3/4/13
'Billy Elliot' (2000) - Dantza egin nahi zuen gaztea
'Billy Elliot' zinema britainiarrak izan duen arrakasta handienetako bat da. Pelikula 2000.urtean estreinatu zuten, eta urte horretako Oscar sarietan aipatzekoak diren hiru izendapen lortu zituen (zuzendari, gidoi original eta emakumezkoen bigarren aktore onena). Oso gustuko dut pelikula hau eta bertan kontatzen diguten istorioa. Kutsu kritikoak dituen komedia dramatiko honen zuzendaria Stephen Daldry da.
Billy (Jamie Bell) boxeo klaseetara doa, aitak horrela nahi duelako. Gazteari ez zaio klase horietara joatea gustatzen, baina ez du aita desengainatu nahi. Egun batean, gimnasioan bertan ematen diren ballet klaseen berri du Billyk. Ezkutuan, aita eta anaiak horren berri izan gabe, Billyk boxeo klaseak dantza klaseengatik ordezkatzen ditu. Hori da Billyren tokia, bertan aurkitu du bere bokazioa.
Billyren ametsak familiak bizi duen egoera ekonomiko zailarekin talka egingo du. Pelikulan bi krisi esanguratsu ageri dira: batetik, krisi pertsonala edo identitate krisia; bestetik, ekonomikoa. Billyren aitak eta anai nagusiak meategi batean lan egiten dute, baina orain lan baldintza kazkarrak direla eta greban daude, lan baldintza hobeagoengatik borrokan. Ez dute kalean amaitu nahi. Euren helburuak lortzeko sakrifizioak egin beharko dituzte, guztiek.
Bitartean, Billyk "identitate krisi" bat bizi du. Egin nahi duena eta egin behar duenaren artean erabaki behar duen gaztea da. Ez ditu arazo gehiago sortu nahi. Orain, nor den eta zer izan nahi duen erabaki behar du Billyk. Gazteak dantzan aurkitzen du bere ihesbidea; aske sentitzeko modua eta, berak esaten duen bezala, ikusezin sentitzeko aukera bat. Billren laguntzailenagusia Wilkinson andrea (Julie Walters) da, dantza irakaslea. Emakumeak Billyk duen potentzial ikaragarriaz azkar jabetzen da, eta bere teknika hobetzen irakatsiko dio.
Dantzak pelikulan zehar jasotzen duen tratamendua gustatzen zait. Dantza Billyren lengoaia da, horren bidez gazteak bere sentimentuak adierazten ditu: zoriontasuna, amorrua... Billyk ez du ezer txarrik egiten, baina aitaren ustez bai. Gazteak horren zergatia jakin nahi du, baina, erantzunik izango ote du galdera horrek?
Pelikulak duen "epilogoa" gehiegi gustatzen ez zaidala esan behar dut, "urte batzuk geroago" unea. Eszena hunkigarria dela uste dut, bai; baina beharrezkoa ez dela pentsatzen dut. Stephen Daldryk ongi nahasten ditu drama eta komedia, eszena on nahikotxo ditu pelikulak. Orokorrean, 'Billy Elliot' pelikula ona dela pentsatzen dut, entretenigarri eta zenbait unetan zirraragarria. Aipatutako gaiez aparte, baita sexualitatea, galera baten gainditzea, harrotasuna edota aita eta seme baten arteko harremana jorratzen ditu pelikulak. Pelikula gomendagarria, nahiko osoa, eta esan bezala, aurreko hamarkadan zinema britainiarrak lortutako arrakasta aipagarrienetako bat.
Urteak igaro dira eta Jamie Bell aktoreak ez du "Billy Elliot pelikulako umea"-ren etiketa kentzea lortu, horrek alde on eta alde txar bat du. Batetik, badirudi Billy Ellioten papera antzeztu zuenetik ez duela beste lan aipagarririk egin (eta ez da horrela izan); bestetik, agerian uzten du dantzari gazteak arreta deitu zuela eta publikoa "irabazi" zuela bere ametsa betetzeko erakutsitako borroka gogoekin. Pertsonaia on bat.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario