13/4/13

'To kill a mockingbird' (1962) - Atticus Finch eta Scouten begirada


'To kill a mockingbird' Harper Leek idatzitako eleberri bakarraren moldaketa zinematografikoa da. 30ko hamarkadaren gizarte estatubatuarraren erretratua egiteko bere haurtzaroan gertatutako zenbait gertaeretan onarritu zen Harper Lee. Depresio ekonomikoak ondorioak, arrazakeria, aurreiritziak eta inozentziaren galera dira istorioak lantzen dituen zenbait gai.

Atticus Finchi (Gregory Peck), Tom Robinsonen defentsa egitea egokitu zaio, ustez emakume zuri bat bortxatu duen gizon beltz baten defentsa. Atticusek printzipio argiak ditu, bere jokabidea okerbideratzea ezinezkoa da. Atticusek Tom Robinsonen abokatua izatea onartzen duenean auzokoen haserrea piztuko du. Abokatuaren ustetan, justiziaren aurrean pertsona justiak berdinak dira, eta edozein aurreiritzirengatik bere abokatu jarduna alde batera utziko balu, ez luke bere burua inoiz barkatuko. Atticus eta seme-alabek horren ondorioak pairatuko dituzte.


Atticusen alaba txikia, Scout, istorioaren narratzailea da (bai liburuan bai pelikulan). Hori dela eta, gertaerak sei urteko ume baten ikuspuntutik ikusiko ditugu. Begirada inuzente eta kurioso batetik. Scoutekin batera, Jem (anaia nagusia) eta Dill, oporrak herrian igarotzen dituen laguna, egongo dira. Epaiketaren ondorioak direla eta, egun batetik bestera inozentzia galduko dute eta haurtzaroari agur esango diote.

'To kill a mockingbird' ez da ohiko drama judiziala, protagonista gazteentzat ibilbide iniziatiko bat ere delako. Hasierako kredituetan marrazten eta abesten dagoen ume baten eskuak ikusten ditugu, horretaz gain gertatzen ari denarekin konexiorik ez duten zenbait objektu zahar ere ageri dira. Objektu guzti horiek esanahiez betetako kutxa baten parte dira, Jem eta Scouten "altxorraren" parte. Kutxan Boo Radley "misteriotsuak" eman dizkien objektuak gordetzen dituzte (figura batzuk, apurutako erlojua...)


Boo Radley ondoko etxean bizi den gizonaren semea da. Ez da etxetik inoiz ateratzen, eta bere pertsonaren inguruan asmatutako zurrumurru eta istorioak direla eta, umeentzat pertsona misteriotsu bat da, baina aldi berean sekulako beldurra diote.

Robert Mulliganek zuzendutako pelikularen nondik norakoetan murgiltzea erraza da, Scout ezagutu eta berehala istorioaren eta pertsonaiarekin bat egiten duzulako. Zinemak egindako eleberri baten moldaketa onenetako bat da. Epaiketaren trama eta Scout, Jem eta Dillen "abenturak" tartekatzen ditu zuzendariak, modu horretan drama kritiko eta hurbil bat sortuz.

Gregory Peckek Oscar saria jaso zuen egindako lanagatik. Baliteke Atticus Finchen pertsonaia aktoreak inoiz gorpuztutako pertsonaia ezagunena izaeta, edota zinemazaleek gehien gogoratzen dugun horietako bat. Ondo definitutako pertsonaia da, bere jokaera ulertu dezakezu ala ez; baina bere printzipioei fidela den pertsonaia da, ondo eraikitakoa. Aita, abokatu, irakasle... semeentzetan heroi antzeko bat da Atticus.

Zenbait gertaeren aurrean Atticusen jokabidea lasaiegia dela pentsa dezakegu. Atticus bere beldurrak barneratzen ditu, eta oso nekatuta egon arren beti dago laguntza eskaintzeko prest, bere esku dagoen guztia egingo du beti. Atticusek hartutako erabakietan beti justiziaren kontzeptua ageri da. Berarekin eztabaidatzeko prest dagoen edonor konbentzitu dezake. Baina "itsututa" dagoen epaimahai baten aurrean, defentsa onenak ere ez du ezer egiterik.


Aipatzekoa da ere aktore gazteen lana, inozentziaren isla baitira. Scout da istorioaren benetako protagonista, bidean gehien ikasten duen pertsonaia delako. Atticusek esan zion moduan "pertsona baten jokabidea soilik ulertuko duzu bere tokian jartzeko gai zarenean". Kasu honetan, Scout Boo Radleyren tokian jarriko da, bere babesle bihurtu den gizon misteriotsuaren tokian.

'To kill a mockingbird' pelikularen argazkigintza lana benetan ona dela uste dut. Itzalen bidez "munstro" ezezagun horren ideia eraikitzen dugu. Radley familiaren etxea gainera, itzaletan murgilduta dagoela dirudi eta sarreran zuhaitz ikaragarri bat dago, tokiari kutsu beldurgarriago bat gaineratuaz.


Baliteke pelikula eta liburuaren arteko desberdintasun nabarmenena Atticusen semeen izaerari dagokiona da, eleberrian informazio gehiago jasotzen dugulako. Baina orokorrean, pelikulak liburuaren esentzia mantentzen du eta Harper Leek jorratutako gai guztiak islatuta ageri dira. Pelikula on bat da, pertsonaia interesgarri batzuk dituena. Oso gomendagarria oraindik pelikula ikusi ez dutenentzat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario