5/12/12

'Life of Pi' (2012) - Pi eta Richard Parkerren abentura



Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz

Narratutako bizitza bat, detaile ugarirekin apaindutakoa, errealitate hutsa baino hunkigarriagoa izan daiteke. Gure esku dago zein bertsio sinetsi, erreala ala fikziozkoa. Life of Pi pelikulan eztabaida horrekin topo egiten dugu, ez da errealitate eta fikzioaren arteko harremana zalantzan jartzen duen lehen pelikula, baina kasu honetan, pelikularen mezua espiritualagoa da. Life of Pi pelikulan, Jainkoa nola ezagutu zuen kontatzen digu Pik.

Pelikula moldaketa bat da eta liburua irakurri ez dudala esan behar dut. Hori dela eta pelikularen kritika egiterakoan soilik pelikulan ikusitakoan oinarrituko naiz (amaiera aldatu omen dute). Life of Pi pelikularen zuzendaria Ang Lee da. Honen filmografian era askotariko pelikulak topa ditzakegu: Sense and Sensibility, Brokeback Mountain edo Croching Tiger, Hidden Dragon, besteak beste. Kritikak spoilerrak ditu.


Munduan duen tokia edo bete behar duen papera zein den jakin nahi du Pi gazteak, hori dela eta zenbait erlijio “frogatzen” ikusten dugu pelikularen hasieran (hindu-katoliko-musulmana da pelikularen protagonista). Pi gaztearentzat gizaki ororen gainetik dagoen eta norbanakoaren patua maneia dezakeen izate baten existentzia posiblea gauza liluragarria da. Hala ere, debozio erlijiosoa baino garrantzitsuagoa, zerbaitengan fedea izatearen ekintza bera da, bizirauteko ideia bati sendo heltzea.

Piren aita zoo baten jabea da. Zooak ez ditu behar bezain beste etekin sortzen, hori dela eta Kanadara mugituko da familia eta bertan animalia guztiak salduko dituzte. Bidaian, ekaitz gogor baten ondorioz itsasontzia hondoratuko da. Pi gaztea bizirik irtengo da, baina salbamendu-txalupan espero ez zuen gonbidatu batekin topo egingo du: Richard Parkerrekin, tigre basati eder bat. Gizakia eta animalia Ozeano Barean galduta geratuko dira, norabiderik gabe. Bien erlazioaren garapena pelikularen atal zentralari dagokio. Pelikularen punturik indartsuena dugu hori. Bizirauteko, tigrearekin “elkarbizitzen” ikasi behar du Pik. Atal hau, pixka bat geldoa izan daitekeen arren, irudien aldetik oso boteretsua da.

Piren garapena: burua, bihotza eta Richard Parkerren begirada

Bidaian aita eta amarengatik ikasitakoa praktikan jarri beharko du Pik. Ama eta aitak errealitatea ulertzeko modu desberdinen isla dira. Alde batetik, aitak garrantzia handiagoa ematen dio arrazoiari sentimenduei baino. Bestetik, amak, sentimenduen alde egiten du, azaldu ezin daitekeen horren alde, fedea eta bihotzak esaten dizunaren arabera jokatzea defendatzen du Piren amak.

Indibiduo oro bizirik irauteko senaren inguruan hitz egiten digu Piren narrazioak. Horretaz gain, Pirentzat, hondoratzetik bizirik atera izana “norbaitek” edo "zerbaitek" horrela nahi izan duelako posible izan da. Pik bere burua Richard Parker tigrean islatuta ikusiko du eta izate bakar bat bailitzan jokatuko dute.

Pik bere iragana alde batera utzi beharko du, familia galtzeak eragindako mina gainditu behar du, eta garrantzitsuena, bere erruki sentimendua desagerrarazi beharko du. Nire ustez gizakia eta animaliaren arteko identifikazioa definitzeari begira badago pelikula giltzarria den eszena bat, tigrea eta gizakiak, lehen aldiz, gauza bera ikusten duten unea.


Ozeanoa argiz, kolorez eta magiaz betetzen den gau batean, Richard Parker tigreak ozeanoaren hondora begiratzen du, adi, liluratuta. Ozeanoak ezkutatzen dituen altxorrak ikusten ditu, itsasoaren hondora ailegatuko gara une horretan, hondoratutako itsasontzia ikusi arte. Tigrea gizakia bezain kuriosoa da. Ontzira bueltatzen garenean, ez dugu Richard Parkerren begirada topatzen, Piren begirada baizik. Trantsizio bikaina eta Pi eta tigrearen arteko erlazioaren garapena erakusteko oso eraginkorra. Gainera ozeanoaren hondora egindako bidai horrekin, Pik erruki sentimendua “hondoratu” behar duela defendatzen du Ang Leek.

Pelikulan zehar, Ang Leek ikuslearen “fedea” kolokan jarriko du Ang Leek. Behin Pi narrazioan sartuta, bere jokoaren parte garenean, bere abentura sinetsi dugunean, narrazioaren sinesgarritasuna zalantzan jartzen dituzten elementu berriak agertzen dira.

Amaiera: egia ote da Pik kontatzen diguna?

Piren narrazioa errealitate eta fikzioaren edo fabularen mugan kokatzen da: zergatik sinetsi bere istorioa? Mota honetako planteamenduetan, gehienetan, pertsonaiaren bertsioaren alde egiten dut.

Richard Parker eta Pi banatzen diren unean, tigreak ez du atzera begiratzen, aurrera egiten du. Pik ez du ulertzen zergatik bere lagunak ez dion “agur” esan. Richard Parkerren antzera, Pik aurrera begiratu behar du, itsasontzia alde batera utzi behar du, bere arimaren hondoan gordeta utzi eta aurrera jarraitu. Patuak sekulakoak pasarazi dizkio, baina “norbaitek” bera bizirautea nahi izan du.

Behin zibilizaziora ailegatuta, asegurukoei guri kontatu digun istorio bera kontatzen die, baina ez dute hitz bat  sinesten. Egia kontatzeko esaten diote, benetan gertatu zena azaltzeko. Hori da zuzendariak erakutsi digun istorioaren sinesgarritasuna zalantzan jartzen duen beste uneetako bat. Berriz ere entzuten dugu Piren istorioa, laburtuta noski, baina kasu honetan, animalien ordez, pertsonak ditugu. Koherentzia berberarekin narratzen du Pik istorioa. Baina kontatzen duena magia galdu du eta askoz krudelagoa da.


Bi narrazio biziraupen ekintza bakar baterako. Galdera: zein nahiago duzu, arrazoia ala magia?

Life of Pi fabula eder bat da, indar handiko irudiak dituena. Pelikula ikusgarria iruditu zait, badira zenbait une non itsasoa eta zerua “fusionatzen” diren, non mugarik ez dagoen soilik Pi, Richard Parker eta ontzia existitzen dira. Mugarik gabeko unibertso bat sortzen du Ang Leek.

Esan bezala, zuzendariak istorioaren sinesgarritasuna mugara eramaten du eta norberaren esku dago Piren abentura sinestea ala ez (Piren istorioa idatzi nahi duen kanadiar gaztearen pertsonaia da gure ordezkaria fikzioan) . Oso gomendagarria.

Erlazionatutako edukia: 'Crouching Tiger, Hidden Dragon' - Borroka komunikazio bide gisa

No hay comentarios:

Publicar un comentario