Noraino heldu daiteke telebistak duen boterea? Etika eta moralak ba al dute tokirik industrian? Edo, audientzia lortzeagatik edozer egitea zilegia da? Telebista ikusiz gero, egunero plantea ditzakegun galdera dira horiek. 70ko hamarkadaren amaieran, 'Network' pelikulak ere planteatu zituen. Sidney Lumetek zuzendutako peikula muturreraino eramandako satira dugu.
Audientziak agintzen du, telebistak du kontrola. Ekoizle eta zuzendariek edozein gauza emititzeko kapaz dira, helburua: eduki ikusiena izatea. Gaur egun (ala agian betidanik?), sexuak, morboak, goreak, eta biolentziak ikusle kopuru esanguratsu baten arreta erraz deitzen dute. Morboak audientzia erakartzen du, eta ekoizleek hori badakite, ez nabil gauza berririk esaten.
Urte asko daramatza Howard Bealek (Peter Finch) gaueko albistegiak aurkezten, baina audientziaren jaitsiera dela eta, bere jardunaren jarraikortasuna zalantzan jartzen dute ekoizleek. Gau batean, albistegietan zuzenean bere buruaz beste egingo duela esatean, Howardek, ustekabean harrapatuko ditu audientzia eta lankideak. Noski, bere zuzeneko heriotza iragarri ostean, audientziak ikarragarri gora egiten du eta Howard nazio mailako albiste bihurtzen da.
Inguruan duen hipokresiaz nazkatuta dago Howard, egia esateko, oihukatzeko, unea heldu dela pentsatzen du eta estatubatuarrek gordetako amorruaren bozeramaile bihurtzen da. Howarden zoramenean ustiatzeko "produktu" ezinhobea aurkitu dute ekoizleek. Ongi da, Howard egiaren defendatzaile bihurtzen da, baina aldi berean, ekoizleek erraz maneiatu dezaketen txotxongilo ere bihurtu da.
Irizpide edo etika profesional apur bat duen bakarra Max Schumacher (William Holden) dela dirudi, gaueko albistegien zuzendaria. Hala ere, ez da dirudien bezain ona, eta gauzak aldatzeko ez du gehiegi egiten.
"Telebista ez da egiazkoa. Telebista atrakzio parke bat da, zirko bat (...). Guk ez dugu inoiz egia kontatzen. Entzun nahi duzuena kontatuko dizuegu" (Howard Beale, 'Network').
Lehen aldiz, Howard boteretsu sentitzen da, bere diskurtso zuzen eta bortizak audientziaren nahiak asetzen ditu. Aurkezlea mesias bat da audientziarentzat, profeta bat. Hedabidearen "zaborra" aireratzeari ez dio beldur Howardek, ez du horrek ekar ditzakeen ondorioetan pentsatzen. Telebistan lortutako boterearen ondorioz eta audientziarengan duen influentzia-maila altua dela eta, Howard zoratzen hasten da.
Askotan gertatzen den bezala, audientzia erraz aspertzen da, "jostailu berria" laster "apurtutako jostailua" baino ez da, eta audientziak agintzen duenez (zenbakiak dira garrantzitsuena, beti), hedabidearen zuzendaritzak Howard Bealen "fenomenoarekin" amaitzeko estrategia batean pentsatzen hasten da. Hori bai, amaierako neurria muturrekoa izan behar da, audientziari nahi duen hori eskainiko die hedabideak: morboa, biolentzia (muturreko erabakia, nire ustez gehiegizkoa). Amaiera horrekin egiaren defentsa akabatzen du telebistak, eta sentsazionalismoak garaile suertatzen da.
Telebistaren industriak jasotzen duen kritika gogorra da, baina Lumet harago doa. Ikuslearen jarrera pasiboa kritikatzen du. Audientziaren pasibotasuna, ikusitako sarraskiaren aurrean itsu gelditzea. Are gehaigo, espektakulu horrekin gozatzen duen audientzia kritikatzen du Lumetek. Pelikularen mezua argia dela uste dut: garrantzitsuena zenbakiak dira, etika eta morala kaxoi batean gordetzea hobe. Howarden diskurtsoa gero eta teatralagoa da, formak eta espektakuluak dute garrantzia eta ez edukiak. 1976an estreinatu zuten pelikula, baina bere diskurtsoa indartsu mantentzen da:
"Gauzak gaizki doazela esatea ez da nire ardura. Guztiok dakizue hori. Depresio bat da. Enplegu gabe daude guztiak, bestela enplegua galtzearen beldur. Dolar batek ez du bost zentabo baino gehiago balio. Bankuek porrot egin dute (...). Jendeak ez daki zer egin eta bidearen amaiera ez dugu ikusten (...). Haserretu behar zarete! Hori da dakidan gauza bakarra! "Gizakia naiz, demontre! Nire bizitzak balio du!", da esan behar duzuena!" (Howard Beale, 'Network')
Esan bezala, Sidney Lumetek zuzendutako pelikula muturreraino eramandako satira bat da. Aktore taldeak ongi betetzen du bere lana, ekintzak puztu egiten dituzte, baina ala eskatzen du istorioak. Pelikulak erritmoa du, trama desberdinak ondo nahasten ditu, baina agian nahasketa horren ondorioz izaera korala hartzen du pelikulak. Hala ere, pelikulak ez nau guztiz txunditu. Lau Oscar sari lortu zituen 'Network' pelikulak.
Pelikula ikusi ondoren, soilik ideia bat buruan: ia 40 urte igaro dira, baina, telebistaren industria, aldatu ote da?
No hay comentarios:
Publicar un comentario