Erlazionatutako edukia: Oscar sariak 2013, Azpitituluak euskaraz
'Beasts of the southern wild' biziraupen istorio polit bat da eta Benh Zeitlin zuzendariaren lehen film luzea. Oscar sarietarako 4 izendapen lortu ditu pelikulak, guztiak kategoria garrantzitsuenetan. Hushpuppy (Quvenzhané Wallis) pelikula bitxi honen protagonista da. Ama galdu du eta aitarekin bizi da orain. Euren arteko harremana ez da ona, etengabe eztabaidan dabiltza, bananduta bizi dira... maitasun-gorrotoan oinarritzen da euren erlazioa. Aita gainera alkoholikoa da eta izaera bortitza du. Badirudi alabari zerbaiten errua leporatzen diola, baina ez dugu "zerbait" horren berri. Ahal duten bezala bizirauten dute, eta bizi baldintzak nahiko txarrak izan arren, euren bizitokia uzteko ez daude prest. Hushpuppyk bere istorio "magikoa" narratzen digu, animaliak, landareak, iceberg zein pertsonak unibertsoaren ezinbesteko piezak izatearen arrazoia azalduko digun istorioa.
Ekaitz gogor baten ondorioz, urak "Bathtub" irla hartuko du, protagonistak bizi diren irla. Hushpuppyk ekaitza glaziar baten urtzaldiarekin parekatuko du, eta hori gertatu izanaren errudun sentituko da. Urtzaldia dela eta, milaka urte izoztuta zeramaten Auroch izeneko bestia basati erraldoiak berpiztuko dira eta Hushpuppyren bizitokiraino ibilbide luze bat egingo dute. Bidean topatzen duten guztia suntsituz, noski.
Hushpuppy neskato xarmangarria da, inguruan duen elementu txikienara kontu handiz zaindu eta baloratzen du. Neskatoak bidean topatzen dituen gauza guztien taupadak entzuten saiatzen da (txoriena, zuhaitzen hostoenak...). Natura bezala, ezin dezakegu aurreikusi bere mugimenduak, bere senaren arabera jokatzen du gazteak. Ausarta da. Aita alaba babesten saiatuko da; alaba zailtasunei aurre egiteko gai izatea da aitaren helburua. Hushpuppy adoretsua izan behar da, indartsua; eta inguruan dituen horiek zaintzen ikasi beharko du.
Zuzendariak errealitatearen eta fantasiaren arteko nahasketaren alde egiten du, "errealismo magikoa" deritzon horren alde. Baina "magia" hori une gutxitan ageri da. Pelikularen lehenengo partea bigarrena baino gehiago gustatu zait; eta amaierako eszena salbu, bigarren atalak indarra galtzen duela iruditu zait.
Pelikularen onena protagonista da, Quvenzhané Wallis; neskato independentea, borrokalaria, ameslaria... pelikularen pisua bere gain hartzen du aktoreak. Gutxien gustatu zaidana zera izan da: istorioa "poetizatzearen" ahaleginean, Zeitlinek ideia edo teoria berbera gehiegi errepikatzen du, eta horrek mezuak indarra galtzea eragiten duela uste dut. Pertsonaien helburua biziraupenera mugatzen da. Ikusle bezala, zenbait gatazketan informazioa falta dagoela dirudi, baina beno. Gehiago espero nuen arren, orokorrean pelikula atsegina eta polita iruditu zait. Protagonista, bikain.
No hay comentarios:
Publicar un comentario