Katniss, sinboloa eta itxaropena
Erlazionatutako edukia: The Hunger Games (2012)
Bigarren atalak beti txarrak direla diote… Ala ez? Kasu
gehienetan pelikulen bigarren, hirugarren, laugarren… atalak lehen pelikulak
lortutako arrakasta ahalik eta gehien luzatzeko aitzakiarekin egindako
pelikulak direla dirudite, formula etengabe errepikatuz. Gero, badira
berrikuntza ekartzen duten hainbat kasu, bigarren atala istorioa hobeto
garatzeko edota istorio konplexuago bat erakusteko aprobetxatzen duten horiek,
hau da, aldez aurretik ikusitakoa ongi osatzen duten horiek. Azkenik, saga literarioen moldaketa
zinematografikoak ditugu. Azken kasu honetan liburu bakoitzeko pelikula
bana egitea beharrezkoa dela dirudi (nahiz eta askotan liburuak nahi bezala “banatzeko”
askatasu guztia hartu, adibidez, liburu bakar batetik bi pelikula eginez nahiz
eta guztiz beharrezkoa izan ez: Harry Potter, The Hobbit… eta noski, ‘The
Hunger Games’ sagarekin gauza bera egingo dute).
‘The hunger games: Catching fire’ jarraipen ona iruditu zait, jauzi
kualitatibo nabarmena egin baitu. Francis Lawrencek Gary Ross ordezkatu du
zuzendaritzan, aurrekontu altuago bat izan dute eta ikusizko efektuak askoz
hobeagoak dira lehenengo atalarekin konparatuz gero. Bigarren atal honetan istorioa jokoetatik haratago doa. Lehenengo atalak aurpezpen funtzioa betetzen zuen, protagonistak
ezagutu genituen eta nahiko argi utzi ziguten zeintzuk ziren onak eta zeintzuk
txarrak. Eta nola ez, lehen aldiz “jokoak” ikusi genituen.
Duela urte asko, Panemeko hiritarrak Capitolioari
aurre egin zioten, eta horregatik zigortu zituzten. Urtero ‘The Hunger Games’
jokoak ospatzen dituzte. Distritu bakoitzak (12 guztira) 12 eta 18 urte
bitarteko neska eta mutil bana bidali behar dituzte hil ala bizi borrokatzera.
Soilik irabazle bat egon daiteke, baina…
Baina azken edizioan gauzak aldatu ziren, bi irabazle egon zirelako: Katniss (Jennifer Lawrence) eta Peeta (Josh Hutcherson). Biek
Capitolioari aurre egin zioten, telebistan igorritako suizidio batekin
mehatxatuz. Une horretan ez zuten euren ekintzak izan zezakeen garrantziaz
jabetu. Katnissentzat bizirauteko eta laguna salbatzeko (biak ala inor ez)
estrategia bat baino ez zena, Panemeko distrituen hiritar askorentzat iraultzarako dei argi bat izan zen. Capitolio
menperatzaileari eta Snow Presidenteari aurre egiteko dei bat.
Peetak eta Katnissek, euren garaipen polemikoaren
ostean, garaipenaren gira egin behar
dute. Horretan distritu guztiak bisitatuko dituzte eta hitzalditxo bat eman
bakoitzean. Orain behar duten guztia dute, behar duten baino diru gehiago.
Peeta eta Katniss ondoko distrituen errealitate tristearen berri izango dute,
12 distrituan bezala, Panemeko hiritarren bizi baldintzat oso kaskarrak
direlako. Lehen aldiz, hiritarrak Capitolioko poliziaren erasoei aurre egingo
dizkiete, euren eskubideak defendatuz. Katnissek lehenengo atalean txinpartak piztu
zituen nahigabe, baina orain Snow presidentearen mehatxupean horiek
kontrolatzeko gai izan behar da.Katniss Capitolioaren txotxongiloa izango da,
beraientzat maitasun istorio “faltsu” bat antzeztuz. Capitolioarentzat
txotxongilo, baina baita Panementzat ere. Kontrolatzeko gai ez den iraultza
baten sinbolo bihurtu dutelako.
Aurten jokoak bereziak izango dira, 75.edizioa da, “hogeita
bosten basailutza”. Joko desberdinak, non ezta aurreko irabazleak ere ez daude
babestuta. Joko hauetatik aurrera, dena aldatuko da.
