19/12/12

'The Hobbit: An unexpected journey' (2012) - Trilogia berri baten hasiera




(!) Oscar sariak 2013: hiru izendapen lortu ditu 'The Hobbit' pelikulak: Zuzendaritza artistikoa, Makilaje onena eta Ikusizko efektu onenak.

Bederatzi urte luze igaro dira ‘The Lord of The Rings: The Return of the King’ estreinatu zutenetik, eta orain ‘The Hobbit’ pelikularen eskutik J.R.R. Tolkienen unibertsora bueltatzeko unea heldu da. Peter Jacksonek zuzendutako The Lord of The Rings trilogia benetan bikaina dela pentsatzen dut, beraz gogo handiak nituen ‘The Hobbit’ liburuaren moldaketa zinematografikoa ikusteko. Moldaketak hiru atal izango ditu, gehiegi nire ustez, baina beno. Ongi etorriak izan daitezela hiru pelikulak!

Bilbo Baggins lasai eta eroso bizi da bere etxe dotorean, espero ez duen bisita batek bere errutina hankaz gora jartzen duen arte. Ia konturatu gabe, Bilbo bizitzan izandako abentura eta bidaia zirraragarrienaren parte bilakatuko da. Gandalf,  Thorin eta beste hamabi nanoekin batera (Dori, Nori, Ori, Gloin, Kili, Fili, Bofur, Bifun, Balin, Dwalin, Bombur) Bilbo “misio” berezi baten parte bihurtuko da: Erebor berreskuratu beharko dute. Smaug dragoiak Erebor bereganatu zuen eta bertan bizi ziren nanoak bertatik bota zituen. Orain, Thorinek, tokiaren lider eta oinordeko bezala, legitimoki berea dena berreskuratzeko ordua dela erabaki du.

Lehenengo entrega honek helburu bat du: pertsonaia nagusiak aurkeztea eta bidaiaren helburua zein den azaltzea. Detailez betetako pelikula dela uste dut, nire interesa erraz irabazi du istorioak, agian Tolkienen mundura bueltatzeko gogoak nituelako. The Lord of The Rings trilogiarekin konparatzeak ez du merezi, berez, The Hobbiten estiloa edo tonua berbera ez delako. Oraingoan istorioaren oinarria ipuinetik hurbilago dago, eta umore kutsua nabarmenagoa da.




Pelikularen hasieran Thorin pertsonaiaren istorioa azaltzen digute, Erebor zergatik galdu zuen konkretuki. Une horren formak hala ere zorabiatu egin nau kamera mugimenduak arinegi doazelako eta erakusten dizkiguten eremu eta paisaia berriak ongi ikusi ezin daitezkeelako.  Horren harira, pelikulan badira zenbait une non Peter Jacksonek presa duela dirudien, eta beste batzuk aldiz, motelegiak direnak. Hori dela eta, pelikularen erritmoa irregularra iruditu zait. Hala eta guztiz ere, horrek ez du nire interesa galaraztea eragin inoiz.

Gandalf, Bilbo, Thorin eta gainontzekoek orkoen, trollen eta huargoen aurka gogotsu borrokatuko dute. Rivendelen, elfoen babestokian, laguntza bilatuko dute (tokiak Bilbo txundituko du). Horretaz aparte, nano eta elfoen arteko tirabiren zergatia zein den ezagutuko dugu, Gollumekin asmakizunetara jolastuko du Bilbok, eta azken horrek “eraztun bakarra” nola eskuratzen duen ikusiko dugu. Nostalgiaz betetako emozio desberdinak.

48fps-k salbu, forman edo estiloan ez ditu berrikuntza gehiegi egiten Peter Jacksonek. Zeelanda Berriko paraje ederrak ez naute aurrekotan bezain beste liluratu. Izan ere, behin baino gehiagotan ikusitako zerbait ikusten ari zarela pentsatu dudalako. Esan bezala, nahiz eta konparatzeak zentsu handirik ez izan, narrazioaren tonuan dago diferentzia nagusiena, umore kutsuan. Pertsonaiei drama apur bat gaineratzeak istorioari mesede egin dio.


Badira bereziki gustatu zaizkidan zenbait elementu, “harrapatu” nautenak. Adibidez, Galadriel eta Gandalfen arteko keinu bat, Frodoren presentzia, Bilboren komikotasuna (Martin Freeman bikain), Thorinen seriotasuna eta nanoen umorea, eta inoiz baino ikaratuago dagoen Gollum berriro ikustea.

Bilbo abenturaren hasieran “pasiboa” da, Thorin eta besteekin bat egiten du baina oraindik ez du oso ondo ulertzen zein den bete behar duen papera. Istorioak aurrera egin ahala, Bilbok bere burua babesten ikasiko du eta Gandalfek eman dion aholkuari kasu egingo dio: pertsona ausartena ez da gizon gehien hiltzen dituen hori, baizik eta barkatzen dakien hori. Bide luze baten lehenengo pausuak ematen ditugu ‘The Hobbit’ pelikularekin.

Orokorrean, ‘The Hobbit’ filma oso entretenigarria iruditu zait, pertsonai berri interesgarriekin eta faltan botatzen genituen beste batzuekin. Pelikulak estilo propio bat definitzen saiatzen da. Gomendagarria.

2013ko abenduan bigarren atala estreinatuko dute, ‘The Hobbit: The desolation  of Smaug’, eta 2014ko uztailan trilogiaren azkena: ‘The Hobbit: There and Back Again’. Gogotsu itxaron beharko.


No hay comentarios:

Publicar un comentario