28/4/13

'The ghost writer' (2010)


Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz
Roman Polanski: 'Carnage' (2011)

Gertaera tragiko batekin hasten da Roman Polanskik zuzendutako 'The ghost writer' pelikula. Adam Lang (Pierce Brosnan) Britainia Handiko lehen ministro ohiaren biografiaren idazlea hilda aurkitu dute kostaldean. Froga guztiek idazleak bere buruaz beste egin duela aditzera ematen dute, beraz, ikerketa bertan behera geratzen da. Langen biografia polemikaz inguratuta dago, politikoaren adierazpenek nazioarteko krisi bat piztu dezaketelako. Orain, bere agintaldian torturak eta bahiketak agindu eta baimendu izana leporatu dio politikoari berarekin gobernuan aritu zen ministro batek. Polemika piztuta, prentsa eta biktimen senideek politikoaren etxea inguratzen dute egunero.

Kritikak jaso arren, biografiarekin aurrera jarraitzea erabakitzen du Langek. Horretarako idazle berri bat kontratatuko du, aurrekoak ia bukatutako lana amaitu dezan. Ewan McGregor aktoreak "izenik gabeko" idazle hori gorpuzten du. Idazle anonimo bat da, politikaren inguruan ideia handirik ez duena baina eskaintza ekonomiko esanguratsu bat jaso ostean, politikoaren biografia idaztea onartuko du. Jatorrizko bertsioan "ghost" ezizena jartzen diote idazleari.




Roman Polanskik tentsioa eta interesa mantentzea lortzen du pelikulan zehar, eta gainera ikuslearekin jokatzen du atentzio puntu desberdinak sortuz. Ikuslea pelikulan murgiltzea lortzen du horrela, pertsona susmagarrien zerrenda propioa sortuz. Ikuslea "idazle fantasmaren" tokian kokatzen da. Izan ere, ikusleak ezagutzen duen informazio bakarra idazleak berak jasotzen duena da, ez gehiago ez gutxiago. Bere iraganaren inguruan ezer gutxi dakigu, bakarrik dago eta politika ez zaio gehiegi interesatzen, esan bezala, "izenik gabeko" pertsona da. 

Liburua inguruan dagoen misterio eta segurtasun neurri handiek idazlearen interesa piztarazten dute, eta kezkatzen hasten da. Pixkanaka bere kabuz ikertzen hasiko da eta oso baliotsuak eta arriskutsuak diren interes handiko informazioa topatuko du. Thriller politiko gisa agian, edukian kritika pixka bat falta zaio istorioari, baina hori ez zen Polanskiren helburua.

Robert Harrisen arabera, 'The ghost' liburuaren idazlea eta pelikularen gidoigileetako bat, Tony Blairri zuzendutako kritika batzuetan aurkitu zuen istorioa idazteko inspirazio nahikoa. Beraz, zenbat errealitate eta zenbat fikzio dago pelikulan? Ez dakigu. Baina kontu hori alde batera utzita, 'The ghost writer' thriller ona da, Hitchcocken pelikulen "izpiritua" partekatzen duena eta zine beltzaren ukitu txikiak dituena. Roman Polanskik oinarri klasikoa antzeman daitekeen pelikula bat egin nahi zuen, Raymond Chandlerren istorioak erabili ditu erreferentzia gisa. Raymond Chandlerek, besteak beste, 'The big sleep' eleberria idatzi zuen (gero Howard Hawksek horren moldaketa zinematografikoa egin zuen). Gainera, zenbait gidoi zinematografikoetan ere parte hartu zuen, adibidez Billy Wilderren 'Double Indemnity' pelikularen gidoian, eta Alfred Hitchcoken 'Strangers in a train' istorioaren gidoian. 

Beraz, 'The ghost writer' oinarri klasikoa duen pelikula da, non ikuslea jokoaren parte den. Tentsioa beti dago presente. Ekintza gehienak Adam Langen etxean gertatzen dira. Etxea estudio batean eraiki zuten grabaketari begira erosoagoa zelako. Etxe moderno, handi eta hotza. Gutxien gustatu zaidana amaiera izan da. Onera edo txarrerako, ikuslea ustekabean harrapatzen du eta sinbolismo kutsu bat du baina, aldi berean, presazkoa iruditu zait (dirudienez gidoian ez zegoen idatzita).

Laburtuz 'The ghost writer' thriller politiko interesgarria eta pelikula ona iruditu zait. Ikuslearen inplikazioa lortzeaz aparte, atmosfera erakargarria lortzen duena zenbait elementuri esker, hala nola, etengabeko euria, tokiaren aislamendua, planoak eta Alexandre Desplaten soinu banda. Gomendagarria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario