Jack da Tyler Durden hobeto ezagutzen
pertsona. (protagonistak ez du izen propiorik, beraz Jack izena jarriko
diogu). Pelikularen hasierako kredituek klimaxean kokatzen gaituzte. Jack
ikaratuta dago, urduri; pistola bat du ahoan, Tyler Durdenen esku dago tiro
egitea ala ez. Dena amaituko den unea da hori. ‘Fight Club’ pelikula bikaina dela pentsatzen dut. David Fincherrek
zuzendutako pelikula polemikoa izan zen estreinatu zuten garaian. Publikoa
alde, baina kritika kontran. ‘Fight Club’ pelikula iluna da bai forman bai
mezuan.
Pelikularen narratzailea Jack
(Edward Norton) da. Berak emango digu Tyler Durdenen (Brad Pitt) berri. Flashback luze baten bidez eta off
ahots orojakile baten laguntzaz Jacken bizitza miserablearen berri dugu. Ezin
du lorik egin, insomnioa du.
Kapitalismoak eta kontsumismoa ezartzen dituzten
arauen menpe bizi den subjektu pasibo bat baino ez da Jack; herritar arrunt baten kopiaren kopia. Bere nortasuna erosten eta kontsumitzen duen horri lotuta dago:
Starbucks, Ikea, markadun produktuak…
Lo egin ahal izateko, Jack
laguntza bileretara doa. Nolabait jardunaldi horiekiko adizio bat garatu du.
Jackek besteen mina erabiltzen du berarena sendatzeko. Marla (Helena Boham
Carter) ezagutzen duenean, gauzak guztiz aldatuko dira. Marlak Jacken antzera
jokatzen du, Jacken gezurra islatzen du. Jackek bere burua identifikatzen du
Marlaren pertsonan. Laguntza bilerak banatuko dituzte kromoak aldatzen egongo
balira bezala. Beste “kontsumo” mota bat da bi horiek egiten dutena. Marla bere
bizitzaren parte bihurtzen den momentutik, Jackek ezin du lorik egin. Bere
egoera larriagoa bihurtzen da, insomnioak eragindako errealitate eta fikzioaren
arteko nahasketa gero eta nabariagoa da. Nahasketa horretatik sortuko da Tyler
Durden.
Tyler Durden lan bidai batean
ikusiko du lehen aldiz Jackek. Tyler Durden xaboi saltzaile bitxi bat da.
Ezagutu eta berehala bere telefonoa emango dio Jacki. Jack bere etxera
bueltatzen denean, etxea guztiz suntsituta dagoela ikusten du. Leherketa batek
suntsitu du. Lo egiteko tokirik gabe dagoenez, ezagutu berri duen gizonari deitzea erabakitzen du Jackek. Hala ere, Tylerrek ez du telefonoa hartzen.
Bat-batean telefonoa entzuten da, Tyler da. (une garrantzitsua insomnioak eragiten dizkion ondorioei begira). Tylerrekin biltzen da eta borroka klub bat sortzea erabakitzen
dute.
Tontakeri bat bezala hasten
den jokoa, kontrolaezina bilakatuko da. Gero eta gehiago dira klubaren kide
izan nahi duten horiek. Bertan borrokatzen dutenak bizirik sentitu nahi dute,
kolpe bat ematea baino, kolpea jasotzea nahiago dute.
Fight Cluba sortzerakoan
Tylerren munduan sartzen da Jack, gustuko duen askatasuna sentitzen duen
munduan. Tylerren bidez bere inpultso nihilistenak erakutsiko ditu Jackek, dena pikutara bidaltzeko gogoak izango
ditu. Tyler Durdenen ustetan, gizarteak ez du bide garbirik jarraitzen, oraingo
belaunaldia galduta bizi da, norabide eta helbururik gabe. Tylerrentzat
bizitzak soilik zerbaitengatik borrokatzen badugu merezi du, eta borroka hori
sistemaren aurka bideratzen bada, askoz hobe. Ikusleari ezertarako balio ez
duten oharrak irakurtzen denbora galtzea leporatzen die Tylerrek. Gainera, Jack
eta ikuslea borrokatzera animatzen ditu, gizatasuna, artasuna, borrokaren bidez
aldarrikatzera.
Jack infernuetara jaitsiko da
Tylerren laguntzarekin. Tylerren munduaren parte izatea erabakiko du, bere jokoan
parte hartzea. Soilik guztia galdu duzunean edozer gauza egiteko gaitasuna
lortzen dugu. Tyler Jacken “mentorea” izango da. Jackek desiratzen duen
guztiaren isla da Tyler.
Tyler Durdenen aurkezpena
Ikusle gisa Jacken azalean
kokatzen gara, insomnioak eragindako ondorioak berarekin batera bizi eta
sentitzen ditugu. Pelikulan badago une meta-filmiko bat: Jack eta Tyler
ikuslearengana zuzentzen dira une horretan. Tyler protekzionista gisa lan
egiten ikusten dugu une horretan. Tylerren “hobbietako” bat familieri
zuzendutako pelikuletan fotograma pornografikoak txertatzea da. Flashazo horiek
oso azkarrak dira baina ikusi egiten ditugu eta gure memorian txertatzen dira.
Flashazo mota horiek David Fincher zuzendariak pelikula hasi denenetik sartzen
ditu. Kasu honetan Tylerren frame solteak. Tyler hegazkinean ikusi aurretik,
jada hiru edo lau flashazoetan ikusi dugu, baita hoteleko telebistan ikusten
dugun iragarki batean ere.
Hau da, Tyler pixkanaka
azalduko da Jacken bizitzan, baina baita gurean ere. Aldi berean biziko dugu
Tylerren agerpena. Jacken azpikontzienteak sortutako pertsonai hori, gure
kontzientzian “sartzen” ari da. Tyler Durdenen aurkezpena egiteko Fincherrek
hartutako erabakiak eta gauzatutako planteamendua benetan ona eta eraginkorra
iruditzen zait.
Pertsona bakar baten bi aurpegiak
Ongia eta gaizkia, pasiboa
eta aktiboa, aingerua eta deabrua, errealitatea eta fikzioa… (“Inoiz ez zaude
guztiz lo, inoiz ez zaude guztiz esna”). Tyler eta Jack pertsona berdin baten
bi aurpegiak direla arrazoitzeko balore desberdinak erabil ditzakegu.
Bikoiztasun hori elementu formalen erabilera estrategikoaren bidez adierazten
edo indartzen du David Fincherrek. Adibidez, plano baten baitan dauden
elementuek betetzen duten paperaren arabera, edota desenfokearen erabileraren
bitartez.
Adibidez, klinikaren planoan Tyler planoaren hondoan ikusten dugu, jsutu justu Jacken buruaren
altueran. Tyler Jacken irudimenaren baitan dagon zerbait dela aditzera ematen
digu plano horrek, bere azpikontzientea dela edo. Jack eta medikuaren arteko
elkarrizketan gainera Tylerrek gorrotatzen duen Jacken pasibotasuna antzematen
dugu: "Tylerren hitzak ziren horiek" dio
Jackek.
Antzeko zerbait gertatzen da
beste eszena batean non Jackek nagusiari aurre egiten dion (nagusiak borroka
klubaren arauak nahigabe topatu ditu inprimagailuan). Une horretan Jacken off
ahotsak zera dio: "nire ahotik Tylerren
hitzak irteten ziren. Ni tipo atsegina izan ohi nintzen".
Pelikulak bigarren
ikustaldian ez gaitu ustekabean harrapatzen, beraz hobeto ikusten dugu nola
eraikita eta garatuta dagoen Jacken insomnioak eragindako ondorioak. Baita Jack
eta asmatutako Tyler nihilistaren arteko jokoa. Horretaz aparte,
bikoiztasunaren ideia indartzeko David Fincherrek erabiltzen dituen elementuez
errazago jabetzen gara pelikula behin baino gehiagotan ikusiz gero. Adibidez, hurrengo planoan, hutsala dirudien
arren, konposaketaren bitartez pertsonaiak hobeto ezagutzeko informazio nahikotxo
jasotzen dugu. Tabernaren ateek Tyler eta Jack banatzen dituzte, gainera
Durdenen jaka gorria Jacken janzkeraren kolore hotzekin talka egiten du. Tyler
dugu “sua” eta Jack “izotza”.
Protagonista gaixorik dago… eta gizartea?
Insomnioa dela eta
errealitatea eta fikzioa nahasten ditu Jackek. Lo egin behar du, baina ez du
lortzen. Jacken irudimenak sortutako pertsonaiaren bidez, Tyler Durdenen bidez,
gizarte modernoaren identitate falta eta neurrigabeko kontsumismoa kritikatzen
ditu pelikulak. Itxura inoiz baino garrantzitsuagoa den mundu batean bizirik
sentitzeko aukerarik ez dagoela dio Tylerrek. Diskurtso hori Jacki eta ikusleoi
zuzentzen digu. Gure pasibotasunaren esklabo eta errudun sentiarazi nahi gaitu:
“gure gerra, gerra espirituala da, gure
depresio handia gure bizitza” baieztatzen du Durdenek.
Tyler Durdenek xaboia saltzea
ez da kasualitatea Gizartea garbitzeko prest dago, kaosa ezartzeko prest.
Xaboia garbiketa horrek elementu sinbolikoa izateaz aparte, lehergailuak
sortzeko osagai nagusia izango da. Amaierako leherketan Tylerren helburuetako
bat islatzen du: arazoak errotik
konpondu ezean, gauzak ezin daitezke aldatu.
Tyler mentorea, Jack ikaslea
Borrokaren klubaren bidez
“jakintasuna” lortzeko jarraitu behar duen bidea zein den erakusten dio
Tylerrek Jacki. Batak bestearen beharra du, baina Jack izan behar da amaieran
erabaki garrantzitsuena hartu behar duena. Aurrerapauso bat eman beharko du.
Boben heriotza gertakari
klabe bat izango da Jackentzat. Une horretan Jack, nahiz eta onartu gabe, muga
gainditu duela konturatzen da. Suposatzen da borroka klubaren bitartez inoiz
baino biziago sentitu behar dela Jack, baina bere lagunaren heriotzak sentimendu
hori kolokan jarriko du.
Egoera kontrolaezina bihurtu
denean, Tyler ilusio bat baino ez dela onartzen duenean, muga bat finkatzea
erabakitzen du Jackek: Tylerrek Marla “jokoaren” parte bihurtzerakoan Tylerren
antza izan nahi ez duela erabakitzen du. Jackentzat benetan garrantzitsua den
hori Marla da. Bere berdina delako, bera bezain miserablea. Bere bizitzaren jaun
ta jabe izan nahi du eta une horretatik aurrera Tylerren hitzei ez die
jaramonik egingo. Une horretan, bere zoramena kontrolpean duenean, Tyler Durden
hilko da, mentorea desagertuko da. Marla hautatu du. Amaiera txukuna. Pelikula oso ona.
No hay comentarios:
Publicar un comentario