12/2/13

'The perks of being a wallflower' (2012) - Heroiak izan gaitezke


‘The perks of being a wallflower’ sorpresa atsegina izan da. Izugarri gustatu zait eta espero nuen baino gehiago hunkitu nau pelikulak. Erraza da istorioarekin konektatzea, eta pertsonaiekin une batean ala bestean identifikatzea. Pelikularen soinu banda itzelak aipamen berezi bat merezi du. Batzuentzat beste “teen movie” bat izan daiteke, baina drama hau berezia iruditu zait. Askorentzat pelikulak “kultu pelikula” bihurtzeko potentziala du.

Charlie (Logan Lerman) pelikularen protagonista da. Gazte lotsati, barnerakoia, bakartia… “marjinatu” bat. Ingurukoen zoriontasuna bere zoriontasun propioaren aurrean jartzen du Charliek. Bere lagun minaren suizidioaren ondoren, Charlie deprimitu eta gaixotu zen. Baina bere gaixotasunaren jatorrian, beste zerbait dago.

Charliek gutunak idazten ditu, ez dakigu zehazki nori zuzenduta dauden, baina bere sentimenduak “askatzeko” modu bat da. Orain bakarrik dago, zerotik hasi behar da. Ikasturte berria bere identitatea definitzeko eta iraganeko mina gainditzeko une aproposa da. Charliek Sam (Emma Watson) eta Patrick (Erza Miller) ezagutuko ditu institutuan, azken urteko bi ikasle. Samek eta Patrickek “moldatu gabeko pertsonen” taldearen kide izatera gustura gonbidatuko dute.




Patrick eta Samekin dagoenean, Charlie ondo sentittzen da, zerbaiten parte da. Hala ere, bere lagun berriak laster institutua bukatuko dutela jabetzen denean, Charlieren egonkortasuna desagertzen hasiko da, zalantzak eta beldurrak berriro berpiztuz. Bizitza osoan gordetzen daraman sekretua eta horrek sentiarazten dion erruduntasuna gero eta karga pisutsuagoa izango da Charlierentzat.

Stephen Chbosky bere liburuaren moldaketa zinematografikoaz arduratu da. Zuzendari eta idazleak flashback laburren bidez protagonisten iragan dramatikoa erakusten digu. Iraganeko ekintza horiek protagonisten  izaera markatu dute eta bizitza zein harremanei aurre egiteko forma ere baldintzatu dute. Flash txiki horien bidez, pelikularen klimaxera ailegatuko gara. Hunkigarria.

‘The perks of being a wallflower’ pelikulan drama, maitasuna, komedia kutsuak, ametsak, oroitzapenak eta inork zapuztu ezin ditzakeen une infinituak ageri dira. Pertsonaiek heroiak izan nahi dute, ingurukoak dituztenak lagunduz. Baina, jendaurrean sendoena dirudien hori ere, eror daiteke.

Pelikularen puntu indartsuenetako bat bere soinu banda da, horretan David Bowie, The Smiths, Crowed House zein Dexy’s Midnight Runnersen abestiak entzuten ditugu. Abestiek pertsonaiek bizi duten momentuarekin bat egiten dute, osagarriak dira. Nerabeen pelikuletan ohikoak diren zenbait elementu agertzen dira, baina gehienetan, klixe horiek pertsonaia nagusien nondik norakoetatik at mantentzen dira.

Gustatu zait Logan Lermanek eta Emma Watsonek egindako lana, baina Erza Miller izan da irabazi nauena. Orokorrean, pelikula polita, originala eta oso hunkigarria zenbait momentutan. Desberdin egiten gaituen hori defendatzearen alde egiten du, eta kolpeak jaso arren, aurre egitera animatzen du. Abesti bat, tunel bat, guztiok heroiak izan gaitezkeen une bat. Gustatu zait, asko.

1 comentario:

  1. Bale, ikusi dut eta bueno. Smiths-zale amorratu bat izanda, ezin esan ez zaidanik gustatu... baina tranpa du pelikula honek. Umeekin ikusi nuen eta hasterako jada argitu genuen "wallflower" horren esanahia: baztertu edo marjinatua, zuk diozun bezala. Baina
    alaba (10 urte) segituan konturatu zen tranpaz eta esan zuen: "Hori da baztertua institutu horretan? Festa guztietara doa!". Ba bai, partyz party dabil mutila, segituan jende guaya ezagutu du, kezka intelektualak dituzten pertsonak (poesia, musika indie, rocky horror emanaldiak korstea jantzita), neska interesgarriak inguruan (que se rifan al chico, nolabait esatearren). Jope! Baztertu bat izatea beste zerbait zen nire institutuko garaietan (eta orain ere bai, susmatzen dudanez).

    Gero, ba bai, traumak ditu mutilak ze bla bla bla... baina funtsean, egia berdaderoa da institutuetako baztertu gehienek ez dutela eskura hainbeste perk eta bentaja.

    ResponderEliminar