‘Last
night I dreamt I went to Manderley again…’ esaldi ospetsu horrekin hasten da ‘Rebecca’ film luzea, Alfred Hitchcockek AEBetan zuzendu zuen lehen
pelikula. Suspensearen maisuarentzat ‘Rebecca’
pelikula nahiko arrunta zen, bere hitzetan geroago zuzendutako pelikulen
estilotik aldenduta zegoen. Hitchcocken ustez, ‘Rebecca’ pelikulan umorea falta zen. Baliteke zuzendariaren
gustukoa ez izatea, hori bai, pelikulak denboraren igarotzea primeran jasan
duela ezin daiteke ukatu. ‘Rebecca’ drama
psikologiko bat dela esan daiteke. Pelikulan jorratzen diren gaien artean,
iraganaren pisua eta oroitzapenen garrantzia topa ditzakegu, besteak beste.
Pelikula ona, atmosfera ez-eroso bat eraikitzen duena, eta sorpresaz betetakoa.
Hasieran,
pelikularen akzioa Montecarlon kokatzen da, opor garaian. Neska xume bat (Joan
Fontaine), Van Hooper andrearen laguntzaile gisa lan egiten du. Ez dakigu
neskaren izena zein den, baina inozentea, traketsa eta lotsatia dela badakigu.
Egun batean, itsaslabar baten ertzean De Winter jaunarekin (Laurence Olivier)
topo egiten du. Maxim De Winter aristokrata
ingeles bat da eta emaztea galdu berri du. Berehala maitemintzen dira. Ohikoa
den moduan, lehenengo egunetan dena idilikoa da. Maila soziala zein adin
diferentziak ez dute axola, badirudi neskak inoiz amestutako printzea aurkitu
duela ustekabean. “Izenik gabeko” neska, De Winter andrea izango da orain.
Senar-emaztea Manderley izeneko etxe erraldoira bizitzera joango dira. Etxe
barroko eta apur bat beldurgarria. Eraikina
pelikularen beste protagonista bat izango da.
Maitasun
istorio idiliko horretan hasieran zegoen magia desagertzen joango da Manderleyn bizitzen hasten diren unean. Rebeccaren
oroitzapena, hau da, De Winter jaunaren emazte izandakoaren oroitzapena, beti
dago presente. Orain De Winter andre “berria” presionatuta sentitzen da.
Ingurukoek berarengan jarri dituzten espektatibak betetzeko gai ez dela
pentsatzen duelako, ezin dezake Rebecca
ordezkatu. Egoera horrek psikologikoki gainditzen du, Rebeccaren mamuaren
aurka borrokatu beharko du. Eta borroka, ez da erraza izango.
Oroitzapenek
nahiko garrantzia dute pelikulan. Hasieran entzuten dugun elkarrizketa batean,
Joan Fontainek antzeztutako pertsonaiak oroitzapenak gauza positiboak direla
dio, gordetzea merezi duten zerbait. Maximek, kontran, oroitzapen txarrek
orainaldia baldintza dezaketela pentsatzen du. Eta horrela erakusten dizkigu
Hitchcockek.
Pelikulan zehar oroitzapen zoriontsuak pantaila batean
proiektatuta ikusten ditugu, Manderleyko egongelan. Irudi horietan dena zoriontasuna
da, argitasuna. Baina Manderleyren hormen barruan itzalek gero eta indar eta
toki gehiago hartzen doaz. Rebeccaren presentzia gero eta indartsuagoa dela
dirudi.
Itsasoa,
haizea, itzalak… Hitchcockek elementu batzuekin atmosfera bikaina eraikitzen
du. Rebeccaren presentzia nabari daiteke, nahiz eta fisikoki ikusi ez.
Atmosfera hori eraikitzeko prozesuan, Denvers
anderearen pertsonaia funtsezkoa da: Manderleyren giltzazaina.
Denvers
ia ohartu gabe agertu eta desagertzen da, abisatu gabe, ez du soinurik egiten,
ez du ezer adierazten, ia ez ditu begiak kliskatzen, eta gutxitan ikusten dugu
ibiltzen, arraroa badirudi ere. Denvers andreak Rebeca miresten eta maitatzen
zuen. Denvers eraikinaren parte izango da, eta Rebecca “bizirik” mantentzeko
ardura izango da berarena. Beti dago adi eta begira. Beldurgarria, eta
gorrotagarria.
‘Rebecca’ pelikulan Hitchcocken pelikuletan ohikoak diren zenbait
gai lantzen dira: erruduntasun sentimendua (hala ere, De Winter jauna errudun
sentitzen al da?) edota gauza ederrek ezkutatzen duten alde beldurgarria
(adibidez, Rebbeca emakumeen artean ederrena omen zen, perfektua. Gero,
Manderley eraikina dugu, erraldoi eta ederra, baino pixka bat beldurgarria aldi
berean).
Pelikulan
ageri den beste gatazketako bat Joan Fontainek gorpuztutako pertsonaiaren identitate bilaketarekin zerikusia du.
Lehenengo gauza, ez dakigu zein den bere izena. De Winters andrea Rebeccaren
izaera bereganatu behar duela uste du (aukera guztiz okerra). Rebeccak egun
batean jantzi zuen soineko dotore bat janzten duenean (Denvers andrearen
gomendioa jarraituta, nola ez), sorpresa baino, gorrotoa eragingo du.
Identitate propio bat eraiki beharko du, eta gauzak argi utzi, bera da De Winter andrea, eta ez Rebecca edo
beste inor. Iragana atzean utzi beharko dute.
‘Rebecca’ esan bezala, ipuin bat bezalakoa da, guztiz harrapatzen
zaituen drama erromantiko bat, baliteke gauzaren bat edo beste erantzun gabe
uztea, baina hori bigarren mailako gauzak dira. Pelikula biraketaz beteta dago,
txundigarriak guztiak. Aktore taldearen lana oso ona iruditu zait.
Pelikulak
2 Oscar sari lortu zituen (guztira 11 izendapen). Pelikula onenaren eta
argazkigintza onenaren sariak irabazi zituen. ‘Rebecca’ orokorrean, asko gustatu zait. Hitchcockek lortzen duen
tentsio eta intriga pelikulan zehar mantentzen da, arreta mantenduz.
Zuzendariaren pelikulen top 5-ean sartu da zuzen zuzen. Oso gomendagarria.
No hay comentarios:
Publicar un comentario