Sexua, drogak, arrakasta eta Wall Street
Martin Scorseseren azken pelikula energiaz eta gehiegikeriaz beteta
dago. Zalantzagarria den negozio forma baten inguruan idatzitako komedia beltza
dugu hau. ‘The Wolf of Wall Street’ Jordan
Belfort broker-rak idatzitako
biografia hartzen du oinarri bezala, egun batetik bestera akzioen
salerosketetatik lortutako komisioei esker dirutza izugarria lortu zuen
gaztearen istorioa. Noski, egiten ari zena hori legala ote zen? Bistan denez,
ez.
Jordan Belfortek (baliteke hau Leonardo DiCapriok egindako lan ausartena
izatea), argi uzten du amets amerikarra delakoa
lortzeko zenbait gauza alde batera utzi behar direla, horien artean lehena: morala. Esan bezala, protagonista
gehiegikeriaz inguratuta dago: nahi beste kokaina, alkohol eta dirua (diru
asko). Azken hau egungo gizartearen “droga” adiktibo eta preziatuena izanik.
Belfortek dirutza ikaragarria biltzen hasten da Mark Hannaren (Matthew McConaughey), bere nagusia izandakoaren,
aholkuak praktikan jarriz. Belfortek hitz-jario bikaina du, karisma eta
inguruak konbentzitzeko erraztasunaz aparte. Diskurtso perfektua sortu du bere
amets amerikarra egia bihurtzeko. Lortutako arrakasta dela eta “Wall Streeteko
otsoa” ezizena jarriko diote, bere onurarako “lapurtzen” duen Robin Hooda.
Belfortek aberatsak zein pobreak engainatzen ditu, soilik etekinetan pentsatzen
du. Egiten duen horretan ona da, oso. FBIa bere atzetik dabil, “otsoa”
harrapatzeko akats baten zain. Belfortek lortu nahi zuen dirutza baino askoz
gehiago duenean… zergatik ez da konformatzen? Zergatik lortu duen guztia
galtzera arriskatu?
‘The wolf of Wall Street’ pelikularen egitura ‘Goodgellas’
pelikularen parekoa da, Scorseseren lan handienetako bat. Bi pelikulen
estruktura narratiboak patroi berbera jarraitzen du, eta pertsonaia nagusien
garapen eta erabakiak pareko xamarrak dira. Jordan Belfort Wall Streeteko Henry
Hill izango da. Biek suarekin jolasten dute, erre arte. Gorrotoa eta
sinpatiaren arteko mugan kokatzen diren bi pertsonaia dira.
Protagonistak bere tirabirak off ahotsean kontatzen dizkigu, fikzioa eta
ikuslea banatzen dituen laugarren horma apurtuz. Kasu honetan off ahotsak pelikulari
erritmoa ematen dio, baina badira zenbait momentu non erredundanteegia den.
Soinu banda beti dago presente, eta abestien aukeraketa nahiko bitxia iruditu
zait, eraginkorra komikotasuna zenbait uneetan gaineratuz.
‘The wolf of Wall Street’ hiru bloketan bana dezakegu: igoera, gehiegikeria eta
jaitsiera (?). Barre-algarak egiten duen eszenak ditugu. Dicaprio izkutatuta
zuen alde komikoa agerian uzten du pelikula honetan. Horren adibide, kotxearen
eta telefono deiaren eszena dugu, itzela.
Gero, badira zenbait eszena non akzioa eteten den, hau da batzuetan
pelikula bere gehiegikerietan galtzen dela dirudi, erritmoa motelduz. Pelikulak
hiru orduko iraupena du, baina hori Martin Scorseseren filmografian adierazgarrietako
bat da.
Komedia ugari dago, baita drama apur bat ere. Pelikularen amaieran, Belfortek
aurrera egitea lortu du ala irtenbiderik gabeko zirkulu batean sartuta dago?
Jordan Belforten diskurtso kartsua kutsagarria da. Bezero askori gertatzen
zaien bezala, ez da beharrezkoa burtsaren inguruan gehiegi jakitea edo aditu
bat izatea, protagonistak berak esaten digu: merkatuan gertatzen den hori
ulertzea bigarren mailako zerbait da. Azken finean, ‘The wolf of Wall Street’ek erakusten duenez iruzurra, fraudea…
onartzea, horregatik zigortua izatea, ala lege eta printzipio moral ororen
gainetik egotea pentsatzeak ez du axola. Arrakastaren aurrean, moralak ez du tokirik. Argi geratzen da
gainera “ongiaren” taldean egoteak ez duela ez arrakastarik ekartzen (FBIko
agentearen azken planoa tristea da); baina maltzurren taldean jokatzeak aldiz, saria
izango du.
Scorsesek guztira Oscar sarietarako 5 izendapen lortu ditu: pelikula,
zuzendaritza, aktore, bigarren mailako aktore eta moldatutako gidoiaren
kategorietan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario