19/2/13

'Amour' (2012) - Maitasuna eta zahartzaroa


(!) Oscar sariak 2013: 5 izendapen lortu ditu 'Amour' pelikulak: Pelikula onena, Zuzendari  onena, Emakumezkoen aktore onena, Atzerriko hizkuntzan egindako pelikula onena eta Gidoi onena.

Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz 

Michael Haneke zuzendariaren filmografian murgiltzerako orduan, ikusleak sufrimendurako prest egon behar du; zuzendariak gizakien alde ilunena edo perbertsoena erakutsi ohi duelako. 'Amour' pelikulan, aldiz, zuzendariak bere aurpegi gizatiarrena ageri du. Harritu nau.

'Amour' filmean Michael Hanekek maitasuna, zahartzaroa eta heriotzaren inguruko kronika egiten du, emaitza bitxia lortuz. Pelikula hotza eta hurbila da aldi berean. Kolpatzen dizu bai, baina irribarreren bat ateratzen dizu zenbaitetan. Guzti hori tokiz kanpoko sentimentalismorik gabe. 'Amour' pelikula hurbila, egiazkoa eta bizitza bera bezain gordina den istorio bat ikusten dugu.


Georges (Jean-Louis Trintignant) eta Anne (Emmanuelle Riva) maitasun istorio xume honen protagonistak dira. Georges eta Anne jubilatuta dauden bi musika irakasle dira, euren bizitza lasai eta erosoa da orain. Annek bihotzeko bat izan ostea, egoerak okerrera egiten du. Bihotzekoa dela eta, Annek ezin dezake gorputzaren eskuin aldea mugitu. Anne ez dago ospitalera joateko prest, beraz, Georges emazteaz zaintzeaz arduratuko da, horren desirari kasu eginez.

Bere egoera dela eta, Anne lotsatuta sentitzen da zenbaitetan. Emakumeak ezin dezake bere kabuz ezer egin. Georgesek, emaztearen egoera ahalik eta erosoena izateko bere esku dagoen guztia egingo du. Bizirik jarraitzeko gogoak mantendu nahi dizkio. Hala ere, egoera inguratzen duen etsipenak Georgesengan eragina izango du. Amaiera bat idatzita dagoenean, ez dago esperantzarako tokirik. Itxarotea da euren aukera bakarra.


Trintignant eta Riva pelikularen arima dira. Gurutzatzen duten begirada bakoitzean pertsonaien arteko maitasuna sentitu daiteke, baita ezkutatzen saiatzen diren mina, beldurra, nekea... Bikote protagonistak islatzen duen maitasuna oso erreala dirudi; horregatik zaila da euren mina ez sentitzea. Bien lana, itzela.

Michael Hanekeren pelikula lasaitasun txundigarri batez eta itxurazko xuemetasunarekin narratuta dago. Kasu honetan pertsonaien emozioak indartzeko ez dugu musikaren beharrik, ekintzak ez dira zertan puztu behar dramatikoak izateko. Pelikulan plano finko luzeak eta plano sekuentziak dira nagusi. Erabaki horrek pelikularen erritmoa patxadatsua izatea eragiten du, geldoegia zenbaitetan. Hala ere, orokorrean,  erritmoa istorioak berez duen indarraren parte da.

'Amour' filma, istorioaren amaiera ikusten dugun plano sekuentzia batekin hasten da. Behin hori ezagututa, Georges eta Annerekin batera antzoki baten eserlekuetan kokatzen gara, ikusle gisa istorio edo "espektakulo" hunkigarri baten parte izateko prest.

Pelikularen lehenengo partean Annek senarra "munstro zintzo" bat dela dio. Hori dela eta, pelikulan zehar munstro horrek "agerraldi" bat egingo duela pentsa daiteke. Kasu honetan, Hanekek ustezko munstro hori ezkutatzen saiatzen da.

Orokorrean, 'Amour' esperientzia etsigarri bat kontatzen duen pelikula ona iruditu zait. Denboraren igarotzea ezin daiteke kontrolatu, horregatik protagonistek euren denbora amaitzear dagoela jabetzen direnean, beldurra sentitzen dute. Pelikularen puntu indartsuena zuzendariak eta aktore protagonistek egindako lanean dago. Puntu ahulena, aldiz, edukiari dagoela uste dut, Annek jasaten duen gaixotasunari dagokionez zehazki, noizbait jada ikusitako zerbaiten aurrean egotearen sentsazioa izan dut. Hala eta guztiz ere, gozotasun eta etsipenaren arteko nahasketak oso ondo funtzionatzen du eta horrek, lehenago aipatutako beste elementuekin batera, 'Amour' pelikula on bat bihurtzen dute. Baliteke Hanekeren pelikula hurbil eta gizatiarrena izatea. Ikustea merezi du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario