3/3/13

'This is 40' (2012) - 40 urteko krisia


Apatow "familia" berriz bildu da 'This is 40' komedian, 'Knocked up' pelikularen spin-offean. Kasu honetan, Pete (Paul Rudd) eta Debbie (Leslie Mann) dira pelikularen protagonistak. Urteak daramatzate ezkonduta eta orain biek 40 urte beteko dituzte. Hori bai, krisi ospetsu horri aurre egiteko jarrera desberdinak erakusten dituzte. Debbiek "adin madarikatu" hori onartzen ez duen bitartean, Pete-i ez zaio gehiegi axola, bizitzan beste lehentasun batzuk dituelako. Pete diskoetxe baten jabea da, arazo ekonomikoak ditu irabazi nahikoak lortzen ez dituelako. Petek emazteari ez dio porrot horren berri emango, emaztea desengainatu nahi ez duelako.

40 urte betetzea inflexio puntu bat izango da bientzat: ordura arte lortutakoa aztertzeko unea izango da, eta hortik aurrera lortu behar eta lortu nahi duten hori zehazteko unea. Errutina zentsurik gabeko eztabaiden pizgarria izango da, bestea liluratzeko gaitasuna desagertu dela dirudi, nekatuta daude... Badirudi gauzak aldatzen saiatzeko unea heldu dela. Guzti hori egunerokotasuneko ekintzetan oinarrituta eta egoerak pixka bat puztuz erakusten du zuzendariak, protagonisten kezkak eta zalantzak edozein gizaki izan ditzakegunak direla erakusten digu Apatowk. Protagonistak egoera berrietara moldatu beharko dira, arazo berriei aurre egin beharko dizkiete. Heldua izateko unea eta denboraren igarotzea onartzeko unea heldu zaie.




Horretaz gain, Pete eta Debbiek euren gurasoekin duten harremana ez da guztiz ona. Petek estutasun ekonomikoak dituen arren beti aitari dirua emateko prest dago; Debbiek aldiz, ez du bere aita nahi bezain beste ezagutzen. Hori gutxi izango balitz, eguna euren artean eztabaidatzen ematen duten alabak kontrolatzen ikasi behar dute Petek eta Debbiek. Egoerak gaitzondoa sortaraziko die. Debbiek eta Petek euren maitasuna "iraungi" den, ala whiskiaren antzera, urteekin hobera egin duen erabaki beharko dute. 

'This is 40' komedian drama ukituak antzeman daitezke. Pertsonaiak, Apatowren pelikuletan beti ageri den bezala, hazi behar diren heldugabeak dira, euren bizitza inperfektua dela onartu behar dute behingoz. Komedia mota hau gustatu ohi zait, inprobisaziorako tokia dago, aktoreek kimika eta karisma dute, ondo pasatzen dute elkarrekin lan egiten eta nabaritzen da. Apatowren helburu nagusia entretenitzea da, eta errutinaz baliatuz, ikusleari irribarreren bat ateratzea. Pelikulan planteatzen diren arazoak identifikagarriak dira, bai edukian bai horiei aurre egiteko moduan. 

Judd Apatowren estiloa nabaria da pelikula dibertigarri honetan. Aktoreek familia antzeko bat osatzen dute, eta horretan "amerikan komedia berriaren" aurpegi garrantzitsuak biltzen dira. Gaineratu beharra dago Leslie Mann Judd Apatowren emaztea dela eta pelikulan Debbie eta Peten alaben papera betetzen duten neskatxoak euren alabak direla. 

Zuzendariak ongi maneiatu ohi du komedia baldarra eta komedia erromantikoaren arteko oreka. Soinu bandan abesti aukeraketa ona topatzen dugu. Pelikulan zehar 'The Office', 'Lost' eta 'Mad Men' telesailei egindako erreferentziak aurkitzen ditugu, tramaren parte bihurtuz. Judd Apatowren pelikulen amaierak erraz aurreikus ditzakegu eta gehienetan luzeegiak dira; baina orokorrean, azken emaitza kontuan hartuta, entretenigarriak dira. Marka propio bat sortu du zuzendariak. Noiz edo noiz berreskuratzea merezi duen "familia zinematografiko" bat sortuz. Ona. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario