21/8/13

'Zombieland' (2009) - Zombie eta Twinkieak


Zombiez betatako mundu batean gutxi dira bizirautea lortu duten gizakiak. Horien artean Columbus (Jesse Eisenberg) dago: mutiko nahiko asoziala, lotsatia eta oso beldurtia. Columbusek zombien otordu bihurtzea ekiditeko bete beharreko arauak apuntatzen doa. Ez ditugu arau guztiak ezagutzen, baina gutxienez “bizirauteko arauen zerrenda” 32 arauez osatuta dago. Mota guztietako arauak topa ditzakegu bertan, adibidez “Hil eta errematatu” edota “Segurtasun-uhala jar ezazu”.

Columbusen bizitza errutinarioa hankaz gora jarriko da Florida (Woody Harrelson),  “zombie hiltzaileen” trebeen artean trebeena, ezagutzen duenean. Baldintza berriak direla medio, eta beste gizon bitxi bat bere abenturara batu dela kontuan hartuta, Columbusek pixkanaka lehenago aipatutako “bizirauteko arau zerrendaren” arauak moldatzen joango da. Florida ez da izango zombie-hiltzaile familia kurioso honen kide berri bakarra. Bidean, bikoteak Litte Rock (Abigail Breslin) eta Wichitarekin (Emma Stone) topo egingo dutelako. Bi ahizpa borrokalari eta batere inuxenteak, bizirauteko edozer egiteko prest daudenak. Inorengan konfidatu daitekeen usteldutako mundu batean... Bizirautea lortuko ote dute?


‘Zombieland’ Ruben Fleischerek zuzendutako komedia terrorifiko bat da. Pelikula entretenimendu hutsa da, besterik ez. Pelikularen iraupena bikaina da (88 minutu eskas), baina denbora nahikoa da une entretenigarria bat pasatzeko. Pelikularen hasieran dena oso arin pasatzen da, odolak eta tripak daude eta ahora zerbait eraman nahi duten zombie gosetiak. Lehenengo atal horretan Columbus ezagutuko dugu, istorioaren narratzailea.

Pelikularen erdiko partean, erritmoak behera egiten du. Pelikularen atal “gizatiarrena” da, nolabait esanez. Baina aldi berean, une hori funtsezkoa da pertsonaiek dituzten helburuak ulertzeko. Atal horren erritmo falta zuzendariak modu onenenean osatzen du: zinemaren historian izandako kameo onenetako bat sartuz. Gag hori pelikularen une gorenetako bat da.

‘Zombieland’ pelikulatik gehien gustatu zaidana bere pretentsio eza izan da, hau da, bere helburu bakarra istorio dibertigarri eta entretenigarri bat kontatzea baino ez da, ideia sinple batez hasita: mundu apokaliptiko batean bizirautea. Protagonistek euren helburuak zeintzuk diren nahiko argi dituzte, eta ohiko zalantza existentzialak edota iraganeko minak bigarren plano batean geratzen dira. Euren izaeren inguruan jasotzen dugun informazioa ez da gehiegi, baina nahikoa da euren jokaerak ulertzeko eta euren izaera definitzeko. ‘Zombieland’ pelikulan gauza txikiak bihurtzen dira pelikularen motor, Columbusen zerrendaren 32.arauak dioen bezala: “Gauza txikiak disfrutatu itzazu, horrek gauza ugari suntzitzea esan nahi badu ere”.

Arau horri kasu eginez, beldurren gainditzea edo maitatutako pertsona baten galera bigarren plano batean geratuko dira, eta ez-ohiko helburuez ordezkatuko dituzte, hala nola: neskaren ilea bere belarriaren atzean jartzea, ala planetan geratzen den azken Twinkiea aurkitzea. Helburu sinpleak, baina ondo lotutakoak.


Zombiez aparte, ‘Zombieland’ pelikulan aktore talde on bat ikus dezakegu. Protagonista eta istorioaren narratzailea Jesse Eisenberg dugu. Pertsonaia mota hau bikaina da berarentzat: mutil nerd bat, lotsatia, urduria eta beldurtia, heroia bihurtzeko unea dela pentsatzen duena. Pertsonaia mota hau beste aktore batentzat ere oso aproposa izan daiteke: Michael Cerarentzat, Junoren mutila izan zenetik pertsonaia mota horiek interpretatzen aditua delako. Jende askok, bi aktore hauek nahasten ditu, eta seguruenik parekotasun hori fisikoa baino, askotan interpretatu dituzten pertsonaien izaererekin lotuta dago. Badakit garrantzi gutxiko datua dela, baina konfusioa beti bitxia iruditu zait. Bestetik, Woody Harrelson itzel dago Florida bezala, eta Emma Stone nahiko ongi betetzen du gerrarako prest dagoen emakumearen papera.

Laburtuz, komedia beltz eta terrorifiko bat izanez, barre gehiago egitea espero nuen. Pelikula sinplea da, interesgarria, baina hasieratik erraz aurreikus ditzakegu zenbait gauza. Baina aurretik esan bezala, bere erritmo, iraupen, aktore talde, soinu banda eta zenbait une mitikoei esker, Fleischerrek pelikula nahiko entretenigarria egitea lortzen du. Ongi pasatzeko eta deskonektatzeko pelikula gomendagarria.


No hay comentarios:

Publicar un comentario