(!) Oscar sariak 2013: Izendapen bat lortu du 'The Impossible' pelikulak: Emakumezko aktore onena (Naomi Watts)
Pelikula estreinatu zutenean sare sozial nagusietan tendentzia bihurtu zen; egunero pelikularen kritika onak irakurtzeko aukera genuen Twitterren, publikoaren iritziak, publikoaren zorabioak, pelikula hasi eta ordu erdira zine-aretoa utzi zuen jendearen iruzkinak…
Kritikaren eta publikoaren harrera ona ikusi ondoren, pelikula itzela izateko aukera handiak zirela pentsatu nuen, eta hori, beti arazo bat izan ohi da. ‘The Impossible’k izan duen marketin kanpaina itzela izan da, eta ekoizle askok desiratzen duten gauza bat lortu du pelikulak: ahoz ahozko publizitatea.
Juan Antonio
Bayonak zuzendutako pelikula hondamendi eta biziraupen istorio ona da, kalitatezko
produkzio handia. Kontrolaezina den naturak ikusleak beldurtzen ditu. Benetako
gertaeretan oinarritutako istorioa da, hori dela eta, ikuslearen inplikazioa ez
da berdina izango istorioaren amaiera ezagutzen badu (pelikulak eraginkortasuna
gal dezake benetako istorioa ezagutuz gero).
Maria eta Henry,
hiru semeekin batera, Tailandiara joan dira Gabonak igarotzera. Hotel dotore
batean daude, lasai; tsunami batek dena suntsitzen duen arte. Familia
bi taldeetan banatuko da. Batetik, Maria eta Lucas ditugu, bestetik Henry eta
bi seme txikiak. Hondamendi horretatik bizirik ateratzeko borrokatu egingo du
familiak. Familia protagonistak bizitzen ari den agonia sentituko du ikusleak.
Hasierako
partean, Bayonak era txukunean erabiltzen ditu suspense elementuak. Itsasoa da
arerioa, eta pelikulan zehar ideia hori indartu egiten du soinu eta isiluneen
bitartez.
Pelikula
desatsegina, agonikoa, hunkigarria… Pertsonaiak elkar ikusi gabe gurutzatzen
direnean sortzen den tentsioa ikaragarria da. Beldurra era desberdinean
sentituko du pertsonai bakoitzak. Hala ere, ez nago oso ziur zergatik, pelikulan, nire iritziz, zerbaitek huts egiten du.
Hunkitu nau, bai,
baina badira pelikula asko “tramankulu” gutxiagorekin gehiago hunkitu nautena.
Soinu banda une askotan soberan dagoela uste dut, hau da, egoera nahiko
tragikoa da eta horri biolinak gehitzea gehiegizkoa iruditu zait. Soinu bandak
ez dio pelikularen sinesgarritasunari mesede egiten.
Aktorei dagokienez,
Tom Holland gaztea pelikularen jaun ta jabea dela esan behar dut. Hollanden
pertsonaiak, Lucas, garapen handiena duena da, gertakizunak direla eta,
bat-batean heldu bihurtzen da. Gainera, determinazio gehien duen pertsonaia
dela uste dut. Ausartena. Pelikularen protagonista.
Esan bezala,
pelikula ona da teknikoki, baina zerbait gehiago espero nuen.
Nire ustez filmak duena komertzialegia dela. Liluratzeko egina dago, lortu duen arrakasta marketing estrategia bat du atzetik, hori uste dut nik.
ResponderEliminarHori da! Ados nago diozunarekin.
EliminarGabon, gaur ikusi dut filma eta zure blogera sartu naiz ikusteko zerbait idatzi zenuen honi buruz. :-D
ResponderEliminarDirua eta baliabide aunitzekin erraz eragiten da negarra. Film honek ez du huts egiten horretan. Niri nahiko bortitza iruditu zait, bereziki irudia eta soinu intrusibo horren uztarketan.
Iduritzen zait obra batek 'Ideia poetiko' bat edo mezu bat eduki behar duela... Filman ez ditut atzeman. Sentimenduak bai, hor dira, eta aitortzen dut behin baino gehiagotan etorri zaizkidala malkoak... baina 'Ideiarik' ez...
Bat nator diozunarekin. Pelikulak ikuslea hunkitzea bilatzen du eta erraza da ikusitako irudi bortitzekin hori lortzea, baina oinarrian dagoen istorioa... ez dakit indarra falta zaion, edota pertsonaien garapen hobeago bat... Narrazio indartsuago bat espero nuen, ez istorio hunkigarri hutsa.
EliminarEskerrik asko bisitagatik!! ;)