10/2/14

'Nebraska' (2013)



Zauriak ixten

Erlazionatutako edukia: 'The descendants' (2011)

Alexander Paynen azken lana espero nuen baino gehiago gustatu zait. Woody Grant (Bruce Dern) dugu ‘Nebraska’ren protagonista nagusia. Milioi dolar bat irabazi duela uste du eta Nebraskaraino joango da saria kobratzera, horretarako etxetik ihes egin behar badu ere. Dementzia sintoma horiek, saria jasotzeko bidaiarekin batera Grant eta semearen arteko harreman korapilatsua erakusteko eta ezagutzeko aitzakia perfektuak izango dira.

Woodyren herrian ez da ezer interesgarririk gertatzen. David (Will Forte) musika-ekipoak saltzen lan egiten du, bikotekidearekin apurtu berri du eta galtzaile bat izatetik oso gertu dago (anaia kontran, gizon nahiko arrakastatsua da). Davidek aitaren “jokoa”, “ilusioa” jarraitzea erabaki du eta Nebraskaraino joango da berarekin.


Alexander Paynek sentimentalismorik gabe grabatu du istorioa. Egunerokotasuna, errutina eta pertsonaia nagusien izaerak dira pelikularen indarguneak. Esaten dioten guztia sinesten du Woodyk, eta beti besteak laguntzeko prest dago. Woody ez da aitarik onena izan, ezta senarrik onena ere. Gainera alkoholismo arazoak ditu.

‘Nebraska’ hitz gutxiko pelikula da, apaindutako diskurtsorik gabekoa. Esan bezala, kontatzen duen istorioa gazi-gozoa da, baikorra eta tristea aldi berean, polita orokorrean. Paynek era bikainean maneiatzen ditu isiluneak eta egoera ez-erosoak. Woodyren “lagunek” eta senideek albiste onaren berri dutenean ahaztuta ziruditen zorrak ordaintzen diote. Faltsutasuna da nagusi.


Woody Grantek beti aurrera egiten du bere helburua lortzeko oinez ala autoz, berdin dio. Oztopoak nola edo hala gaindituko ditu bere familiari esker. Beti aurrera, atzera begiratu gabe. Grantentzat zerbait irabazi izanaren sentsazioa paregabea da, pozik dago jaso duen sariagatik. Emaztearekin maitasun-gorroto erlazio “zoragarri” bat du, emaztearen pertsonaiak pelikulari espero ez nuen ukitu komikoa gaineratzen dio.

‘Nebraskak’ ez du diskurtsoen beharrik, hitzek baino askoz gehiago adierazten duten begiradak ditugulako. Adibidez, amaierako eszena batean: Woody semeari begira dago harrituta, eskertuta bizi duten “abenturagatik”. Davidek gero begirada bueltatzen dio, irribarre erdi batekin. Pelikulak ilusioarekin nola jokatzen duen ere gustatu zait, protagonistaren ilusioa eta itxaropena kutsagarria da.


Pelikularen argazkia, pertsonaia bitxiak batzuk maitagarriak besteak guztiz gorrotagarriak, gidoia eta istorioaren garapena… Horiek dira harrapatu nauten hainbat elementu. Zauriak ixteko bidai bat. ‘Nebraska’ gainera, une komiko nahiko onak ditu, batzuk itzelak. Komedia dramatiko oso ona iruditu zait. Gomendagarria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario