2/6/12

'Snow White and The Huntsman' (2012) - Korri, Edurnezuri, korri!


(!) Oscar sariak 2013: bi izendapen lortu ditu 'Snow White and The Huntsman' pelikulak: Jantzi onenak eta Ikusizko efektu onenak.

Edurnezuriren inguruko istorioak modan daude gaur egun, bai zine bai telebistan ere. Amerikan egindako bi produkzioetatik, 'Mirror, mirror' eta 'Snow White and The Huntsman', azken hau ikustea erabaki nuen. Grimm anaiek idatzitako ipuina guztiontzat ezaguna da, pelikula honetan epikotasunaren alde egitea erabaki dute, Edurnezuri heroi batean bihurtuz, gizonen beharrik ez duen emakume borrokalari gisa erakutsiz.



Charlize Theron amaorde maltzurraren rolean, Kristen Stewart Edurnezuriren paperean eta Chris Hemsworth ehiztari gisa. Hiru pertsonai hauen inguruan eraikitzen da abenturazko pelikula honen trama. Pelikulak ipuin klasiko baten egitura hartzen du hasieran (narratzaile baten off ahotsa eta guzti); gero pixkanaka Disney faktoriaren fantasiara hurbiltzen doa; azkenean, epikotasunaren eta maitasun triangelu posible baten alde apustu egiteko.

Hiru pertsonai nagusiek (amaordea, ehiztaria eta Edurnezurik) komunean elementu bat dute. Hirurek itxi gabeko zauri bat dute, karga batean bilakatu den iragan bat: betiereko edertasuna lortzearen presio eta nahia, maitatutako pertsona bat galdu izanaren errudun sentimendua eta norbanakoarentzat legitimoa den hori berreskuratzearen beharra. Elementu hauek oinarrizkoak izango dira pertsonai hauen ekintzen zergatiak ulertzeari begira.

Pelikularen elementu indartsuena, nire ustez, estetika da. Amaordearen iluntasuna, Edurnezuriren argi eta araztasunaren aurka. Heriotza bizitzaren kontra. Charlize Theronen lana oso ona da amaorde gisa, honen begiradek zoramena islatzen dute era bikainean. Gustatu zaizkit aurpegi ezagunez betetako zazpi ipotxak, eta  espero ez nuen elementu bat ere, Chris Hemsworth ehiztari gisa. Agertzen diren pertsonai desberdinen artean ehiztariaren rola baliteke hobeto definituta dagoena izatea. Hau da, honen ekintzak baldintzatzen edo motibatzen dituzten arrazoien berri dugu, adibidez, Edurnezuri laguntzeko oinarrian dagoen benetako arrazoia zein den. Sinesgarriak, edo gutxienez ulergarria da honen jokabidea.


Edurnezuri heroi epiko gisa da guztiz konbentzitu ez nauen elementua, edo hobeto esanda, Kristen Stewart. Indarra falta zaio Joan d'Arc-en isla izateko helburuarekin jaio zen Edurnezuriren bertsio berri honi. Borrokalaria da bai, baina intentsitatea falta zaio, bai interpretazioan bai honen gatazkaren garapenean ere. Pelikula benetan epikoa den atalera ailegatu arte, ibilbide luzeegi eta geldo bat egiten dugu Edurnezurirekin batera. Hori da, nire ustez, pelikularen ahulezia nagusia. Hastea kostatzen zaio, metrajea aurrera egin ahala erritmoa irabazten doan arren, epikotasuna berandu ailegatzen da. Hala ere, pelikula ez dago gaizki, entretenitzea lortzen duelako.

Azpitituluak euskaraz: Snow White and The Huntsman

No hay comentarios:

Publicar un comentario