11/12/13

'Liberal arts' (2012)


Begirada nostalgiko bat


Erlazionatutako edukia: 'Happythankyoumoreplease' (2010)

 ‘Liberal Arts’ Josh Radnor aktoreak zuzendutako bigarren film luzea dugu. Pelikulak, begirada atzera botatzen du, protagonistaren unibertsitate garaira konkretuki. Jesse (Josh Radnor) literatura maite duen irakasle gazte bat da, artea oro har. Bere “bigarren” irakasle faboritoa erretiratuko da, eta bere omenez antolatu duten ekitaldia dela eta, unibertsitatera bueltatuko da protagonista.

Pelikularen protagonistaren antzera, guztiok bereziki gustatzen zaigun liburu/pelikula/disko bat dugu, berdin du zein den arrazoia. Jesse egunero liburutegira doa, gustukoen duen liburuaren azken hiru orrialdeak irakurtzera. Errutina hori pelikularen amaieran esanguratsuagoa izango da. Esan bezala, pelikulan protagonista unibertsitatera bueltatzen da bisitan. Behin ikasle izandakoak miresmen handiarekin gogoratzen ditu bertan igarotako egunak eta nolabait bere izaeran eragina izan zuten literatura klaseak. Erraz identifika gaitezke bere begirada nostalgikoarekin.


Unibertsitatean igarotzen dituen egun horietan Zibby (Elisabeth Olsen) ezagutuko du, 19 urte dituen ikasle bat, nola ez, berehala maitemintzen da. Bien artean elkarrizketa mamitsuetan eta komunean dituzten interesetan oinarritutako erlazio bat emango da, eta noski, letrak nahiko garrantzia izango dute erlazio horretan. Adibidez, bikotekidea gutunen bidez komunikatuko da. Nahiko idealizatuta dagoen harremana da pertsonaiek bizi dutena. Adin desberdintasuna arazo bat izango da.


Idealizazio kutsu hori ederra da neurri batean, baina bere garapenean, indarra galtzen du. Jesse zalantzak ditu, ez daki zer egin nahi, behar ala ahal duen. Zibbyrekin egiten ari dena gaizki dagoela pentsatzen du, etikoa ez dela. Baina laster kontraesanetan erortzen da. ‘Happythankyoumoreplease’ pelikularen hainbat pertsonaiekin gertatzen den bezala, protagonista pixka bat hipokrita da.

Nostalgia eta gauzen idealizazioa, gauza guztiak bezala, bere alde onak eta bere alde txarrak ditu. Hasieran dena perfektua badirudi ere, ondorengo dezepzioa handiagoa izan daiteke. Gainera, Jessek denboraren igarotzea onartu behar du, eta iragana, oroitzapenak, galtzen joango dira. Hau da, behin izandako unibertsitario horren aztarnak desagertzen joango dira.

‘Happythankyoumoreplease’ pelikulan gertatzen den bezala, Josh Radnorek oraindik gizakien ontasunean sinesten du. Honetan antzeko zerbait ikusten dugu, Jessek beti laguntza eskaintzen duelako.

‘Liberal Arts’ Radnoren estiloa identifikatzeko balio duen pelikula da: pareko hasierak, patroi berbera jarraitzen duten pertsonaiak, arteen presentzia (margolaritza, argazkigintza, literatura, musika…) eta New York hiriarekiko miresmena. Pelikularen zuzendaritza sinplea da, indarra gidoian eta pertsonaietan islatzen saiatzen da Radnor, emaitza hobeago ala txarragoekin. ‘Liberal Arts’ pelikula polita da, atsegina, baina bere garapenean arruntegia.


No hay comentarios:

Publicar un comentario