5/6/13

'Ace in the hole' (1951) - Sentsazionalismoa eta iritzi publikoa


Erlazionatutako edukia:

“Tell the truth” Albuquerqueko egunkari txiki baten leloa da. Egunkari horren erredakziora Charles Tatum (Kirk Douglas) lan bila joango da. Tatumek kazetaritza sentsazionalista odolean darama; istorio on bat idazteko edozer egiteko prest dagoen kazetaria da. Erredakzioaren leloaren kontra egitea ez dio batere kezkatzen. Printzipio argiak ditu: interes publikoaren arreta deitu behar duen albiste bat sortzerako orduan, etika eta moralarentzat ez dago tokirik.

Bere lan metodoak kolokan jartzen dituztenean, bere albisteak “sentsazionalistak” baino sentimentalak direla defendatzen du Tatumek. Baina egia esanda, bere hitzak sinestea ez da batere erraza. Herrialdeko egunkari garrantzitsuenetatik kaleratu dute, salaketa ugari jaso ditu… Anbizio handiko pertsona harroputz, berekoi eta manipulatzailea da. Eskrupulu gutxiko kazetaria. Esan bezala, Tatumek badaki istorio on bat sortzen, eta are garrantzitsuago, gertaera mota zehatz batzuen aurrean iritzi publikoaren jokaera eta erantzuna nolakoa izango den badaki.



Orain, herri aspergarri horretan harrapatuta dago. Bertan ez da ezer interesgarri gertatzen, albiste perfektuarekin topo egiten duen arte: gizon bat lur jausi batean harrapatuta dago ihes egin ezinik. Eskuartean duen materiala ikusita, testua egituratzen hasten da (pertsonaia desberdinak eta guzti). Albiste horrekin kazetaritzaren gailurrera igoko dela uste du. Horretarako lortu behar duen lehengo gauza biktimaren erreskatea ahalik eta gehien luzatzea izango da. Albistea laster zirko mediatiko batean bilakatuko da. Are gehiago, bertara hurbiltzen diren kuriosoak fama une bat lortzeagatik borrokatzeko prest egongo dira.
Wilderrek zuzendutako beste zenbait pelikuletan gertatzen den bezala, ‘Ace in the hole’ (edo ‘The Big Carnival’) pelikulan ezer ez da dirudiena. Guztiek gezurra esaten dute, eta horren lekuko gara. Pertsonaia guztiek diote euren helburua biktima laguntzea dela, baina errealitatean euren jarrerek guztik kontrakoa erakusten dute.


Adibidez, Lorrainen jarrera, biktimaren emaztea. Aspertuta bizi den emakume bat da, bere gasolindegian arraroa da bezeroak ikustea. Ez du egoera gehiago jasaten eta alde egin nahi du. Ez dio axola senarraren egoera latza. Hala ere, Tatumek saltzen dion ideia erakargarria entzun ondoren, jokoaren parte bihurtzen da. Behin albistea publikatuta, bere gasolindegia bezeroez betetzen da, hau da, diru kantitate itzelak irabazten hasten da. Emakumea Tatumen puzzlearen pieza bat baino ez da, albistearen beste faktore bat besterik ez. Antzeko zerbait gertatzen da tokiko sheriffarekin. Kasu honetan, biktimaren erreskatea luzatzeko prest egongo da, trukean Tatumek sheriff izateko kanpainan lagundu beharko dio sheriffari.

‘Ace in the hole’ pelikulan, giza jokabidearen alde ilunena erakusten digu Wilderrek. Drama eta zine beltza nahasten dira pelikulan, pertsonaien ekintzen oinarrian desira, anbizioa eta berekoikeria baitaude. Pelikula zuzendariaren lehen porrot handia izan zen. Zergatik? Mundu guztia erruduna delako, eta nagusia, ikuslea bera. Hala erakusten du Wilderrek, ikuslea biktimaren inguruan eraikitako zirko horretara hurbiltzen diren pertsonen parean kokatuz. Akusazio hori ez zen ikusleen gustukoa izan. Lastima baino, ikuslea haserrea sentitzen du pertsonaien jokabidearen aurrean. Ez ditugu bere hitzak sinesten, eta damutze saiakera txikiena ere sinesgaitza dirudi.


Esan bezala, gizakien jokabidearen alde ilunena erakusten duen pelikula ona da. Gainera, kazetaritza sentsazionalistak audientziaren arreta erakartzeko duen erraztasuna agerian ere uzten du. Urteak igaro dira eta pelikula oraindik indartsu mantentzen da, erakusten duen errealitatea eta gaur egun zenbait komunikabideek egiten duten “kazetaritza” nahiko parekoa delako. Ez da pelikula atsegina, baina bai gomendagarria. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario