30/6/13

'An affair to remember' (1957) - Maitasun istorio ahaztezina


 Erlazionatutako edukia: Leo McCarey - 'Duck Soup' (1933)

Leo McCareyk Cary Grant eta Deborah Kerr aktore karismadunak zuzendu zituen ‘An affair to remember’ drama erromantikoan. Pelikula, Leo McCareyk berak 1939an zuzendutako ‘Love affair’ pelikularen moldaketa da (Irenne Dunne eta Charles Boyer izan ziren orduan pelikularen protagonistak).

Alde batetik Nickie Ferrante (Cary Grant) dugu, bere musaren bila dabilen ospe gabeko margolari bat. Ferrante playboy harroputz bat da, ego handia duena. Ferrantek neska-laguna du. Bestetik Terry McKay (Deborah Kerr) dugu, klub batean lan egiten duen abeslari arrunt bat. Nickieren antzera, Terryk bikotekidea du. Nickie eta Terryren arteko erakarpena euren begiradek bat egiten duten une berean sortzen da.


‘An affair to remember’ pelikula bi ataletan bereizi dezakegu: lehenengo atalaren tonua komedia erromantikotik hurbil dago eta itsas bidaiari dagokio. Bigarren atala, aldiz, melodramatik gertuago dago. Pelikula, nolabait, igoera eta jaitsiera (emozionalez) betetako pelikula da. Ideia hau Nickie erlazio pertsonalei buruz duen definizioarekin bat egiten du. Nickieren arabera, pertsona batek (edo maitasuna orokorrean) idealizatzerako orduan, espektatiba handiak sortzen dira; eta espektatiba horiek gero eta handiagoak direnean, errealitatea onartzekorako orduan desengainua handiagoa izango da, mingarriagoa.

Esan bezala, biek bikotekidea dute eta errealitate hori onartu beharko dute. Maitemindutako bikotekideak promesa bat egiten du bidaiaren amaieran: sei hilabeteko epea izango dute euren egoera pertsonala argitzeko, epe hori igarota euren maitasun istorioarekin aurrera egiteko prest badaude, Empire State eraikinaren azken solairuan elkartuko dira.

Nickiek eta Terryk oroitzapen perfektua sortu dute, eta ez daude bidaia zoragarri horretan gertatutakoa ahazteko prest. Nire ustez, pelikularen elementu aipagarriena eta indartsuena bi protagonistek duten kimika da. Pelikula xarmaz betetzen dute, eta ez hori bakarrik, baita gozotasun eta pikardia apur batez. Bigarren atalean, hunkitzen gaituzte. Begiradak, keinu ia ikusezinak… Gainontzeko bidaiaren interes gune bihurtzen da bikotea. Elkar ulertzen dira era perfektuan. Euren sentimenduak erakusteko unean badira hitzak beharrezkoak ez diren zenbait eszena kurioso.


Perfektua den izkutatutako lehen musu bat. Keinu txiki bat. Asko dira gustatzen zaizkidan xehetasunak. Eta nola ez, amaierako biraketa dramatikoa. Biraketa horri esker amaiera hunkigarri, sentimental, melodramatiko ia perfektua lortzen dute. Hala ere, badira gehiegi gustatu ez zaizkidan zenbait gauza. Adibidez, pelikulan dauden eszena musikalek pelikularen erritmoa apurtzen dute, geldoak direlako. Ederrak dira, bai (Nickiren amonaren kasuan), baina abestiek pelikularen izenburuari (oro har, maitasun istorioari) erreferentzia egiten dioten arren, ez da nahikoa; eta esan bezala pelikularen dinamika oztopatzen dute.

Orokorrean eta laburtuz, ‘An affair to remember’ drama erromantiko ona dela pentsatzen dut, nahikotxo gustatzen zaidan pelikula da, eta pelikularen izenburuak adierazten duen bezala, gogoratzea merezi duen maitasun istorioa da. Atsegin eta hunkigarria. Amaiera, zoragarria.

Zenbait xehetasun (spoilerrak)

Badira pelikulan pareko egitura duten bi plano eta ahaztu nahi ez duten maitasun istorio horren ideiarekin lotuta daudenak. Plano bat Terryri dagokio, bestea Nickieri.


Terryren planoan, emakumea erdian kokatuta dago eta eszena horretan bere erlazioa apurtu berri du, Nickie maite duelako. Une horretan, Terryk gehien desiratzen duena Nickierekin lehen bai lehen egotea da. Nickierekin biltzeko falta diren sei hilabete horiek igarotzea nahi du, hau da, Empire State eraikinean egotea. Bere desira, promesa horren oroitzapena, atearen kristalean islatuta ikusten dugu.


Nickiren planoaren protagonista aldiz, koadro bat da. Eszena pelikularen klimaxari dagokio. Une horretan, koadroa ikustean, Nickie benetan gertatzen ari denaz jabetzten da. Terry ezkutatzen saiatzen den horretaz. Planoan, Nickie ezkerrean kokatzen da, eta behin desiratu zuen hori (eta desiratzen jarraitzen duena), ispiluan islatuta ikusten dugun koadro horretan ageri da.


Bi isla desberdin, bata Empire State eraikina eta bestea koadroa. Bere istorioan giltzarri diren bi elementu eta istorioaren garapena agerian uzten dutenak. Oroitzapen bati eusteko bi era. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario