24/6/13

'Man of Steel' (2013) - Identitate baten bila


Superheroien pelikulak jada ez dira bigarren mailako genero bat, gaur egun publikoaren arreta deitu eta dirutza ikaragarria biltzen duten pelikulak dira. Batman, Spiderman, Ironman, The Avengers, X-Men… komikien azken moldaketa zinematografikoekin hori gertatu da, publikoaren interesa pizten jarraitzen dute, eta eskaria baldin badago, superheroien pelikulek zinema-aretoak betetzen jarraituko dituzte. Hori guztia kontuan hartuta, normala da superheroi ikoniko honen itzulera. ‘Man of steel’ pelikulak osagai guztiak ditu epikoa izateko: Zack Snyder, Christopher Nolan, aktore talde ezin hobea, Zimmer soinu bandaren kargu… Ongi nahastuz gero, arrakasta ziurtatuta. Baina, nire ustez, zerbaitek huts egin du. Beste estreinaldi handi batzuekin gertatu den bezala (‘Prometheus’ekin adibidez), publizitate kanpaina erraldoi eta bikainak amaierako produktuaren kontra egin du.

‘Man of steel’ pelikula ikusita zenbait gauza gustatu zaizkidala esan behar dut, pelikularen aspektu “pertsonalarekin” erlazioa dutenak. Baina badira gustatu ez zaizkidan beste zenbait, adibidez akzio eszenen garapena pelikularen amaierako zatian (errepikakorrak, luzeak eta berrikuntza gutxikoak).



“Kryptondarrak” planetaren baliabide naturalak agortu dituzte, hori dela eta planeta desagertzear dago. Kryptonen, indibiduo bakoitza helburu zehatz batekin jaiotzen da. Ez dute aukerarik, eta egokitu zaien patua onartu behar dute. Planeta suntsitu aurretik Jor-Elek (Russell Crowe) bere seme jaio berria Lurrera bidaliko du. Jor-Elek semea Lurreko biztanleentzat esperantzaren sinbolo izatea espero du.

Bere benetako identitatearen bilaketa, bere jatorriak pizten dion kuriositatea, eta gizartean norbanakoak betetzen duen tokia aurkitzea dira Clark Kentek (Henry Cavill) izango dituen gatazka nagusiak. Clark bere Lurreko gurasoen baloreen arabera hezi da. Gurasoen helburua beti Clark gaztea babestea eta bere botereen ondorioz sortutako kezkei ahalik eta erantzun onena ematea izan da. Gurasoek Clark babesten dute gizartea bera bezalako pertsona “jainkotiar” bat onartzeko prest ez dagoela uste dutelako. Hori dela eta, bere gurasoen eta baita aita biologikoaren gomendioak kontuan hartuta, Clarkek jendaurrean bera den bezala erakusteko momentu aproposa zein den aukeratu beharko du. “Kryptondarrak” ez bezala, Clarkek aukeratzeko eskubidea du.  


Clark Kenten pertsonaiaren garapena gustatu zait. Ez dute forma kronologikoan erakutsi, baliteke aukera formal hori, nahiz eta bestelako gauza ez izan, pelikularen elementu aipagarriena izatea, originaltasun kutsu bat gehitzen diolako. Baita Superman “gizatiarrago” baten alde apustu egitea. Kolpeak eman baino, kolpeak jasotzen dituen gizona delako. Eroriko da, baina etengabe altxatuko da (Bruce Wayne eta ‘The Dark Knight’ trilogiarekin lotutako ideia).

Aktore taldearen lana orokorrean ona iruditu zait, baina batez ere Russell Crowe “eszena-lapurrarena” eta nola ez, Henry Cavillek egindako lana Superman/Clark Kent gisa. Erronka ez zen batere erraza, baina Cavillek nota onarekin gainditzen du. Cavillek superheroiari lehenago aipatutako gizatasuna gaineratzen dio. Begirada espresiboa du aktoreak, beldurra, kezkak eta samurtasuna erakusten dituena (adibidez, Kent eta amaren arteko eszena etxeko sarreran, motza baina ederra).


Gero, gutxien gustatu zaizkidan gauzak Zod generala (Michael Shannon) eta amaieran dauden gehiegizko akzio eszenak izan dira. Nire iritziz, superheroien pelikulen maltzurrak kontrolaezinak izan behar dira. Kaosa sortzeaz aparte, ez-usteko erabakiak hartzen dituzten maltzurrak. Kasu honetan, Zod generalaren motibazio bakarra bere betebeharra gauzatzea da. Kryptondar gisa egokitu zaion patua betetzea, Kryptondarrak babestea, eta hori lortzeko borroka egingo du.

Beste alde batetik, genero honen pelikula guztietan bezala, akzio eszena liluragarriak espero ditut. Baina oraingoan, akzioa gehiegizko izateaz aparte, ez da oso originala (beste zientzia fikziozko zenbait pelikulen estetikaren parekoak dira gainera). Eta lehenago aipatu dudan bezala, errepikakorrak dira. Pelikularen amaierako partea luzea eta geldoa iruditu zait. Pelikula bi atal nagusietan banatuta dagoela esan daiteke, bata pertsonaien garapenean oinarritzen da, eta bestea ordura arte lortutakoa akzio eszena amaigabeekin hondatzen duena. Zoritxarrez, ez dute espero nuen bezain beste arriskatu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario