18/11/12

'Skyfall' (2012) - Zauritutako heroia


(!) Oscar sariak 2013: 5 izendapen lortu ditu 'Skyfall' pelikulak: Argazkigintza onena, Soinu banda onena, Abesti onena, Soinu onena eta Soinu efektu  onenak.

Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz

Ondorengo kritikak spoilerrak izan ditzake

James Bonden pelikulek 50 urte betetzen dituzte aurten, eta urteurrena ospatzeko, Ian Flemingek idatzitako istorioetan oinarritutako espioiaren inguruko pelikula berria estreinatu dute: Skyfall. Bond agentearen hogeita hirugarren pelikula zuzentzeko ardura Sam Mendesek hartu du. Protagonista Daniel Craig aktore ingelesa dugu berriro ere (James Bond agentea gorpuzten duen hirugarren pelikula da hau).

Skyfall pelikulan zauritutako heroiaren definizio berriarekin topo egiten dugu, Christopher Nolanek zuzendutako Batmanen trilogiaren influentzia agerian utziz. ‘Skyfall’en James Bond, eraldatu eta berpiztu batekin topo egiten dugu. 'Skyfall' espioiari buruzko pelikulen artean zirraragarrienetako bat da, baita hunkigarrienetako bat ere. ‘Bond, James Bond’ jaunaren arerio nagusiena bera izango da. Ondo zuzendutako pelikula da, aktoreen lana ona da eta generoaren zaleentzat gomendagarria da oso.

Porrot egindako misio batean, Eve agenteak (Naomie Harris) Bond tirokatzen du, nahigabe. Bond hiltzat ematen du MI6ak, baina oker dago. Gaur egun ez dago Bond akatzeko gaitasuna duen inork. Bond beraz “berpiztu” egingo da, baina oraingoan bere itzulera ez da batere erraza izango. Zaurituta dago, ahul, nekatuta… Zaharregia ote?

Skyfallek planteatzen duen istorioa aurreko ataletan ikusitakoak baino ilun eta gizatiarragoa dela esan daiteke. Bonden iragana eta jatorriaren berri dugu oraingoan. Bestetik, M (Judi Dench) MI6ren kontrola galtzeko zorian egongo da. Skyfallen M eta Bonden arteko maitasun-gorroto erlazioa hobeto ulertuko dugu. 


Bulldog ingelesa

Nolabait, bere izaera berriro eraiki beharko du James Bondek. Skyfalleko Bondek zalantzak ditu, fokatu gabe dago, distortsionatuta ikusten dugu hasieran, estralurtar bat bailitzan. Ez-ohiko James Bond batekin topo egiten dugu. Oraingoan, erabakiak hartzerako orduan maila emozionalean duen inplikazioa edozeren gainetik egongo da, hau da, inplikazio emozionalak emango dizkio aurrera egiteko behar dituen indarrak, min fisikoa alde batera utziz. Bond bulldog ingeles bat da, azkarra da, baina burugogorra ere. Gutxitan egiten die aginduei kasu, baina nahi duen horren eta horiengatik borrokatuko du. Kasu honetan, bere noizbehinkako “maitasun-abenturak” bigarren maila batean geratzen dira.



Arerioa, etxean

Harrapatzeko gaizkile zailena, egingo dituzun ekintza guztiak aurreikusteko gai den hori da, “Jainkoa” izatera jokatzen duena eta gizartearen hariak maneiatzen dituena, “klik” bakar batekin kaosa inposatzeko kapazitatea eta baliabideak dituena: hori da Silva (Javier Bardem). MI6 zerbitzuaren agente ohia. Silva M-ek traizionatu zuela pentsatzen du. MI6aren sekretu eta bekatu guztiak ezagutzen ditu Silvak. Mendekua bilatzen du, MI6ko saguak desagerrarazi nahi ditu eta bere zerrendaren lehen postuan M dago. Bilau bikaina da, The Jokerren zoramen eta urduritasuna Hannibal Lecterren zehaztasun eta inteligentziarekin nahastuta. Javier Bardem, bikain.

Pelikulan errealitatea gero eta ilunagoa dela dio M-ek, eta hala da Skyfall. Borrokak argi eta itzalen artean kokatzen dira (Shanghain kokatzen dena hipnotikoa iruditu zait). Iluntasun horren ondorioz, Bond galtzen dugu, hau da, ez dakigu bera den kolpea eman ala kolpea jasotzen duena, bere identitatea oraindik "galduta" dagoelako.

Skyfall pelikula gustatu zait, baliteke ‘Casino Royale’ baino gutxiago, baina ‘Quantum of Solace’ baino askoz gehiago. Daniel Craig Bonden rolean ikusi nuen lehen aldian konbentzitu ninduen. Craigen Bond dotorea, ausarta, serioa, burugogorra, jatorra eta zenbaitetan sentimentala da. Osoa. Sean Connery beti izango da erreferentea, baina nire ustez, Craig horren segidan doa.

Hasierako kredituak eta Adele

Burura etortzen zaizkit Bonden azken pelikulen hasierako kredituak eta benetan bikainak direla pentsatzen dut. Oraingoan berdin gertatzen da, hasierako kredituak Adelek idatzitako eta abestutako abestiarekin lagunduta, miresgarriak dira. Pelikularen zenbait nondik norako aurreikusten dizkigute kredituek, eta estetika eta muntaia oso eraginkorra dela pentsatzen dut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario