11/8/13

'The Seven Year Itch' (1955) - Marilyn Monroe, zinemaren ikono


Erlazionatutako edukia: Billy Wilderren monografikoa

 Aii... zentzura!! 'The seven year itch' pelikularen amaierako muntaketan eragin zuzena izan zuen garaiko zentsurak eta azken emaitza Wilderri ez zitzaion gehiegi gustatu. 50ko hamarkadan zegoen zentsura oraindik zorrotza zen, eta zentsura horrek baldintzatuta, pelikulan ezin zen "adulteriorik" egon. Eszena inozenteena ere, adibidez ohean ahaztutako urkila baten irudia, ausartegia zen zentsoreentzat. Baina, pelikulak zerbait irabaziko luke esplizituagoa izan balitz? Ez dut uste.

Une gatazkatsuenetan sortzaile onen zorroztasuna eta trebetasuna ageri da, eta zentsura saihesteko jokoa hasten da. Billy Wilder ondo aritzen zen joko horretan, maisu eta erreferente ezin hobea zuelako: Ernst Lubitsch zuzendaria (zentsura saihesterako orduan, errege). Zentsuraren kontua alde batera utzita, bazen Wilderren gustukoa ez zen beste gauza bat: Tom Ewell aktorea. Billy Wilderrentzat Walter Matthau zen Richar Shermanen pertsonaia gorpuzteko aktore aproposena, baina Fox ekoiztetxeak pertsonaia hori Tom Ewellentzta izan behar zela inposatu zuen. Hala eta guztiz ere, karisma apur bat falta zitzaion arren, Tom Ewellek ez zuen lan txarra egin. Hori bai, pelikularen izar distiratsuenaren aurrean, Ewellek ez zuen zer egiterik: Marilyn Monroe da pelikularen erregina.





'The seven year itch' pelikula George Axelrdek idatzitako antzezlanean oinarritzen da. Marilyn Monroek "neskaren" ('The girl') rola betetzen du, bere pertsonaiak ez baitu izenik. Richard Sherman (Tom Ewell) ezkonduta dago, semea eta emaztea oporretan daude eta bera "Rodriguez" bezala geratu da, bakar bakarrik. Shermanek irudimen ikaragarria duen gizona da. Emaztearen eta medikuaren aholkuak jarraituz, bizitza osasuntsu bat eramaten du, tentazio guztietatik urrun mantentzen saiatzen da: tabakoa, alkohola, desira sexuala...  Goiko pisuan bizi den emakumea ezagutzen duenean, guztiz urduri jartzen da, ezin du bere burua kontrolatu. Bera, erreprimitutako gizona, ez du tentazioetan erori nahi... Lortuko ote du?


 Lehenago esan bezala, pelikularen izarra Marilyn Monroe da: inuzente, gozo eta sentsualitatearen isla. Marilyn Monroe inoiz baino ikonoago. Bere pertsonaia, estereotipatua egon arren, xarmagarria da. Billy Wilderrek mazeta baten erorketaren bidez aurkezten digu Shermanentzat "Eva" tentagarria izango den neska. Auzokidea ikustean, Shermanen bizioak berpiztuko dira: erretzen hasten da, edaten, gordetako fantasiak askatzen ditu... Erreprimitutako desira hori kontrolatzen ikasi beharko du, gizon heldua delako, ez nerabe bat. Bere araua fideltasuna den arren, beste emakume batzuekin amesten du etengabe. Fantasia horietan dandytzat du bere burua, gizon erakargarrienen artean erakargarriena dela pentsatzen du.

'The seven year itch' (zazpi urteen azkura) ez da zinemaren historiara pasa komedia itzela izateagatik, nahiko sinplea baita, zinearen historian leku hartu du eszena ospetsu batengatik. Ehundaka kurioso hurbildu ziren eszenaren grabaketa ikustera, guztiek aireak Marilyn Monroeren soinekoa nola altxatzen zuen ikusi nahi zuten, zuzenean. Bitxia da, baina pelikularen irudi mitikoena ez da pelikula beran azaltzen, hau da, eszena ageri da baina ez dugu Marilynen gorputz osoko planorik ikusten une horretan, eszena bizpahiru planotan moztuta ageri delako. Esan bezala, irudi mitikoa.


'The seven year itch' pelikula sinppea da, azkarra eta dibertigarria. Elkarrizketak baino, Shermanen bakarrizketek eta fantasiek osatzen du ildo narratiboa. New York bero batean girotzen da istorioa, baina aire girotu sistema onenak ere Shermanen etxean dagoen beroa ez du desagerraraziko. Ez da zuzendariak egindako komedia onena, baina, dudarik gabe, pelikula entretenigarria da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario