27/11/13

'Brief encounter' (1945)


Keinu sinple bat


Erlazionatutako edukia: 'Lawrence of Arabia' (1962)

Bizitza arrunt bat bizi dezakezu, egunero errutina berbera jarraituz: lanera joan, inguruan dituzun horiek zaindu… Gorabeherarik gabeko bizitza bat, non zoriontsu ez izateko aitzakia posiblerik ez dagoen. Baina, zer egingo zenuke, ezkonduta egon arren, beste pertsona batez erakarrita sentitzen bazara?

‘Brief encounter’ zine britaniarraren ale ederra da. David Leanek zuzendutako pelikula da. Pelikularen protagonistak Laura Jesson (Celia Johnson) eta Alec Halvey (Trevor Howard) dira. Laura ezkonduta egon arren, Alec Halveyz doktoreaz maiteminduko da (medikua ezkonduta dago ere). Biek bizitza egonkor bat dute, baina kasualitatez tren geltokiko tabernan topo egingo dute. Bien artean adiskidetasun polit bat sortuko da, baina pixkanaka adiskidetasun hori maitasun istorio debekatu batean bilakatuko da.


David Leanen pelikula asko gustatu zait. Tristea da, erromantikoa, gazi-gozoa. Pelikularen egitura narratiboa eta flashbacken bidez egindako informazioaren banaketa gustatu zait, eraginkorra da. Laura, bere etxeko egongelan dago, senarra alboan duela. Protagonistak zalantza ugari ditu, egindako zerbaitengatik lotsatzen dela dirudi, baina oraindik ez dakigu zergatik. Laurak zalantzak ditu, senarrari Alec-ekin izandako maitasun abentura kontatu ala ez kontatu. Besaulkian eserita dagoela, senarrari bizitako esperientzia kontatzeko “diskurtsoa” eraikitzen hasten da, guzti hori off ahotsean. Modu horretan, Laura, senarrarekin istorioa partekatu aurretik (ala ez), ikuslearekin soilik partekatzen du bere sekretua.

Laura eta Alec batera ikusten dugun lehen aldian, protagonistaren ezagun batek euren “unea” mozten du. Hasieran emakume kuxkuxero eta astun bat da, baina amaieran, eszena berdin horretara bueltatzen garenean, gorrotagarria izango da.


Alec eta Lauraren arteko maitasun istorioa ez da guztiz zoriontsua izango. Euren topagunea tren geltoki ilun bat da. Batera dauden minutu bakoitza azkena izan liteke, une bakoitza aprobetxatu behar dute. Trenak igarotzen dira, bizitza eta denbora ez dira gelditzen. Protagonistentzat soilik oraina existitzen da.
‘Brief encounter’ pelikulan ez daude ez on eta gaiztorik, ez ditugu krisian dauden senar-emazterik. Soilik euren arteko erakarpena saihestu ezin dezaketen bi pertsona. Bat egiten duten bi patu. Baina pelikularen izenburuak dioen bezala, euren topaketa motza izango da. Oroitzapenetara kondenatuta egongo den amets bezalako bat izango da euren maitasun istorioa.

Izan ere, Laura eta Alecentzat ez dago musika erromantikorik, beraientzat musika desafinatuta egongo da… Baina eurek hori badakite, eta barre egiten dute. Euren maitasuna bat-batekoa da, ustekabekoa. Laura zoriontsu da, baina zurrumurrurik ez pizteko zoriontasun hori izkutatu beharko du. Laurak bizi duen gatazka hori baita plano konposaketarekin eta pelikularen argazki lan itzelean islatuta ikus dezakegu. Lekuz kanpo sentitzen den une horietan, bera da erdigunea, bere begirada pentsamenduetan galtzen da, bere ingurua iluntzen da. Nahiz eta inguruan jendea egon, bera bakarrik dago une horretan. Isolatuta, baita formalki ere.


Bada Lauraren sentimendua islatzen duen plano bikain bat. Tren bagoiaren barruko plano bat. Bertan, leihoan Lauraren isla ikusten dugu, pozik, zoriontsu, irribarre eta guzti. Hori da bere istorioa, ilusio bat, erreflexu bat. Errealitatean bere irribarre maitekor hori izkutatu behar du.

Aktore taldearen lana, espezialki Celia Johnsonena, nahiko ona da. Esan bezala, pelikularen egitura ikaragarri gustatu zait, argazki lana eta iraupenarekin batera. Maitasun istorio triste bat da, xehetasunez betetakoa. Begiradek hitzen baino gehiago esaten duten istorio horietako bat, non keinu sinple batek edozein diskurtso erromantiko baino adierazkorragoa den. Oso gomendagarria.


No hay comentarios:

Publicar un comentario