'Gattaca' Andrew Niccolek zuzendutako lehen pelikula izan zen. Istorioa etorkizun hurbil batean kokatzen da, horretan genetikaren arloan egindako aurrerapenek gizaki perfektuen sorrera posible egin dute. Gaixo dauden horiek gizartetik baztertu dituzte eta "ezgaitzat" etiketatu dituzte. Zientziak agintzen du orain. Vincent Freeman (Ethan Hawke) hiritar "ezgai" horietako bat da (aitak ere baztertuko du).
Vincenten ametsa Gattaca Korporazioak antolatzen dituen espazio-misioetako baten parte izatea da. Bere "urritasun genetikoek" ate guztiak itxiko dizkiote, baina Vincentek ez du indarrak inoiz galduko, bere patua aldatzeko prest dago. Jerome Morrow-ren (Jude Law) laguntzarekin plan korapilatsu eta arriskutsu bat prestatuko du, helburua: Gattacan sartzea. Jerome Gattacan sartzeko pertsonaia "gaia" da, baina istripu bat izan ondoren gurpil-aulki batean "harrapatuta" bizi da. Jeromek bere identitatea prestatuko dio Vincenti horrek bere ametsa egi bihur dezan. Kontu handiarekin lan egin beharko dute, beti erne. Akats txikienak ere plan guztia pikutara bota dezake. Ustekabeko hilketa batek guztia kolokan jarriko du.
'Gattaca'-n zientzia fikzioa, suspensea eta intriga topa ditzakegu. Horretaz gain, zine beltza eta drama erromantikoaren kutsuak ere ageri dira. Elementu gutxirekin Andrew Niccolek atmosfera erakargarri bat eraikitzen du: espazio zabalak pertsonaiak "harrapatzen" dituzten beste espazio estuagoekin nahasten dira. Gizartea toki hotz bat da, grisa, artifiziala eta itxura "osasuntsu" eta garbia saltzen saiatzen diren arren, diskriminazioa nagusi den kutsatutako gizartea baino ez da.
Zientzia eta genetika arloan egindako aurrerapenak errealitatetik gero eta gertuago daude gaur egun eta horrek, pelikulan landutako bigarren mailako gatazkekin batera, ukitu errealista gaineratzen dio pelikulari. Hala ere, lehenago aipatutako generoen nahasketa eraginkorra da pelikularen elementu adierazgarriena.
Musikari dagokionez, Michael Nymanek konposatutako soinu banda zenbait eszenei drama gaineratzen die, eta pieza musikal gisa ona dela pentsatzen dut baina aldi berean, bere presentzia pelikulan zehar gehiegizkoa iruditu zait, errepikakorregia. Bigarren mailako gatazken trama nagusia ongi osatzen dute pertsonaien izaerak ulertzen eta eraikitzen laguntzen dutelako, ez daude soberan. Zuzendaritza artistikoa ona iruditu zait, lehen esan bezala, sortutako atmosfera ona delako, eta amaiera... izugarri gustatu zait: hunkigarria, tragikoa eta apur bat itxaropentsua aldi berean. Batzuentzat gutxietsia, besteentzat ahaztua... 'Gattaca' pelikula on bat da, bitxia eta osoa. Gomendagarria.
Pelikulak etorkizun hurbil batean genetikaren aurrerapenen ondorioz sortutako baztertze soziala hartzen du oinarri gisa. Ideia hori sendotzeko, edota islatzeko, badira pelikulan zehar sinbolo bezala funtzionatzen duten zenbait elementu, agerikoena Jeromenen etxean dagoen eskailera dugu.
Bada eszena esanguratsu bat non Jeromek eskailera igotzen duen. Eszena horrek indibiduo batek helburu bat lortzeko izan ditzakeen borroka gogoak genetika aurrerapen gainetik daudela aditzera eman dezake.
Pertsonaiek beti aurrera egin nahi dute, atzera begiratu gabe, indarrik gabe geratu arte; eta horrek genetikak ezin dezake kontrolatu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario