaizki.

30/10/13

'Grand Piano' (2013)


Huts egindako nota


Jendez gainezka dagoen antzerki bat. Berriz ere hanka sartzeko beldurrez ihes egitear dagoen pianista. Beldur eszenikoa. Mehatxu konstante bat. Nota bakar bat gaizki jotzen badu, bera eta emaztea hilko ditu. Sekretu bat.

Eugenio Mirak zuzendutako ‘Grand Piano’ pelikularen trama dugu hori, sinplea. Egoera mehatxagarri horretatik abiatuta, gatazka hori oinarri gisa hartuz; zuzendariak tentsioa nagusi den atmosfera bat eraikitzen saiatzen da, baina nire ustez arrakasta gutxirekin. Horregatik, ‘Grand Piano’ pelikulak eskaintzen duen “intrigak” edo istorioak, ez nau gehiegi konbentzitu.

Pelikula etxe handi eta zahar batean hasten da, objektu erraldoiez beteta dago, hautsez betetakoak, “macguffinaren” aurkezpena da, gatazka pizteko aitzakiaren aurkezteko unea. Pianoa Tom Selznick (Elijah Wood) pianistaren maisu izandakoarena da. Lehenengo eszena horrek hasierako kredituen osagarri da. Pelikularen kredituak gustatu zaizkidala esan behar dut: pianoaren xehetasun planoak, partehartzaileen izenak figura musikalekin “apainduta” ageri dira; landutako kredituak dira eta nahiko esanguratsuak gainera.

28/10/13

'About time' (2013)


Tim Laken bizitza bitxia


Dena asmatuta dagoen genero bat baldin badago, hori komedia erromantikoaren generoa da. Askotan istorioen amaiera aurreikus dezakegu, horregatik zerbait ezberdina eskaintzea ez da batere erraza. Zaila da betiko “mutiko batek neska bat ezagutzen du, maitemintzen dira eta betirako pozik bizi dira” premisa jarraitzen duten istorioei beste bira bat ematea. Horregatik, ‘About time’ bezalako proposamen batekin topo egitean, egin dezakegun gauza onena istorioaren xarmagatik harrapatzen uztea da, eta bai, ikusitakoarekin harritzea. Irribarre batekin atera nintzen zinema aretotik, eta zentzazio horrek ez du parekorik.

Tim Lake (Domhanall Gleeson) istorioaren protagonista eta narratzailea da. 21 urte bete dituenez, aitak (Bill Nighy) sekretu garrantzitsu bat kontatuko dio: bere familiaren gizonezko guztiek denboran bidaiatzeko gaitasuna dute. Tim sinesgaitz ageri da jasotako informazioaren aurrean, baina probatzea erabakitzen du. Jarraitu beharreko pausuak errazak dira: armairu batean sartu, eta berriro bizi nahi duen une batean pentsatu. Hori bai, mugak dituen dohaina da. Soilik iraganera bidaia dezake. 

24/10/13

'Las brujas de Zugarramurdi' (2013)


Zoramenezko akelarrea


Apurtutako promesak, gizonekiko ezinikusia, emakumeekiko gorrotoa, lapurretak, amodio apur bat, beldurra eta zoramena.. Horiek dira Alex de la Iglesia bilbotarraren azken pelikulak eskaintzen dizkigun zenbait elementu. Zuzendariak Zugarramurdiraino eramaten gaitu, denok ezagutzen dugun inguru magiko eta ilun horretaraino. Bertan, gose diren sorgin batzuk bizi omen dira.

Josek (Hugo Silva) eta Tonyk (Mario Casas) urrea erosten den denda horietako bat lapurtzea erabakitzen dutenean hasten da. Jose bananduta dago, eta semeari ahalik eta bizitza erosoena eskaini nahi dio, baina ez du dirurik. Antzeko zerbait gertatzen zaio Tonyri. Tonyk ez du semerik baina langabezian dago, neskalagunaren itzalpean bizi da, beldur dio. Nahiko traketsak direnez, ez dute hasieran zuten plana guztiz jarraituko, hori dela eta, presaka ihes egin beharko dute. Taxi batean igota, Josek, horren semeak, Tonyk eta Badajozera joan nahi zuen ezusteko bidaiari batek Frantziarako bidea hartuko dute. Baina bidean ez dira bakarrik egongo, Joseren emazte ohia (Macarena Gómez) eta polizia segika dutelako. Iheslariak Zugarramurdiraino ailegatuko dira. Esperientzia ahaztezina biziko dute berton.

22/10/13

'Happythankyoumoreplease' (2010)


Ez gara perfektuak


‘Happythankyoumoreplease’ Josh Radnor aktoreak zuzendutako lehen pelikula da. Izenburu bitxia, ezta? Josh Radnor Ted Mosbyren pertsonaiagatik ezaguna da batez ere (‘How I met your mother’). Kasu honetan pertsonaia hori alde batera uzten saiatzen da, nahiz eta zaila izan. ‘Happythankyoumoreplease’ pelikula nahiko sinplea da, atsegina. Hiru istorio gurutzatzen dira, batzuk besteak baino interesgarriagoak. Modu apur bat behartuan gurutzatuko dira euren istorioak, baina beno.

Radnor pelikularen protagonista da. Sam Wexler da bere pertsonaia. Eleberri bat publikatu nahi duen idazlea da, baina momentuz berak idatzitako istorioek ez dute editorialen interesa pizten. Jasotzen duen kritika zorrotzena bere eleberriaren pertsonaiekin zerikusia du. Dirudienez, Wexlerrek idatzitako pertsonaiak ez daude ongi garatuta eta definituta; hau da, irakurlea pertsonaien alde ala kontra egon behar da?

18/10/13

'Jules et Jim' (1961)


Jules, Catherine eta Jim


Nouvelle vague edo “olatu berria” Frantzian 1960tik aurrera eman zen mugimendu zinematografikoa da. Mugimendu honen partaideek zinema ulertzeko eta ikusteko proposamen berriak egin eta aldarrikatu zituzten. Zinemagile horien artean Jean Luc-Godard, François Truffaut, Eric Rohmer, Jacques Rivette edota Claude Chabrol topa ditzakegu. Euren teoriekin Frantziako zinema hankaz gora jarri zuten. Guztiek zinema ikusten ikasi zuten zinema egiten. Aurrerapen teknologikoei esker, kalera atera ziren euren pelikulak grabatzera, aurrekontu txikiko lanak ziren, zinema komertzialetik urruntzen ziren. “Egileen teoria” defendatu zuten. Zinema klasikoan askotan zuzendariaren figura bigarren maila batean geratzen zen, ekoizlearen itzalean izkutatuta. Nouvelle Vagueko zinemagileekin formari garrantzia handia ematen zioten, “zuzendariaren esku horri”, hau da, zer kontatu garrantzitsua zen, baina baita nola kontatu ere.

‘Jules et Jim’ François Truffaut zuzendutako pelikula da eta Nouvelle Vague mugimendu zinematografikoaren barruan egindako lan garrantzitsuenetako bat da. Jules (Oskar Werner) eta Jim (Henri Serre) banaezinak diren bi lagun dira. Catherine (Jeanne Moreau) ezagutzerakoan biak maiteminduko dira, bere naturaltasunaz. Maitasun hirukote bitxi bat osatuko dute.

14/10/13

'Prisoners' (2013)


Muga zeharkatu ala ez


‘Prisoners’ Denis Villeneuvek zuzendutako thriller da, nahiko ona. Pelikulak ez du promozio gehiegi eduki, urteko azken txanpa honetan “pelikula handien” estreinaldi asko egoten dira, Oscar sarietara begira noski; baina ‘Prisioners’ ez zen zerrenda horietan zegoen pelikuletako bat. Gaur arte. Pelikula gustatu zait, eta hasieratik amaierara arte harrapatu nau.

Bi senar-emazte afaltzeko bildu dira: anekdotak, musika, abestiak… Dena zoragarria dirudi, zoriontasuna nonahi. Gurasoak hizketan dauden bitartean, bikotekideen alabak galdutako txilibitu baten bila doaz. Neskek denbora gehiegi eman dute kanpoan, eta gurasoak kezkatzen hasita daude. Desagertu egin dira. Berehala alaben desagerpena salatuko dute. Loki detektibea (Jake Gyllenhaal) izango da ikerketaren arduraduna.
Pixkanaka, pelikulak dramari eskaintzen dizkion lehen minutuak intrigaz betetako thriller batean bilakatzen doaz, ikuslea guztiz harrapatuz. ‘Prisioners’ konponbide zaila duen labirinto bat aurkezten digu, non akats bakoitzak berriro ikerketaren hasiera eramaten gaituen.

12/10/13

'Lawrence of Arabia' (1962)


T.E. Lawrence ofizialaren eboluzioa


Ondorengo kritikak spoilerrak ditu.

‘Lawrence of Arabia’ pelikulari buruz hitz egiten dugunean, burura etortzen zaigun lehen gauzetako bat bere iraupena da, pelikulak ia lau orduko iraupena baitu. Hori bai, lau ordu horiek (irekiera eta atseden musikalak barne) ez zaizkit astunegiak iruditu, produkzio zinematografiko itzela delako.

David Lean britainiarrak zuzendu zuzen produkzio mardul hau. Pelikulak Thomas Edward Lawrence (Pter O’Toole) ofizial britainiarraren bizitzaren atal bat erakusten du; gidoia “Los siete pilares de la sabiduria” memoria liburuan oinarrituta dago. Ez dakit zenbatekoa den liburuarekiko fideltasuna, sarean irakurri dudanaren arabera Lawrencen izaera pelikulan ageri dena baino barnerakoiagoa zen, baina beno. David Leanek mito bat sortuko du, eta ez hori bakarrik, horren atzean izkutatzen den pertsona aurkeztuko digu ere.

6/10/13

'Gravity' (2013)


Dena galdutzat eman ala borrokatzen jarraitu?


Tentsioa, suspensea, emozioa… hori guztia topa dezakegu ‘Gravity’ pelikulan, 3D formatuan ikustea merezi duen azken esperientzia zinematografikoa. Alfonso Cuaron zuzendari mexikarraren azken pelikula hipnotikoa da zenbait aspektutan. Istorioaren sinpletasunak, era txukun eta berritzaile batean grabatutakoa, hasieratik harrapatzen zaitu.

Ryan Stone doktorea (Sandra Bullock) eta Matt Kowalsky astronauta (George Clooney) istripu larri baten biktima izango dira. Satelite baten suntsiketa dela eta, hondakin ugari solte geratu dira, espazio zabalean sakabanatuta. Abiadura handiz mugitzen diren hondakin horiek protagonisten kontra talka egingo dute. Dena guztiz suntsituta geldituko da. Talka dela eta, NASArekin komunikazioa galdu dute. Bakarrik daude, ezerezean galduta.


5/10/13

'The night of the hunter' (1955)


Maitasuna eta gorrotoaren arteko gatazka


 ‘The night of the hunter’ Charles Laughton aktoreak zuzendu zuen pelikula bakarra dugu. Pelikulak ez zuen arrakasta handirik lortu estreinatu zutenean, hori dela eta, Charles Laughtonek zuzendaritza zinematografikoa alde batera uztea erabaki zuen.

Ben Harperrek banku bat lapurtu du eta bi pertsona hil ditu. 10.000 dolar hartu ditu guztira. Polizia segika du, hori dela eta, urkara kondenatuko dutela aurreikusita, semeen bila joango da. Harperrek lapurtutako dirua emango die semeei, euren etorkizuna oparoagoa izateko. Hala ere, oparotasuna baino, arazoak izango dituzte.

Kartzelan, Harry  Powellekin (Robert Mitchum) partekatzen du gela. Gau batean, erdi lo zegoela, bere familiari utzitako diruaren inguruan hitz egiten du. Powell, dirua eskuratzeko ideiaz erakarrita ezin hobeki dakien plana antolatzen hasten da. Behin aske dagoenean, Harperren alarguna maitemintzen saiatuko da horren ondasunekin geratzeko. Ehiza hasten da.

3/10/13

'Ikiru' (1952)


Bizitzaren balioa


Akira Kurosawak zera esan zuen: “soilik bizitzaren balioaz ohartzen gara heriotza hurbil dagoenean”. Zuzendari japoniarrak ideia hori ‘Ikiru’ pelikulan erakustea erabaki zuen, bizitza eta heriotzaren inguruko erreflexioa egiten duen drama honetan (bizitzaren zentzua, munduan betetzen dugun papera, aztarnak uztearen nahia…). Drama bitalista, baina zenbait aspektutan ezkorra (gizarteari eta klase politikoari dagokionez adibidez, korrupzioa, lan gaitasun eza… eta bestelakoak kritikatzen ditu Kurosawak, besteak beste).

Narratzaile batek pelikularen protagonista aurkezten digu: Kenji Watanabe jauna. Watanabek 25 urte baino gehiago daramatza funtzionario gisa lanean, egun bat ere ez da falta. Medikuak minbizia duela esan dio, bere bizitza itxaropena sei hilabetekoa da. Albiste txar hori jaso ondoren, Watanabek bere bizitza birpasatzen hasten da, bere lorpenak. Baina, zeozer esanguratsu egin ote du? Aipatzea merezi duen zerbait?

1/10/13

'La gran familia española' (2013)


Porrota onartu, garaipena gozatu


Hego Afrikako futbol txapelketako finalaren egun berberean ezkontza bat ospatzea baino ideia txarragorik al dago? Dirudienez, ez. ‘La gran familia española’ Daniel Sánchez Arévalok zuzendutako laugarren film luzea da. Zuzendariaren aurreko pelikulak, neurri handiago ala txikiago batean, gustatzen zaizkit. Horregatik, nahiz eta hasiera batean pelikularen jatorrizko ideiak nire interesa piztu ez, konfiantza boto bat ematea erabaki nuen. Dudarik gabe, merezi du. ‘La gran familia española’ komedia dramatiko ona iruditu zait (gustuko dudan genero bat da).

7 brides for 7 brothers’ musikala erreferentzia gisa hartuta (pelikula pantaila handian ikustea ez du preziorik), familia burua, Hector Colomeren papera, familia handi bat izan nahi du, hori da bere ametsa eta helburua. Musikalean bezala, semeen izenak biblikoak izango dira: Adan (Antonio De la Torre), Benjamin (Roberto Álamno), Caleb (Quim Gutierrez), Daniel (Miquel Fernández) eta Efrain (Patrick Collado). Bost anaiek akats bat direla pentsatzen dute, eta ez dute aitak bizitzan izandako akatsak errepikatu nahi.

29/9/13

'Rush' (2013)


James Hunt eta Niki Laudaren arteko lehia


Ron Howard da ‘Rush’ pelikularen zuzendaria. James Hunt (Chris Hemsworth) eta Niki Lauda (Daniel Brühl) 1 Formulako gidarien lehia da pelikularen oinarri, 1976ko denboraldiko nondik norakoak konkretuki. Lehiakortasunak interesa gaineratzen dio kirolari, ikusle edo jarraitzaile gisa inplikatzen gaitu. Kasu honetan, bi gidarien arteko lehia eta tirabirek istorioa zirraragarria egiten dute.

Bi bizitza, 3 Formulako lasterketetan lehen aldiz topo egin zuten bi karrera. Muturreko izaera duten bi pertsona. Lasterketa bakoitzean heriotza saihestearen ideia erakargarria da bientzat (garai hartan denboraldiko heriotza tasa altua zen). Talka egiten zuten bi pertsona horien arteko lehia epikoa izan zen.

25/9/13

'Unforgiven' (1992)


William Munny, antiheroia?


Westerna, generoaren urrezko garaia nahiko urrun zegoela zirudien Clint Eastwoodek ‘Unforgiven’ pelikula egitea erabaki zuen arte. Eastwoodek generoa nolabait berpiztu zuen, eta ez hori bakarrik, baita generoaren barruan aurki daitezkeen zenbait kontzeptuen inguruan interpretazio berriak aurkeztu zituen. Ikaslea maisu bihurtu da. ‘Unforgiven’ zuzendariaren lan onenetako bat izateaz gain, generoaren lan aipagarrienetako bat da. Esan bezala, ikaragarria, ausarta, ezkorra eta ukitu errealista duen western bat izateaz aparte, zuzendariak zenbait elementuen interpretazioarekin asmatu zuen. Orain heroismoa ez da erakargarria edota miresgarria; hotza da, erruduntasunez beteta, krudela. Beraz, pertsonaiak heroiak baino, kriminalak izango dira.

11/9/13

'Strangers on a train' (1951) - Kristal baten isla



Erlazionatutako edukia: 'Rebecca' (1940)

Tren geltoki bat, hondoan Kapitolioa, bi gizon tren batera igotzear dira. Ez dugu euren aurpegia ikusten, soilik bere zapatak. Gizonetako bat planoan ezkerretik sartzen da, bestea eskuinetik. Indizio guztiek elkar topatuko direla iradokitzen digute. Bien arteko nahigabeko ukitu batek euren bizitza aldatuko duen elkarrizketaren hasiera izango da. Modu horretan hasten da Alfred Hitchcocken ‘Strangers on a train’ pelikula. Hasiera ezin hobea.


9/9/13

'A place beyond the pines' (2012) - Familiaren ondarea


Derek Cianfrance da ‘A place beyon the pines’ pelikularen zuzendaria; pelikula on eta interesgarria, intrigaz eta tentsioz betetakoa. ‘Blue Valentine’ pelikula mardularen zuzendariak berriro Ryan Gosling aktorearekin lan egiten du; hori bai, oraingoan pelikulak distribuzio hobeago bat lortu du (‘Blue Valentine’ pelikularen kasuan pelikularen banaketa lotsagarria izan zen. Izan ere, 2010ean ekoiztutako pelikula, aurten estreinatu dute pantaila handian).

Zuzendariaren hitzetan, ‘A place beyond the pines’ pelikulan norbanakoak munduan uzten duten ondarea da pelikularen abiapuntua, eta orainaldian hartutako erabakiek etorkizunean izango duten eragina zenbatekoa izan daiteke. Pelikulak ia bi ordu eta erdiko iraupena du, eta hiru ataletan banatu dezakegu. Atal bakoitza pertsonaia zehatz batzuetan oinarrituta egongo da.

3/9/13

'Mud' (2012) - Ellis, Neckbone eta Mud misteriotsua


Ondorengo kritikak spoilerrak izan ditzake

‘Mud’ Jeff Nichols zuzendariaren hirugarren film luzea da, baita protagonistaren izena ere. ‘Mud’ pelikulak abentura, drama eta maitasuna nahasten ditu. Tom Sawyerren abenturekin parekatu dute askok, niri ‘Stand by me’ (1986) pelikula etorri zait burura pelikula ikustean. Umeen kuriositatea, inozentziaren galera, apurtutako edo apurtzear dauden familien istorioa, maitasun istorio triste bat… Guzti hori Nicholsen pelikulan ikus dezakegu.

Pelikula honen aitzakia edo “macguffina” zuhaitz batean “harrapatuta” gelditu den txalupa bat da. Nola demontre heldu den txalupa horraino? Ez du axola. Txalupak bi gazteren arreta deituko du: Ellis (Tye Sheridan) eta Neckbone (Jacob Lofland) izeneko gazteena zehazki. “Objektua aurkitu duenarentzat” teoria jarraituz, txalupa euren propietate izendatuko dute. Baina euren sorpresarako, txalupak “jabea” du jada.

2/9/13

'Kick Ass 2' (2013) - Hit Girl eta Kick Ass, borrokarako prest


Kritika honek Kick Ass (2010) pelikularen spoilerrak ditu

2010ean ‘Kick Ass’ pelikula estreinatu zen, Mark Millarren komikiaren moldaketa zinematografikoa. Dave Lizewskiren (Aaron Johnson) nondik norakoak kontatzen dizkigu istorioak, nola egun batetik bestera superheroi bat bihurtzea erabaki zuen (zergatik ez?). Daven ustez, gizartearentzat ez litzateke txarra izango superheroi bat izatea, bere ideia gauzatzeko bizitza arriskuan jarriko du. Sekulako jipoia jasan ondoren eta zenbait ebakuntza gainditu eta gero, Davek sentsibilitatea galduko du (etorkizuneko kolpeak jasotzeko “abantaila” bat). Beraz, mozorro berde eta hori bat jantzita heroi bat balitz bezala jokatuko du. Egun batetik bestera, munduaren arreta deituko du, izar mediatiko bat da orain. Baina berarentzat joko bat baino ez dena, beste batzuentzat seriotasun handiko kontua da.

28/8/13

'Rebecca' (1940) - Last night I dreamt I went to Manderley again


 ‘Last night I dreamt I went to Manderley again…’ esaldi ospetsu horrekin hasten da ‘Rebecca’ film luzea, Alfred Hitchcockek AEBetan zuzendu zuen lehen pelikula. Suspensearen maisuarentzat ‘Rebecca’ pelikula nahiko arrunta zen, bere hitzetan geroago zuzendutako pelikulen estilotik aldenduta zegoen. Hitchcocken ustez, ‘Rebecca’ pelikulan umorea falta zen. Baliteke zuzendariaren gustukoa ez izatea, hori bai, pelikulak denboraren igarotzea primeran jasan duela ezin daiteke ukatu. ‘Rebecca’ drama psikologiko bat dela esan daiteke. Pelikulan jorratzen diren gaien artean, iraganaren pisua eta oroitzapenen garrantzia topa ditzakegu, besteak beste. Pelikula ona, atmosfera ez-eroso bat eraikitzen duena, eta sorpresaz betetakoa.

24/8/13

'The lone ranger' (2013) - Johnny Depp, indiarra


Gero eta ohikoagoa da hype hitza entzutea, pelikula askok sortzen duten sentsazioa baita. Estreinu batekiko interesa edo pelikula zehatz bat ikusteko irrika. Promozio modu itzela da, baina alde negatibo nabari bat du, espektatibak gero eta handiagoak direnean, dezepzioa gero eta handiagoa izango da. Kasu honetan, guztiz kontrakoa gertatu zait. Ez nuen ‘The lone ranger’ ikusteko gogo handirik, bere egunean pelikularen trailerrak nire arreta deitu ez zuelako. Baina, azkenean ikusi dut, eta nire sorpresarako, zenbait hutsune dituen arren, entretenigarria iruditu zait. Ongi pasatu dut pelikula ikusten.

21/8/13

'Zombieland' (2009) - Zombie eta Twinkieak


Zombiez betatako mundu batean gutxi dira bizirautea lortu duten gizakiak. Horien artean Columbus (Jesse Eisenberg) dago: mutiko nahiko asoziala, lotsatia eta oso beldurtia. Columbusek zombien otordu bihurtzea ekiditeko bete beharreko arauak apuntatzen doa. Ez ditugu arau guztiak ezagutzen, baina gutxienez “bizirauteko arauen zerrenda” 32 arauez osatuta dago. Mota guztietako arauak topa ditzakegu bertan, adibidez “Hil eta errematatu” edota “Segurtasun-uhala jar ezazu”.

Columbusen bizitza errutinarioa hankaz gora jarriko da Florida (Woody Harrelson),  “zombie hiltzaileen” trebeen artean trebeena, ezagutzen duenean. Baldintza berriak direla medio, eta beste gizon bitxi bat bere abenturara batu dela kontuan hartuta, Columbusek pixkanaka lehenago aipatutako “bizirauteko arau zerrendaren” arauak moldatzen joango da. Florida ez da izango zombie-hiltzaile familia kurioso honen kide berri bakarra. Bidean, bikoteak Litte Rock (Abigail Breslin) eta Wichitarekin (Emma Stone) topo egingo dutelako. Bi ahizpa borrokalari eta batere inuxenteak, bizirauteko edozer egiteko prest daudenak. Inorengan konfidatu daitekeen usteldutako mundu batean... Bizirautea lortuko ote dute?

11/8/13

'The Seven Year Itch' (1955) - Marilyn Monroe, zinemaren ikono


Erlazionatutako edukia: Billy Wilderren monografikoa

 Aii... zentzura!! 'The seven year itch' pelikularen amaierako muntaketan eragin zuzena izan zuen garaiko zentsurak eta azken emaitza Wilderri ez zitzaion gehiegi gustatu. 50ko hamarkadan zegoen zentsura oraindik zorrotza zen, eta zentsura horrek baldintzatuta, pelikulan ezin zen "adulteriorik" egon. Eszena inozenteena ere, adibidez ohean ahaztutako urkila baten irudia, ausartegia zen zentsoreentzat. Baina, pelikulak zerbait irabaziko luke esplizituagoa izan balitz? Ez dut uste.

Une gatazkatsuenetan sortzaile onen zorroztasuna eta trebetasuna ageri da, eta zentsura saihesteko jokoa hasten da. Billy Wilder ondo aritzen zen joko horretan, maisu eta erreferente ezin hobea zuelako: Ernst Lubitsch zuzendaria (zentsura saihesterako orduan, errege). Zentsuraren kontua alde batera utzita, bazen Wilderren gustukoa ez zen beste gauza bat: Tom Ewell aktorea. Billy Wilderrentzat Walter Matthau zen Richar Shermanen pertsonaia gorpuzteko aktore aproposena, baina Fox ekoiztetxeak pertsonaia hori Tom Ewellentzta izan behar zela inposatu zuen. Hala eta guztiz ere, karisma apur bat falta zitzaion arren, Tom Ewellek ez zuen lan txarra egin. Hori bai, pelikularen izar distiratsuenaren aurrean, Ewellek ez zuen zer egiterik: Marilyn Monroe da pelikularen erregina.


26/7/13

‘Le scaphandre et le papillon’ (2007) – Irudimena, oroitzapenak eta plano subjektiboak


'Le scaphandre et le papillon' Julian Schnabelek zuzendutako pelikula dugu, benetako gertaeretan oinarritutako drama bat. Pelikulak Jean Dominique Baubyren istorioa kontatzen digu, Elle moda aldizkariaren erredaktore nagusia izandako gizonaren istorioa. Enbolia bat izan du, eta guztiz paralizatuta dago. Hala ere, mugiezinik egon arren, ez du komunikatzeko gaitasuna galdu. Jean Dominiquek soilik ezker begia mugi dezake, hori kontuan izanda, komunikatu ahal izateko begien kliskatzean oinarritutako sistema erabiliko du (adibidez, begiak behin kliskatuz gero "bai" esango du, bitan kliskatuta "ez", eta halakoak). 'Le scaphandre et le papillon' gainditze istorio bat du oinarrian. Bere oroitzapen, beldur eta desiratan oinarrituta, liburu bat idaztea erabakitzen duen gizon baten istorioa.

"Begiaren kontua alde batera utzita, badira paralizatuta ez ditudan bi gauza: nire irudimena eta nire memoria. Nire eskafandratik ateratzeko bi irtenbide bakarrak dira". 

18/7/13

'A foreign affair' (1948) - Estatubatuarren bikoiztasun morala


Erlazionatutako edukia: 'Billy Wilderren monografikoa'

'A foreign affair' pelikula Billy Wilderren monografikoari dagokion atal berria da. Ez da zuzendariak egindako lanik aipagarrienetako bat, baina baditu aipatzea merezi duten zenbait kontu. Pelikularen abiapuntua Alemanian jarraitzen duten soldadu estatubatuarren egoera morala aztertzea da. Charles Brackettek eta Billy Wilderrek batera garatu zuten komedia erromantiko (eta pixka bat dramatiko) honen gidoia. Amaierako emaitza ez zen AEBetako ejertzitoaren gustukoa izan. Izan ere, estatubatuarren jokabidea goraipatu ordez, agintari eta soldaduen bikoiztasun morala agerian uzten dute. 

Pelikularen beste oinarrietako bat maitasun istorioa da. Hiru pertsonaia nagusi ditugu: John Pringle (John Lund), AEBetako ejertzitoaren kapitain bat; Erika Von Schluetwoe (Marlene Dietrich), nazia izandako abeslari alemaniarra; eta azkenik Phoebe Frost (Jean Arthur) egoera aztertu behar duen kongresista errepublikanoa. Erika babesteko saiakeran, Pringle kapitainak bi emakumeen sentimenduak manipulatuko ditu.

16/7/13

'Star Trek: Into the darkness' (2013) - Kirk, Spock eta abentura berri bat


Ez naiz inoiz “trekkie” sutsua izan. Ez ditut pelikula zaharrak ikusi ezta telesaila ere. Nire “trekkie” ezagutza ia-ia The Big Bang Theory komedian egiten dituzten erreferentzietara mugatzen da. Horregatik, 2009an aurreiritzirik gabe joan nintzen zinemara, orain trilogia bat izango denaren lehen atala ikustera; eta ikusi nuena, gustatu zitzaidan. Oroitzapen horri eutsita, bigarren pelikula ikusi dut: ‘Star Trek: Into the darkness’. J.J. Abrams zuzendutako pelikula entretenigarria da, erritmo ona du, soinu banda bikaina eta pertsonaia bitxi eta atseginak. Zenbait eszenetan berrikuntza faltan bota dudan arren, atal berri honek akzio pelikula on bat izateko osagai nahikoak biltzen ditu.

10/7/13

'Top Hat' (1935) - Fred Astaire eta Ginger Rogersen dotorezia


Filma musikalei buruz hitz egiten dugunean, konkretuki Hollywoodeko urrezko aroan ekoiztutako horien inguruan (1930-1950 bitartean egindakoak, gutxi gora behera), bada berehala burura etortzen zaigun bikote bat: Fred Astaire eta Ginger Rogers.

Fred Astaire ez zen aktore ala dantzari atletikoena, Ginger Rogers ez zen abeslari onena… baina batera tandem perfektua osatzen zuten. Pantaila handian konplize izateaz aparte, karismaz betetako dantzariak ziren. Dotoreak, klasedunak, estilosoak, pikardia apur bat zuten ere… baina guzti horren gainetik, Fred Astaire eta Ginger Rogersek kimika ikaragarria zuten. Bikotea dantzatzen ikustean primeran pasatzen dugu, nolabait, liluratuta gelditzen gara pantaila aurrean. Xarma berezia zuten.

4/7/13

'Before midnight' (2013) - Jesse eta Célineren trilogiaren amaiera


Jesse eta Céline elkar ezagutu ziren egun hartatik jada hamazortzi urte igaro dira. Ze azkar igarotzen den denbora… Jesse eta Céline dira maitasuna, erlazioak, oro har, bizitzaren nondik norakoak oinarritzat hartzen duen trilogia bikain honen protagonista bakarrak. Richard Linklater dugu hiru pelikulen zuzendaria, eta Ethan Hawke eta Julie Delpy pantaila handia konplizitate eta kimikaz betetzen duten bi aktore protagonistak (euren lana oso ona da). Hawke eta Delpy proiektuan guztiz inplikatu ziren eta bigarren eta hirugarren pelikula honen gidoian parte hartu dute.

‘Before midnight’ pelikularen xarma hobeto ulertzeko eta baloratzeko ezinbestekoa da aurreko bi pelikulak ikusita izatea. Hori dela eta, trilogiaren azken atala baloratzen hasi aurretik, ‘Before sunrise’ eta ‘Before sunset’ pelikulen laburpen txiki bat egitea merezi duela uste dut. Hiru pelikulen egitura, oinarrian, parekoa da: protagonisten arteko etengabeko elkarrizketak eta iraupen luzeko plano finkoak; baina maitasun eta erlazioen inguruan ematen diguten ikuspegia ez da berdina. Beraz, sentitzen dut, baina kritika honek trilogiari buruzko spoilerrak ditu.

30/6/13

'An affair to remember' (1957) - Maitasun istorio ahaztezina


 Erlazionatutako edukia: Leo McCarey - 'Duck Soup' (1933)

Leo McCareyk Cary Grant eta Deborah Kerr aktore karismadunak zuzendu zituen ‘An affair to remember’ drama erromantikoan. Pelikula, Leo McCareyk berak 1939an zuzendutako ‘Love affair’ pelikularen moldaketa da (Irenne Dunne eta Charles Boyer izan ziren orduan pelikularen protagonistak).

Alde batetik Nickie Ferrante (Cary Grant) dugu, bere musaren bila dabilen ospe gabeko margolari bat. Ferrante playboy harroputz bat da, ego handia duena. Ferrantek neska-laguna du. Bestetik Terry McKay (Deborah Kerr) dugu, klub batean lan egiten duen abeslari arrunt bat. Nickieren antzera, Terryk bikotekidea du. Nickie eta Terryren arteko erakarpena euren begiradek bat egiten duten une berean sortzen da.

24/6/13

'Man of Steel' (2013) - Identitate baten bila


Superheroien pelikulak jada ez dira bigarren mailako genero bat, gaur egun publikoaren arreta deitu eta dirutza ikaragarria biltzen duten pelikulak dira. Batman, Spiderman, Ironman, The Avengers, X-Men… komikien azken moldaketa zinematografikoekin hori gertatu da, publikoaren interesa pizten jarraitzen dute, eta eskaria baldin badago, superheroien pelikulek zinema-aretoak betetzen jarraituko dituzte. Hori guztia kontuan hartuta, normala da superheroi ikoniko honen itzulera. ‘Man of steel’ pelikulak osagai guztiak ditu epikoa izateko: Zack Snyder, Christopher Nolan, aktore talde ezin hobea, Zimmer soinu bandaren kargu… Ongi nahastuz gero, arrakasta ziurtatuta. Baina, nire ustez, zerbaitek huts egin du. Beste estreinaldi handi batzuekin gertatu den bezala (‘Prometheus’ekin adibidez), publizitate kanpaina erraldoi eta bikainak amaierako produktuaren kontra egin du.

‘Man of steel’ pelikula ikusita zenbait gauza gustatu zaizkidala esan behar dut, pelikularen aspektu “pertsonalarekin” erlazioa dutenak. Baina badira gustatu ez zaizkidan beste zenbait, adibidez akzio eszenen garapena pelikularen amaierako zatian (errepikakorrak, luzeak eta berrikuntza gutxikoak).

19/6/13

'Changeling' (2008) - Xehetasun pare bat


 'Changeling’ pelikula benetako gertakarietan oinarritzen da eta desagertutako ume baten amaren borroka dugu pelikularen abiapuntu. Clint Eastwood da 20ko hamarkadaren amaieran girotutako istorio honen zuzendaria. ‘Changeling’ pelikulak drama eta intriga generoak nahasten ditu, eta horretaz gain, gezurra, korrupzioa, zoramena eta borroka indibiduala bezalako gaiak lantzen ditu. Drama honetan Clint Eastwood zuzendariaren estiloaren bereizgarri diren zenbait elementu antzeman ditzakegun arren, ez dira nahikoak izan. Hau da, pelikulak ez nau espero nuen bezain beste hunkitu, istorioarekin guztiz konektatu ez dudalako. 
Christine Collinsen (Angelina Jolie) pertsonaiaren garapenak hotz utzi nau. Hala eta guztiz ere, badira izugarri gustatu zaizkidan zenbait elementu formal eta eszena.


5/6/13

'Ace in the hole' (1951) - Sentsazionalismoa eta iritzi publikoa


Erlazionatutako edukia:

“Tell the truth” Albuquerqueko egunkari txiki baten leloa da. Egunkari horren erredakziora Charles Tatum (Kirk Douglas) lan bila joango da. Tatumek kazetaritza sentsazionalista odolean darama; istorio on bat idazteko edozer egiteko prest dagoen kazetaria da. Erredakzioaren leloaren kontra egitea ez dio batere kezkatzen. Printzipio argiak ditu: interes publikoaren arreta deitu behar duen albiste bat sortzerako orduan, etika eta moralarentzat ez dago tokirik.

Bere lan metodoak kolokan jartzen dituztenean, bere albisteak “sentsazionalistak” baino sentimentalak direla defendatzen du Tatumek. Baina egia esanda, bere hitzak sinestea ez da batere erraza. Herrialdeko egunkari garrantzitsuenetatik kaleratu dute, salaketa ugari jaso ditu… Anbizio handiko pertsona harroputz, berekoi eta manipulatzailea da. Eskrupulu gutxiko kazetaria. Esan bezala, Tatumek badaki istorio on bat sortzen, eta are garrantzitsuago, gertaera mota zehatz batzuen aurrean iritzi publikoaren jokaera eta erantzuna nolakoa izango den badaki.

31/5/13

'Ruby Sparks' (2012) - Idaztearen magia

ruby-sparks

Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz

Calvin (Paul Dano) idazle gazte bat da. Bere lehen eleberriarekin izugarrizko arrakasta lortu zuen. Jarraitzaile zein kritiko askorentzat Calvin “literatura jenio” bat da, idazteko dohain bikaina duena. Hala ere, Calvinek adjektibo horren erabilpena ukatzen du. Nolabait, jarraitzaileek (emakumezkoek batez ere), idazlea eta horren bizitza idealizatu egin dute, baina errealitatea ideia horietatik nahiko urrun dago. Calvin blokeatuta bizi den idazlea da, ez daki zer idatzi eta ez du inspirazioa aurkitzen. Eroso eta babestuta sentitzen den toki bakarra bere etxea da. Idazleak ez du neskengan konfiantzen, soilik pertsona arrakastatsua izateagatik “maitatzen” dutela pentsatzen baitu. Inspirazioa galduta, Calvinek ez du irtenbiderik topatzen.

26/5/13

'To be or not to be' (1942) - Lubitschen komedia beltzena


Batzuetan harritzekoa dirudi gaur egun maisu lan gisa onartuta dagoen pelikula batek bere egunean merezi zuen arrakasta lortu ez izana. Hori gertatu zen, “To be or not to be” komedia beltzarekin. Ernst Lubitschek 1941an grabatu zuen pelikula hau eta baliteke mota honetako komedia bat grabatzeko une aproposena ez izatea. Pelikulak nazismoa eta Hitler barregarri uzten zituen. Baina, garai hartan, ikusleek Lubitschen pelikularen mezua gaizki ulertu zuten, eta batzuentzat pelikulak nazismoa baino, erresistentzia polakoa barregarri uzten zuen.

Varsovia, Bigarren Mundu Gerra. Egunero, nahiko ezaguna baina ez ospetsuegia den aktore talde batek, William Shakespearen ‘Hamlet’ antzezten dute. Erregistroz aldatzeko saiakeran, konpainia Hitlerri buruzko antzezlan bat prestatzen ari zen. Zoritxarrez, “arazoak saihesteko” aitzakiarekin, antzezlan hori egitea debekatzen diete.

19/5/13

'The Great Gatsby' (2013) - Jay Gatsby misteriotsua



New York, 20ko hamarkada. Nick Carraway (Tobey Maguire) Wall Street-en lanean hasi berri den gazte bat da, bere helburuen artean “amets amerikarra” betetzea dago. Carraway etxe txiki batean bizi da, hiritik urrun eta justu-justu Gatsburen etxe erraldoiaren ondoan.

Dirudienez, inork ez du Jay Gatsby (Leonardo Dicaprio) ezagutzen. Espia nazia? Hiltzaile bat? Kontrabandista? Gerra heroia? Ugariak dira Gatsby misteriotsu eta aberatsaren pertsona inguratzen duten zurrumurruak. Gatsby festa itzelak antolatzen ditu bere “jauregian”. Bertara hurbiltzen diren gehienek ez dute Gatsby ezagutzen, horregatik Gatsbyren inguruan dugun informazio eskasa ez dakigu egia ala gezurra den. Istorioaren narratzaile eta idazle gisa, Gatsby misteriotsua aurkeztuko digu Carrawayk. Egun batetik bestera, Carraway festaz festa joango da eta inoiz pentsatu ez zuen mundu batean murgilduko da.

9/5/13

'Dans la maison' (2012) - Manipulazio narratiboa



Erlazionatutako edukia: 'Azpitituluak euskaraz'

Germain (Fabrice Luchini) ikasleen idazlanak irakurtzeaz nazkatuta dago… Claudek (Ernst Umhauer) idatzitako idazlanarekin topo egiten duen arte. Claudek idatzitako testua bitxia da, bertan ikasleak bere lagun baten familiari eta etxeari dien miresmena adierazten du. Horretaz aparte, familia horren etxean sartzeko eta familia horren “kide” izateko duen intentzioa agerian uzten du testuetan. Clauden idazlanak “jarraituko du” misteriotsu batekin amaitzen dira, modu horretan itxaropenik ez zuen irakaslearen esperantzak berpiztuz. Kapituluka banatuta dauden idazlanak ikusita, Germainek ikasleari laguntza eskainiko dio: testua era egokian garatzeko gomendioak emango dizkio gazteak duen potentziala garatzeko. Hasieran ariketa hutsal bat baino ez dena, ariketa narratibo hipnotiko eta manipulatzailea bihurtuko da.

Alde batetik, François Ozonen pelikulak errealitate eta fikzioaren arteko joko bat planteatzen du. Bestetik, ikusleek duten/dugun “manipulatzeko prestutasuna” eta behatze nahia kolokan jartzen ditu. Clauden testuen protagonistak pertsona errealetan oinarrituta daude, lagun baten gurasoak dira eta denbora luzez ikuskatzen eman duen etxea horretan sartzea finkatu du helburu gisa. Bere idazlanetan Claude errealitate hori “txukuntzeaz” arduratzen da, zenbait egoeretan gehiegi dramatizatuz. Istorioa, pertsonaiak eta irakurle/ikusleak nahi bezala maneiatzen ditu.

5/5/13

'Laura' (1944) - Laura Hunten erretratua



Laura Hunt (Gene Tierney) bere apartamentuan hilda aurkitu dute, froga guztiek aditzera ematen dutenez hilketa bat izan da. Orain, Mark McPherson (Dana Andrews) detektibeak du hiltzailea aurkitzeko ardura. Hilketaren arrazoiak zeintzuk izan ziren ikertu behar ditu McPhersonek, horretarako Lauraren ezagunak eta errudun posibleak ikertuko ditu. Lauraren ezagunek egindako adierazpenen bitartez, biktimaren erretratua eraikitzen hasiko da eta ia konturatu gabe, McPherson “Lauraren mamuak” sortzen dion desiraz harrapatuta geratzen da.

‘Laura’ Otto Premingerrek zuzendu zuen. Zuzendariak zine beltzaren narratiba hartzen du oinarri gisa, baina melodrama, misterioa eta intriga gaineratzen dizkio emaitza bitxia lortuz. Ispiluak, itzalak, erretratuak, desleialtasunak, desira, misterioa, hilketak, off ahots apur bat, ideia batez maitemindutako detektibea, desengainua… Otto Premingerren ‘Laura’ pelikulak generoaren ohiko elementu nahikoak biltzen ditu, eta horiek istorioaz gozatzeko nahikoak dira.