Gero
eta ohikoagoa da hype hitza entzutea,
pelikula askok sortzen duten sentsazioa baita. Estreinu batekiko interesa edo
pelikula zehatz bat ikusteko irrika. Promozio modu itzela da, baina alde
negatibo nabari bat du, espektatibak gero eta handiagoak direnean, dezepzioa
gero eta handiagoa izango da. Kasu honetan, guztiz kontrakoa gertatu zait. Ez
nuen ‘The lone ranger’ ikusteko gogo handirik, bere egunean pelikularen
trailerrak nire arreta deitu ez zuelako. Baina, azkenean ikusi dut, eta nire
sorpresarako, zenbait hutsune dituen arren, entretenigarria iruditu
zait. Ongi pasatu dut pelikula ikusten.
John Reid (Armie Hammer) abokatu bat da,
mendebaldera bueltatu da zenbait urte kanpoan igaro ondoren, orain tokiko
fiskala da. Trena ailegatu berri da bera bizi den herri txikira, eta bertakoek
pozik ospatzen dute, indioak salbu. Eurek euren lurraldea nola suntsitu duten
ikusi behar izan dutelako. Trena, modernotasun eta garapenaren sinbolo, poza
herritarrentzat, oparotasuna enpresarientzat. John Reidek beti legeen arabera jokatzen du, bortizkeriaren
erabilpena ukatzen du. Printzipio nahiko argiak ditu. Egun batetik bestera,
bere bizitzako abentura handienean murgilduko da.
‘The lone ranger’ abentura pelikula entretenigarria
da. Texako rangerrekin batera doanean, Johnek eta rangerak erasotuko dituzte,
bera izango da bizirik aterako den bakarra. ‘Tonto’ (ala ‘Toro’ bikoizketaren
arabera) izeneko indiar batek aurkituko du eta Johnen bizitza salbatuko du.
Tontok
eta “ranger bakartiak” helburu komun bat dute, eta bideari batera ekingo diote.
Iheslariak topatu beharko dituzte, mendeku bila. Gertakizun tragikoek
baldintzatuta, John Reid ‘The lone ranger’ izatera pasatuko da.
‘The lone ranger’ herritar guztiek ezagutzen duten
kontaketen protagonista bihurtuko da, umeen heroia da, euren idoloa da eta
euren heroiaz mozorrotzen dira. Istorio horiek beti errealitatea eta fikzioaren
arteko mugan kokatu dira. ‘The lone ranger’ pelikulan beti zalantzak izango
ditugu, heroien istorioak egiazkoak ote dira? Baina orain, ez ohiko gauza
gertatzen da, mitoa eraiki ordez, suntsitzen saiatzen dira.
Tonto
zaharra dugu pelikula honen narratzailea (flashbacken bidez banatutakoa).
Indiarra orain feria baten atrakzio baten parte baino ez da, eta “the lone ranger”
gisa mozorrotuta dagoen ume bati bere espektakulua eskaintzen dio. Umeak
sinesgaitz eta dezepzio apur batekin entzuten ditu indioaren hitzak. Hori bai,
umearen esku egongo da hitz horiek sinestea ala ez.
‘The
lone ranger’ pelikulak oso kritika txarrak jaso ditu Estatu Batuetan, eta
horrek eragin zuzena izan du pelikularen irabazietan. Behin pelikula ikusita,
hain gaizki ez dagoela esan behar dut. Gore Verbinskik zuzendutako pelikularen
akats nagusia gauza gehiegi batera egin nahi izan dituela dela uste dut, hori
dela eta, zenbait aspektutan ez du funtzionatzen. Western bat da, abenturazko
pelikula bat; baina baita komedia bat ere, slapstick
uneak dituena (tartak harriengatik ordezkatuz, baina beno). Horretaz gain,
drama bat izaten saiatzen da. Pelikulak dramari une gehiegi eskaintzen dizkio,
eta hori pelikularen une ahulena da. Zentsu horretan, pelikularen erdiko atala
luzeegia suerta daiteke.
Bestetik,
bada faltan botatzen den informazioa zenbait eszenetan, eta kasualitateek
beharrezkoa den baino protagonismo gehiago dute. Adibidez, behin baino
gehiagotan zera pentsa dezakegu: nondik
dator pertsonaia hori? Nola enteratu da planaz? Pertsonaiei buruz euren
helburuak zeintzuk diren jakiteko informazio justua dugu, baina euren arteko
harremanak azalean gelditzen dira, ez dituzte gehiegi garatzen.
Pelikularen
hasieran pertsekuzio entretenigarri bat dago, ahoa irekitzeko eta gure arreta
deitzeko modu egokia; amaieran beste pertsekuzio bat dago, bain hori
ikusgarriagoa eta dibertigarriagoa da (pelikularen une onena). Zein da arazoa?
Pertsekuzioen artean, pelikulak indarra galtzen duela, lehenago esan dudan
moduan, atal dramatikoak ez du guztiz funtzionatzen, eta akzio gutxiago dago.
Hala eta
guztiz ere, nahiko ongi pasatu dut, pelikula ez da pentsa daitekeen bezain
inozoa. Barre egin dut, eta Johnny Depp komikotasuna ‘Tonto’ gisa ongi
funtzionatzen du. ‘The lone ranger’ pelikulan Monument Valley mitikoa berriro
ikusten dugu. Baita generoaren ohiko elementuak ageri dira: ekialde eta
mendebaldearen arteko izaera desberdintasuna, trena, edota maltzurren anbizioa,
kasu honetan zilarrarengatik.
Bestetik,
nahiz eta saiatu, ezinezkoa da ‘Tonto’ eta ‘Jack Sparrow’ ez konparatzea.
Pelikula ikusi aurretik nuen beldurretako bat Sparrow pirataren itzala
gehiegizko presentzia izatea zen, baina ez da horrela izan. ‘Tonto’k bere bitxitasunak
dituelako. Ez da hain eszentrikoa eta etengabe errepikatzen duen keinu baten
bidez (txoriari janaria ematearena), bere “marka” sortu du. Gainera, ez da
Sparrow bezain konplexua. Pirata beti bere interesei begira jokatzen zuen eta
lagunak traizionatzek arazorik ez zuen. Tonto, leiala da. Baliteke konparaketa
zilegia ez izatea, baina beno, Deppen lana gustatu zait.
Gore
Verbinskik ‘The lone ranger’ pelikulararako ‘Pirates of the caribbean’
pelikulen talde tekniko berbera batu du, horregatik, Hans Zimmer musikagilea
ezin zen falta. Kasu honetan bere soinu bandak ez du hainbeste presentzia, edo
ez da hain indartsua; baina zenbait unetan klabea da, adibidez, amaierako
eszenan. Rossiniren William Tell musikaren moldaketa ikaragarria eginez,
pertsekuzioa epikotasunez eta komikotasunez betetzen du. Eszenarekin bat egiten
du era perfektuan.
Laburtuz,
‘The lone ranger’ entretenigarria iruditu zait, zenbait une ikaragarri ditu,
baina erdiko parteak ez du guztiz funtzionatzen. Hori bai, zineman arratsalde
on bat pasatzeko, nahikoa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario