Ametsak alde batera utzi eta bizitzen
hasi
Erlazionatutako edukia: 'Reality Bites' (1994)
Hona hemen Walter
Mittyren (Ben Stiller) bizitzari buruzko istorio bat, gizon arrunt eta
langile bat istorioa. Bere bizitza errutinan oinarritzen dela pentsa dezakegu,
gorabehera gutxi ditu, bizitza umila azken finean. Ez ditu abentura
zirraragarririk edota ingurukoekin partekatzea merezi duen esperientzia
berezirik bizi. Bakartia, barnerakoia eta lotsatia. Zein da beraz bere
berezitasun aipagarriena? Esna amets
egitea. Ideia batean murgiltzen da maiz, pentsamendu batean galtzen da non
edozer gerta daitekeen. Amets horietan, errealitate hobeago bat amesten du, non
bera heroia den; eta ez zer kontatzerik ez duen galtzaile bat. Hori da Walter Mitty.
Mittyk ‘Life’ aldizkarian
lan egiten du, argazkiak errebelatzen. Aldizkariaren paperezko edizioaren azken
alea argitaratuko du, nagusiek aro digitalera jauzia emateko erabakia hartu
dutelako. Mittyren ardura aldizkariaren azken alearen azala izango den argazkia
errebelatzea izango da. Zein da arazoa? Eskatutako argazkia jasotako
materialaren artean ez dagoela.
Cheryl (Kristen Wiig)
lankidearen gomendioa jarraituz argazkiaren bila joango da. Modu horretan
Mittyk inoiz bizitako abentura bati hasiera emango dio. Errealitatea ala
ametsa? Mittyk bere bizitzan inoiz emandako jauzirik garrantzitsuena emango du,
eta ikusleak berarekin batera salto egingo du (Mittyren garapenari begira
nahiko esanguratsua da ondorengo planoa).
‘The secret life of
Walter Mitty’ remake bat dugu. Ben
Stillerren bertsioa pelikula dibertigarria da, une gazi-goxoak dituena.
Orokorrean istorio polita da. Soinu banda oso ona iruditu zait. Pelikularen
abesti nagusia David Bowieren ‘Space
Oddity’ dela esan daiteke, une hunkigarrienetako baten protagonista da
abestia. Abestiez aparte, soinu bandaren alde instrumentalenak “epikotasuna”
gaineratzen dio hainbat eszenei. Mittyk ausarta ala koldarra izango den erabaki
beharko du. Aldaketei aurre egin beharko die, eta bizitzan eskaini dion abentura
honetan beldurrik gabe parte hartu beharko du.
Ametsak alde batera
utzi eta bizitzen hasi. Argazkien negatiboez ahaztu, eta horren ordez, argazkien
protagonista bihurtu. Walter Mitty errealitate zati txikiekin lan egiten du,
baina errealitate hori bizitzen hasteko momentua heldu da. Horregatik, ‘Life’ (bizitza) aldizkarian lan egitea
ez da kasualitatea.
‘The secret life of Walter
Mitty’ pelikulan generoen nahasketa interesgarri bat ikusten dugu: komedia,
komedia erromantikoa, akzioa, abenturak, une musikalak, eta intriga apur bat.
Nahasketak funtzionatu egiten du. Aktore taldea zuzena iruditu zait,
zuzendaritza lana egokia eta argazki lana txundigarria. Pelikulan beste zenbait
pelikulei egindako keinuak aurki ditzakegu, adibidez: (literalena) ‘The curious
case of Benjamin Button’ pelikulari egindakoa, eta zeharka ‘Forrest Gump’
pelikulari egindakoa. Erreferente horietako batzuk protagonistaren “ametsen”
parte dira, baina ez al da zinema ametsen fabrika? Walter agian bere ametsa
biziko du. ‘The secret life of Walter
Mitty’ baikortasunaren alde egiten duen pelikula da, protagonistaren izaera
grisean gehiegi sakondu gabe.
Bestetik, pelikularen elementu zalantzagarriena eszenen
arteko denboraren tratamendua dela uste dut, protagonistaren arteko bidaien
arteko denbora zehazki. Batzuetan ikusten ari garen hori errealitate ala ametsa
den galdetu dezakegulako. Gero zenbait elementu eta akzio erraz aurreikus
ditzakegu, baina beno. Elementu horiek alde batera utziz, pelikulak irabazi
nau. Hasieratik amaierara arte goza daitekeen pelikula da. Istorio polita, eta
hunkigarria pare bat momentutan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario