Arrakasta eta porrotari buruz
‘Inside
Llewyn Davis’ Coen anaien azken pelikula da. Istorioa 60ko hamarkadako
New Yorken girotuta dago, Greenwich Villagen zehazki, garai hartako bohemia eta
artearen jaiolekua. Istorioaren protagonista Llewyn Davis (Oscar Isaac) da, arrakasta lortu nahi duen folk
musikari gaztea. Hori bai, bidean ez dago bere burua ala bere identitatea “saltzeko”
prest.
Llewyn
galtzaile bat da, ez da oso atsegina, bakartia da… Diru
gutxi, etxerik ez, nahiko grisa da bere bizitza. Bere taldekidearen heriotza ez
du gainditu oraindik. Folka “berpiztear” zegoen garai hartan, lehen pausuak
berriz ematen hasi zen. Noski, bidean gutxi izan ziren arrakasta lortu zuten
horiek. Eta pelikulak ideia hori argi uzten du, musikari trebe eta ona izateak
ez dizu arrakasta ziurtatzen.
Abeslariak Bud Grossman (F. Murray Abraham) musika
handikiaren aurrean audizio bat egiteko aukera izango du, audizio horretan ‘Queen
Jane’ abestia abestuko du bere talentua erakusteko. Iraganean oinarritutako
istorio triste eta malenkoniatsu bat kontatzen duen abesti bat. Eszena sinple
bat, non Oscar Isaacen zuzeneko ahotsa nahikoa den.
Pelikularen protagonistak ez du berak hartutako erabakiek
izan ditzaketen ondorioetan pentsatzen. Inguruan dituen horiek era batean ala
bestean “zaurituko” ditu Llewynek. Ez da gehiegi konprometitzen. Ez ditu
arazorik nahi. Arrakasta bilatzen du, musika da bere bizitza, ez du beste
ofiziorik nahi. Sofa batetik bestera, lagunen karitateari esker bizirauten du.
Izan ere, arrakasta lortzea ez da batere erraza, eta
batzuetan porrota onartzea da aukera bakarra, amets amerikarra existitzen ez
dela onartzea. Llewyn Davis bere
odisea propioa biziko du, berea ez den katu bat izango da bere bidai-laguna.
Protagonistak hartzen dituen erabakiak okerrak izan ohi dira,
egozentriko zamarra da. Katuak zentsua emango dio bere bidaiari.
Llewynek ez du etorkizunean asko pentsatzen, ahal duen bezala bizirauten du
eta esan bezala, ia beti bere onurari begira hartzen ditu erabakiak. Bere
odisean, bere bidaian, soilik aurrera begiratuko du, aukera eta konpromiso
pertsonal asko atzean utziz.
Bi izan dira gehien gustatu zaizkidan elementuak: bata
protagonista, tristea, malenkoniatsua, nekatuta, berekoia eta egozentrikoa.
Pertsonaia gris bat. Zentsu horretan argazki lan bikaina aipatu beharra dago.
Eta hori da gustatu zaidan bigarren gauza, argazki lana. Pelikulan kolore
ilunak eta grisak nabarmenak dira, pertsonaiaren izaerarekin eta egoerarekin
bat eginez. Kolore puntu bakarra, katuak gaineratzen du.
‘Inside
Llewyn Davis’ gehiegikeriarik gabeko pelikula da, drama umore
beltzarekin nahasten dute Coen anaiek. Erreferentzia kulturalak topa ditzakegu,
eta amaiera aldera asko gustatu zaidan erreferentzia musikal bat. Eragozpenen bat
jartzearren, pelikularen egitura zirkularrak ustekabean harrapatu nau, eta
pelikulatik atera nau pixka bat. Baina beno, istorioa, orokorrean, txunditu nau.
Coen anaien azken lanek nahiko hots utzi zidaten (ez naiz
anaien jarraitzaile sutsua), baina kasu honetan ez da hala izan. ‘Inside Llewyn Davis’ asko gustatu
zait. Esan bezala, argazki lan bikaina, soinu banda paregabea eta Oscar Isaac
aktorearen lan oso osona (baita bigarren mailako aktoreen lana ere). Gitarra
bat, katu bat eta errepidea. Zure tokia aurkitzeko bidai baten hasiera, zure
etxera bueltatzeko odisea bat.
No hay comentarios:
Publicar un comentario