Bazen behin Lansquenet deitutako Frantziako herrixka txiki bat. Oso herri tradizionala zen hura, eta urteak igaro ziren ezer berezirik gertatu gabe. Egun hotz batean, iparraldeko haizeekin batera, pertsona misteriotsu bat ailegatu zen herrira kapa gorri bat jantzita zuela. Deabrua batzuentzat, aingerua besteentzat: Vianne Rocher.
Lansqueneteko herritarrak euren bizitzak lasai bizitzera mugatzen dira, ez dute plazerrik bilatzen ezta onartzen ere. Viannek garizuman txokolate denda bat zabalduko duela enteratzen direnean, probokazio handia iruditzen zaie.
Herritar misteriotsu berriaren inguruan marmarka hasten dira herritarrak, hauentzat Vianne bekatuan bizi den emakumea delako: alaba bat duen emakume ezkongabea, ateoa... Hala ere, Vianne-i ez zaizkio beraren inguruko zurrumurruak axola eta herri txiki horren biztanleen bizitzak gozotzeko prest dago. Viannek gaitasun berezi bat du, pertsona bakoitzaren txokolate faboritoa zein den asmatzeko gaitasuna.
Pelikula-ipuin kurioso honetan drama zein maitasunarentzat tokia dago ere. Lansqueneteko biztanleak beldurrarekin bizi dira, desirak erreprimitzen dituzte. Esan bezala, oso herri tradizionala da. Beti zuzena omen den hori egin eta onartzen dute. Hau da, egin beharrekoa egiten dute, ez benetan egin nahi duten hori. Baina ez soilik herritarrek, Viannek baita. Vianne honen amaren oroitzapenari lotuta bizi da, ez da konprometitzeko gai. Beti dabil leku batetik bestera bidaiatzen bere alabarekin batera, eta amaren errautsak gainean eramanez.
Istorio gozo honek kasting on bat du. Juliette Binoche xarmangarria dugu ipuin honen protagonista, eta honekin batera Johnny Depp, Judi Dench zein Alfred Molina ikus ditzakegu. Pelikulak, arraroa iruditzen zaidan arren, bost Oscar izendapen lortu zituen. Chocolat gozotasunez betetako ipuina da, sinesten eta maitatzen duzun horren alde egin behar duzula erakusten duen horietakoa, norbaiten bultzada beharrezkoa bada ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario