9/6/12

'Winter's Bone' (2010) - Zer kontatu, zer ezkutatu

Ree 17 urteko neska da, Missouritik hurbil dagoen zonalde batean bizi dena. Bere ama gaixorik dago, eta aita kartzelan. Egoera latz horri aurre egiteko Ree bere familiaren buru bihurtuko da, ehizatzen ikasiko du, eguna igaroko du egurra mozten... Goiz batean egoerak txarrera egingo du, sheriffa etxeko atea joka agertzen denean. Ree-ren aita, baldintzapeko askatasuna lortu bezain pronto, desagertu egin da. Honek berme gisa etxea eta inguruko eremua utzi zuen. Reek bere aita laster aurkitzen ez badu, bera eta bere familiak duten guztia galduko dute.

Reek aurrera eramango duen bilaketa atmosfera eraginkor batez lagunduta dago. Bere aitaren desagerpenaren arrazoi posibleen berri dugun heinean, atmosfera gero eta ilunago eta kezkagarriagoa bihurtzen doa. Zuzendariak informazio kantitatea ondo banatu egin du pelikulan zehar. Inguruko jendeak ez dio inoiz dakien guztia Reeri kontatzen, egia ezkutatzen diote. Zuzendariak ondo kalkulatu du zein informazio eman eta zein gorde. Erabaki honek helburu bakar bat du, ikuslearen interesa mantentzea, eta zenbaitetan hau nahastea ere. Lortzen du.

Pertsonai batzuek izaera zalantzagarria dute, etengabe daude ongia eta gaizkiaren arteko muga zeharkatzen. Winter's Bone intriga eta drama nahasten dituen pelikula dugu. Honetan ez dago presarako tokirik. Akzioek euren denbora hartzen dute, pelikulari erritmo geldo baina konstantea emanez, ez da narrazio astuna. Jennifer Lawrencek lan ona egiten du, Oscarretarako izendapen bat lortu zuen eta 'Gosearen Jolasen' protagonista bihurtu aurretik, emakume sendo, independente, ausarta eta biziraulea izan zitekeela erakutsi zuen.

Azpitituluak euskaraz: 'Winter's Bone'



No hay comentarios:

Publicar un comentario