Maitasun istorioa presente dago, norekin geratuko da
Katniss, Peeta ala Galerekin? Dilema hori bigarren mailako gatazka gisa
aurkezten dute, eta horrek istorioari mesede egiten dio. Garrantzitsuena “sutan”
dagoen neska da, sinboloaren sorrera eta iraultzaren hasiera. Katnissek
zigortutako herri bati itxaropena eman dio; esklabuak ziren, Capitolioaren
menpe. Eta pelikulan dioten bezala, beldurra
baino boteretsuagoa den elementu bakarra itxaropena da.
‘The Hunger Games: Catching Fire’ pelikula liburuarekin
konparatuz gero aldaketa txiki batzuk aurki ditzakegu, baina orokorrean Suzanne
Collinsen liburuari nahiko fidela da. Atal garrantzitsu eta esanguratsuenak
pelikulan ageri dira, erloju bat bezala funtzionatzen duen pelikula da, erritmo
konstantea du, atseden gutxirekin. Pertsonaien ekintzak ulertzeko beharrezkoa
den informazio justua ematen digute,
eta hurrengo atalean garrantzia gehiago izango duten gatazka pertsonal batzuk
aurkezten dizkigute. Zuzendaritza lana garbia da, akzioa bezala. Zentsu
horretan, baliteke lehenengo atala baino kontserbakorragoa izatea, Francis
Lawrencek Gary Ross baino gutxiago arriskatzen duelako, baina nire ustez puntu “kaotiko”
hori galtzea aldaketa ona izan da.
Istorioa, esan bezala, ez da soilik jokoetara
mugatzen. Panem
hobeto ezagutzeko momentua da, hiritarren bizi baldintza latzak eta
Capitolioaren hiritarren gehiegizko nabarmenkeria. ‘The hunger games: catching fire’ pelikulan une gogorrak daude,
akzioa noski, baita zenbait momentu hunkigarri ere, batez ere euren eskubideak
defendatzeko prest ageri diren herritarren batasuna erakusten duten uneak.
Aurrekoa baino pelikula ilunagoa da, gaiari dagokionez
eta literalki ere (argiztapena ia naturala da, hori dela eta badira zenbait
eszena non gutxi ikusten dugun). Baita pertsonaia berriekin topo egiten dugu,
adibidez Finnick (Sam Clafin) jokoak
irabazi zituen mutiko guapo eta Capitolioan jarraitzaile ugari dituena.
Finnickek Capitolioaren jokora jokatzen ikasi du azken urteotan, hori dela eta
dirua baino garrantzitsuagoak sekretuak direla
daki. Bestetik Johanna (Jena Malone)
dugu, Capitolioaz nazkatuta dagoen beste irabazle bat. Inkorporazio berrien
artean, aipagarrienetakoa Plutarch
Heavensbee (Philip Seymour Hoffman) zaintzaile nagusi berriarena da.
Pelikulak ia bi ordu eta erdiko iraupena du, baina ez
da astuna egiten. Entretenigarria iruditu zait. Maitasuna, beldurra, mendekua,
izkutatutako planak, itxaropena, iraultza… jokoetara bueltatzen gara, baina
berriak dirudite. Arauak aldatu dira. Irabazleak zigortuak izango dira.
Ez nuen gehiegi espero, hau da, espektatiba gutxi
nituen, aurreko pelikularen eskema jarraituko zuela espero nuen. Istorio bera,
baina aldi berean desberdina. Aurrerapauso bat. Gatazka konplexuagoa da,
interesgarriagoa oro har. Joko gutxiago daude. Lehenengoan txinparta piztu zen,
orain sugarrak kontrolik gabe hedatzen hasi dira. Protagonista emakume
borrokalari bat da, bere ingurukoak babesteko bere esku dagoen guztia egingo
duena. Bere sinbolo rola onartu behar du, ez du beste aukerarik.
Hori bai, gutxien gustatu zaidana amaiera izan da,
arinegi gertatzen baita (liburuan ere). Noski, hurrengo atalari hasiera emango
dion kakoa baino ez da, baina azken plano edo eszena ez da batere originala. Katniss
aldatu egin da, ez dago beldurrik. Ez dago gaizki.
No hay comentarios:
Publicar un comentario