15/12/13

'12 years a slave' (2013)


Gizon askea izatetik esklabu izatera


Erlazionatutako edukia: 'Shame' (2011)

'12 years a slave' Steve McQueen zuzendari britainiarrak zuzendutako hirugarren film luzea da. Benetako gertaera batean oinarritzen da istorioa, Solomon Northup (Chiwetel Ejiofor) musikari beltz eta askearen bizitzan konkretuki. Somolon familiarekin bizi da New Yorken eta lan bila dabil. Bi gazte zirku baten parte izatea eskaintzen diote, eurek antolatutako espektakuluaren izarra. Bi ezezagunen proposamen erakargarri hori onartzen du Solomonek. Aukera okerra. Egun hartatik aurrera bere bizitza infernu bat izango delako. Bi ezezagunek Solomonen edarian droga botatzen dute, eta inkontziente dagoela esklabu gisa saltzen dute. Diru apur batengatik Solomoni askatasuna kentzen diote, kondenatzen dute.


Solomonen indar fisiko eta, batez ere, indar psikologiko handia izan beharko du aurrera egiteko. Hasieran euren askatasuna berreskuratzeko borrokatzeko prest egongo da. Baina gizon aske bat dela adierazten duen dokumentaziorik gainean ez damanez, ez du aukerarik izango. Louisianako kotoi plantazio batean lan egingo du. Hemendik aurrera Solomonen infernurako jaitsiera hasten da, gizon libre bat izatetik esklabu izatera igaroko da, nahiz eta onartu ez. Istorioak ez du talde-masa borrokarik erakusten ezta borroka heroikorik ere, borroka indibiduala da. Gainera esklabuen bizi baldintza latzak erakusten ditu zuzendariak, jabeentzat gizakiak baino ondasunak ziren. Esklabuek jabeei dieten beldurra ikaragarria da, horregatik keinu edo akzio txikiena ere ausardia bat izan daiteke, adibidez, hitz pare bat partekatzea ala ur trago bat eskaintzea. Bortizkeria ez da soilik fisikoa, psikologikoa ere bada.


Zuzendariaren aurreko pelikuletan gertatzen den bezala, drama ez dago diskurtso epikoekin apainduta, istorioa berez indar dramatiko nahikoa du. Errealitate tragiko bat erakutsi nahi digu eta modu gogor eta zuzen batean egiten du. Bere estiloa oso efektiboa da, eraginkorra eta ez-erosoa. ’12 years a slave’ pelikularen lehenengo erdian narrazio ez lineal baten alde egiten du, eta bigarren atalean narrazio nahiko konbentzional baten alde. Bere filmografian ohikoak diren plano sekuentziak alde batera uzten ditu, baina plano zehatz luzeak mantentzen ditu. Eszena askotan ez dago elkarrizketen beharrik, ikusleak badaki zer gertatzen ari den une oro, eta istorioaren krudeltasunaz jabetzen da.

McQueen istorioak kontatzeko modu nahiko definituta duen zuzendaria dela iruditzen zait. Egiten dituen aukerak bikainak izan ohi dira: plano konposaketari dagokionez, argazki lanari dagokionez, aktore taldearen zuzendaritzari dagokionez, girotzea, arropak, zenbait objektuei ematen dien garrantzi narratiboa… Neurri handiago ala txikiago batean zuzendariaren pelikulak inpaktu handia dute niregan. ‘Hunger’en gatazka modu oso zuzenean garatzen du, ‘Shame’ pelikula oso konplexua da eta ez-erosoa, eta azken hau, ’12 years a slave’ baliteke gaur arte bere pelikula osoena izatea.



Irudiaren tratamenduaz aparte, soinu tratamendua aipatzea merezi du ere. Soinuaren tratamendua interesgarria eta oso ona iruditu zait. Trumoi soinu mehatxagarriak, itsasontziaren soinua uraren kontra kolpatzerakoan (Solomonek jasotako kolpeen soinuaren parekoa). Soinu banda, Hans Zimmerrek konposatutakoa, musikalariaren beste lan batzuk burura ekar ditzake, baina eszenei indarra gaineratzen dio. Esan bezala, soinu lanketa interesgarria.

Askatasunetik esklabutzara, Solomon Northupetik Plattera

Atal honek spoilerrak ditu

Pelikulak Solomonen ezinegona nola erakusten duen gustatu zait, nola pasatzen den “biziraun” nahi izatetik, “bizitzearekin” konformatzera.



Lehenengo umiliazioa bere izenarekin lotuta egongo da, saltzen duten unetik ez da Solomon Northup izango, bere esklabu izena Platt izango da. Jabe desberdinak izango ditu, batzuk besteak baino atseginagoak. Ford (Benedict Cumberbatch) “atseginena” izango da, eta Edwin Epps (Michael Fassbender) sadikoena. Bigarren mailako pertsonaiak ongi garatuta daude eta pertsonalitate zehatzak dituzte. Esan bezala, Ford Solomenekin atsegina da, biolina jotzeko duen trebezia miresten du. Solomonek berdina izango balira bezala tratatzen duela pentsatzen du, euren iritziei kasu egiten die, zoriontzen du… Baina errealitatea ez da Solomonek uste duen bezain “erosoa”.



Biolina. Solomonen garapenari begira esanguratsua iruditzen zaidan objektua da biolina. Noizbait aske izan zela gogorarazten dio biolinak, familia baita ere. Solomon ikasketak dituen gizona da, musikari ona. Orain bere jarrera aldatzera behartuta dago, bere ezagutzak izkutatu behar ditu zigortua ez izateko. Pelikularen hasieran biolina afinatzen du, amaieratik gertu forman parekoa den eszena bat ikusten dugu, baina oraingoan biolinaren kordak apurtzen dira, eta Solomonek biolin osoa apurtzen du. Bere askatasuna desagertu egin da, esklabu izatera kondenatuta dago, eta dirudienez, onartzen hasi da.

Gero, badago beste bi pareko eszena. Bi dantza. Lehenengoan Solomon New Yorken dago musika jotzen lagunartean. Bigarrenean aldiz, Solomon jende Louisianako nagusientzat jotzen ari da, baina oraingoan mozorrotuta daude. Iparraldeko gizartea hegoaldeko gizartearen kontra, dantza berbera. Solomon nekatuta dago. Lehenengoan gizartean integratuta dago, bigarrenean ez. Bi eszenak partekatuz oraindik gauzak aldatzeko, integrazioa lortzeko lan asko egin behar dela uler dezakegu, integrazioa oraindik errealitatea baino “antzerkia” zen.



Biolina Solomonentzat, txerriak Michael Fassbender pertsonaia gorrotagarriarentzat. Hau da, ondoko eszenak idea hori islatzen duela pentsatzen dut. Edwin Solomonen atzetik dabil, esklabua zigortu nahian, baina esklabuak txerriak inguratzen dituen bitartean, bere jabea barrura sartzen da, erortzen da, zikintzen da, beste txerri bat baino ez da. Esan bezala, espazioen aukeraketa ona eta aktore zuzendaritza bikaina.

Dekadentzia, Solomonek esperantza mantentzen saiatzen da baina gero eta fede gutxiago du, eta hori ‘Roll Jordan Roll’ abesten duen eszenan ageri da. Solomon gizon aske bat dela ez du ahaztu nahi, indar guztiak jartzen du horretan, noizbait bere bizitza berreskuratuko duela pentsatzen jarraitzen du, baina eszena honen badirudi bere esklabu kondizioa onartzen duela lehen aldiz. Ordurarte beti aparte mantendu da, orain lehen aldiz, abestira batuko da. Eszena esanguratsu eta hunkigarria, Solomonek hondoa jo du. Hemendik aurrera, jabearen aginduak beteko ditu, erresistentzia erakutsi gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario