(!) Oscar sariak 2013: 8 izendapen lortu ditu 'Les Miserables'ek: Pelikula, Gizonezko aktore onena (Hugh Jackman), Emakumezko bigarren aktore onena (Anne Hathaway), Abesti onena, Zuzendaritza artistiko onena, Jantzi onenak, Makilaje onena eta Soinu onena.
Gogo itzelak nituen ‘Les Miserables’ musikalaren moldaketa zinematografikoa ikusteko, hainbat arrazoiengatik: musikalak gustuko ditut eta ‘Les Miserables’ mitikoenetako bat da, bildu duten aktore taldea bikaina delako, eta horiek pelikulan zuzenean abestearen aldeko apustua egin dutelako (ohiko ‘playback’-a alde batera utziz). Victor Hugok idatzitako eleberri homonimoan oinarritutako musikalaren moldaketa zinematografikoa pelikula ona iruditu zait. XIX. mendean girotuta egon arren, iraultzaileek zabaltzen duten mezua gaur egun gizarteak, herriak, zabaltzen ari denaren antzekoa da (zoritxarrez).
Gogo itzelak nituen ‘Les Miserables’ musikalaren moldaketa zinematografikoa ikusteko, hainbat arrazoiengatik: musikalak gustuko ditut eta ‘Les Miserables’ mitikoenetako bat da, bildu duten aktore taldea bikaina delako, eta horiek pelikulan zuzenean abestearen aldeko apustua egin dutelako (ohiko ‘playback’-a alde batera utziz). Victor Hugok idatzitako eleberri homonimoan oinarritutako musikalaren moldaketa zinematografikoa pelikula ona iruditu zait. XIX. mendean girotuta egon arren, iraultzaileek zabaltzen duten mezua gaur egun gizarteak, herriak, zabaltzen ari denaren antzekoa da (zoritxarrez).
Tom Hooper (The King’s Speech) dugu drama honen zuzendaria. ‘Les Miserables’
musikala eta operaren arteko mugan kokatzen da, berez abestu gabeko uneak ia
existitzen ez direlako. Nahiz eta erredundantea irudi, guztiz abestutako
pelikula da (generoaren baitan pelikula guztiek ez dute erabaki horren alde
egiten).
Aktoreak guztiz inplikatu dira, eta bere lana, salbuespenak salbuespen,
benetan ona da. Emozio eta dramatikotasun handiarekin interpretatzen dituzte
abestiak. Horregatik erraza da euren mina, askatasun grina edota barkamen
beharra identifikatzea edo sinestea. Ondorengo kritikak ‘spoilerrak’ ditu.
Frantzia, XIX. mendea. Pobrezia gero eta nabariagoa da, eta herria hiltzen
den bitartean, burges aberatsak jantzi dotoreekin paseatzera mugatzen dira,
herriaren miseria ez da horien arazo. Jean
Valjean (Hugh Jackman) ‘iheslari’ bat da. Javert poliziak Valjeanen bizitza
infernu bat izatea nahi du, hori dela eta, bere bila joango da, Valjean berriz
atxilotzea da Javerten helburuetako bat.
Ia 20 urte igaro ditu Valjeanek kartzelan,
ogi puxka bat lapurtzea leporatuta. Valjeanek ez du inoiz ongia ezagutu
eta ez du ongia noizbait aurkitzeko federik. Baldintzapeko askatasuna apurtu
ondoren, laguntza bilatuko du arrakasta handirik gabe. Dokumentu batek bere
bizitza markatuko du, 24601 preso-zenbakia ezin izango du bere iraganetik
ezabatuko. Egun batean, eliza batean babesa eta laguntza eskainiko diote,
trukean ezer eskatu gabe. Bertan, ez da “epaitua” izango, egindako guztia
barkatuko diote. Ustekabeko barkamen horrek Valjeanek bizitzari aurre egiteko
duen forma aldatzea eragingo du. Valjeanek ez du patuak eskaini dion aukera
berria galduko. Biziraungo du, aurrera egingo du, alkate bihurtuko da eta behin
boterean, bera bezalako miserableak lagunduko ditu.
‘Les Miserables’en gatazkak
Iraultza, justizia, maitasuna, iraganaren zama, barkamena … horiek dira
pelikulan antzeman ditzakegun zenbait gatazka. Pobrezia eta klase sozialen
arteko bereizketa gero eta nabarmenagoa da, horren ondorioz, miserian bizi
diren horiek bizirauteko ahal dutena egingo dute: ilea saldu, lapurtu edota
herriari boterea bueltatuko dion sentimendu iraultzailea berpizteko saiakera
egin.
Valjean eta Javert: iraganaren
zama eta identitatea
Nahiz eta bere benetako identitatea eta jatorria ezkutatu, Valjeanek,
azkenean, nolabaiteko egonkortasuna lortu du. Javertekin berriro topo egiten
duenean, bere bizitza hankaz gora jarriko da berriro ere. Hala ere, zenbait
gauza aldatu dira. Oraingoan Javert da Valjean alkatearen agindupean dagoena.
Azken aldiz elkar ikusi zutenetik urteak igaro dira, baina Javertek laster
gogoratuko du ezaguna zaion aurpegi horren benetako identitatea zein den.
Javertek urtea daramatza Valjean berriro atxilotu nahian. Iraganak Valjean
aurkitu du, eta oraingoan, horri aurre egin beharko dio.
Valjeanek, beraz, ez du inoiz iragana ahaztuko, sufritu duen guztiaren zergatia
eta pertsona batek trukean ezer eskatu gabe laguntza eskaini izanaren zergatia
ez du guztiz ulertuko. Bestetik, Javert, printzipio sendoak dituen polizia
dugu. Justiziari buruz duen ideia argia da: behin lapurra izan dena, beti
izango da lapur. Valjeanek Javerti bizitza barkatzen dion eszenan,
inflexio-puntu bat izango da poliziarentzat. Lehen aldiz, Javert ikaratuta eta
zalantzaz beteta ikusiko dugu, ahul. Valjeani gertatu zitzaion bezala,
bat-batean miseriaz betetako munduan ongiarentzat oraindik tokia dagoela
ikusiko du, eta ideia horrek poliziak betidanik defendatu dituen printzipio eta
sinesmenak kolokan jarriko ditu. Valjeanek bizi izan zuen antzeko barne-gatazka
biziko du Javertek.
Javert ez da Valjeani aurre egiteko gai izango. Iheslariaren barkamena ez
zuen espero poliziak, eta horrek aipatutako barne gatazka bat sortarazten dio.
Izan ere, bere printzipioak lehen aldiz urratu dituzte, mugan dago eta bere
betebeharra gauzatzeko gaitasuna galdu duenez, bere izaera definitzen duen
horrek zentsua galdu du. Munduan jada ez dago Javertentzako tokirik.
Cosette eta Éponine: igoera
eta jaitsiera
Cosette (Amanda Seyfried) Fantinen alaba da (Anne Hathaway itzel). Cosette
Époninen (Samantha Barks) gurasoen tabernan lan egiten du. Fantinek,
alabarengatik edozer egiteko prest dago (ilea, haginak eta bere gorputza
salduko ditu). Alaba miseriatik irteteko sakrifikatuko da. Umeak direnean,
Époninek arropa dotoreak jantzi eta panpina berriekin jolasten du; bitartean,
Cosette miserian bizi da eta egun osoa ematen du Époninen gurasoen tabernan
lanean. Gazteak direnean, egoerak 180
graduko bira emango du. Valjean Cosetten tutore bihurtuko da, eta hortik
aurrera gaztetxoaren bizitzak hobera egingo du. Orain, Cosette da arropa
dotoreak janzten dituena, eta Éponine miserian bizi dena, gurasoekin
lapurretan. Bai Cosette bai Éponine Marius burges iraultzaileaz maiteminduta
daude. Marius Époninen laguna da, baina Cosette ikusterakoan, guztiz
maiteminduko da.
Marius, Enjolras eta Gavroche:
iraultza
Gorria eta beltza. Marius (Eddie Redmayne) Frantzia berri baten alde
borrokatzeko prest dagoen burgesa da; herriari boterea bueltatuko dioen
iraultzaren alde egiten du. Hala ere, Cosette ezagutzerakoan, maitasunak bere
sentimendu iraultzailea mehatxatuko du (amodioa eta iraultzaren artean aukeratu
beharko du Mariusek). Enjolras (Aaron Tveit) mugimendu iraultzailearen
liderretako bat da, eta sinesten duen horrengatik hiltzeko prest dago. Enjolrasek
argi du herria miseriari aurre egiteko altxatu egingo dela. Mariusek etorkizuna
sinbolizatzen du, klaseak bereizten ez dituen burgesa baita.
Marius eta Enjolrasekin batera, Gavroche umea dago. Gaztea, Marius eta
Enjolrasek defendatzen duten espiritu iraultzailearen isla da. Gavrochekin
batera iraultza eroriko da, baina ez amets iraultzailea. Pelikulak herriari “ahotsa”
bueltatu behar zaiola defendatzen du, berdintasunaren alde eta indibiduoen
eskubideengatik borrokatzearen beharra aldarrikatuz.
Herria ezin daiteke miserian hil. ‘Do you hear the people sing?’ herriaren
abestiak hori bera aldarrikatzen du. Herria nazkatuta dago. Iraultza maila
pertsonalean emango da ere. Izan ere, inguruan duten horiek “salbatzeko” euren
amets edo printzipioak sakrifikatuko baitituzte pertsonaiek. Bizitzak oztopoak
jarriko dizkie etengabe.
Tom Hooper zuzendariaren
erabaki teknikoak
Pelikula ikusi ostean, Tom Hooperrek proiektua aurreikusten nuen bezain
ongi maneiatu ez duela pentsatu nuen. Edukian ez diot arazorik ikusten
pelikulari, erabaki formalek aldiz ez naute hainbeste konbentzitu. Nire ustez, zuzendariaren “eskua” gehiegi
nabaritzen da; gehienetan Hooperren erabakiak egokiak iruditzen zaizkit, adibidez,
planoen barne elementuak zainduta daude, baina beste batzuetan, zentsurik
gabeko aukera estetiko hutsak baino ez direla dirudi.
Pertsonaiek Jainkoaren “epaia” lehenago ala beranduago jasoko dutela
dakite, baina ikuslea epaile izango da ere. Behin baino gehiagotan, euren “testigantzak”
ikuslearengana bideratzen dituzte pertsonaiek, plano luzeetan kamerari begira
abestuz. Beste batzuetan, euren kantua “zerura” bideratzen dute.
Honen harira, Hooperrek plano ia zenitalak erabiltzen ditu. “Zerutik”
hartutako ikuspuntua. Erabaki honek pertsonaiek “erantzun jainkotiar” bat
jasotzearen nahiarekin erlazionatuta egon daiteke, eta pertsonaien esku ez
dagoen “zerbaitengatik” epaituak izatearen sentsazioa indartzen du.
Bestetik, kamera eskuan grabatu izanak, planoek mugimendu gehiegi izatea
eragin du. Plano gehiegi ditu pelikulak eta muntaia ez da gardena. Kasu
honetan, muntaketak zenbaitetan narrazioa oztopatzen du. Hala ere, erabaki
horrek zentsua izan dezake, berez, muntaketa eta mugimendu horren bidez,
pertsonaiek bizi duten ezinegona islatzen du zuzendariak.
Hooperrek Broadwayko musikal garrantzitsuenetako bat modu ahalik eta
zinematografikoenean grabatzen saiatu da. Orokorrean, drama ona dela pentsatzen
dut, aktore-talde bikaina duena. Anne Hathaway, Hugh Jackman eta Samantha Barks
dira gehien hunkitu nautenak; eta Russell Crowe, Eddie Redmayne eta Aaron Tveit
sorpresa handienak. Musikak inpresionatzen du eta amaiera itzela da. Baliteke
pelikula luzeegia izatea, baina Broadwayko musikalaren iraupen bera du, beraz,
zentsu horretan ez dut ezer gehituko.
Hugh Jackman eta Russell Croweren arteko lehian, kasu honetan, Jackman da
garaile, Valjeanen papera bere neurrira eginda dagoelako. Russell Crowek
begiradarekin ikaratzen duen arren, gorroto hori ez du ahotsarekin islatzen.
Desabantailan egon arren, ondo defendatu du Javerten rola.
Samantha Barks Éponine bikaina da. Époninek bere desirak sakrifikatuko ditu
Marius Cosettekin zoriontsu izan dadin. Marius sekretuan maite du Époninek.
Beste muturrean, Amanda Seyfried dago, Cosette pelikulan. Seyfrieden lana izan
da gutxien gustatu zaidana. Bere zintzotasun eta gozotasunak gainontzeko
pertsonaiek bizi duten etengabeko zoritzar eta miseriarekin talka egiten du.
Gainera, Marius eta Cosetten bat-bateko maitasuna zenbaitetan lekuz kanpo
dagoela dirudi.
Esan bezala, musikal ona da, indarrez betetakoa eta interpretazio oso onak
dituena. Forma izan daiteke pelikularen ahulezia. Gomendagarria musikalen
zaleentzat, eta istorio on bat ikusi nahi dutenentzat. Abestutakoa, bale, baina
ona.
No hay comentarios:
Publicar un comentario