8/4/12

'What's eating Gilbert Grape?' (1993) - Norbaitek Arnie ikusi al du?

What's eating Gilbert Grape? pelikularen zati batzuk ikusita nituen soilik, orain pelikula osoa ikusi dudala, hau komentatzeko unea dela erabaki dut.

Ondo landutako drama honen izenburua euskaraz, "Zerk arduratzen du (edo zerk kezkatzen du) Gilbert Grape" izango litzateke, gutxi gora behera. Endora izeneko herri batean kokatzen da, toki lasai bat non ezer gertatzen ez den. Gilbert Grape (Johnny Depp) mutil gaztea da eta herriko supermerkatuan lan egiten du. Ardura ugari ditu eta hauek nolabait honen bizimodua baldintzatzen dute, ez da aske bizi. Honen aitak bere buruaz beste egin zuenetik, Gilbertek bi arreba, ama gizena eta arazo mentalak dituen anaia, Arnie, zaintzeko ardura du; bere familiarekiko duen konpromisoa itzela da. Gilberten helburu bakarra pertsona ona izatea da. Nahiz eta ama familiaren zutabe nagusia izan, karga handi batean bilakatu da bere seme- alabentzat. Gilbertek ez du inoiz bere nahi edo desiretan pentsatzen, ez du horretarako denborarik, Beckyrekin topo egiten duen arte.


Becky emakume gazte bat da. Hau bere amonarekin karabana batean igota bidaiatzen dabil. Gilberten muturreko pertsona da, ez da inguratzen dion horretaz gehiegi kezkatzen, bere bizitza bizitzera mugatzen da leku batetik bestera bidaiatuz. Gilbert maiteminduko duen espiritu libre bat da Becky. Pelikulan amodio istorioa bigarren maila batean garatzen den arren, oso garrantzitsua da Gilberten pertsonaiarentzat, honek bere bizitzan lehen aldiz, zerbait desiratzen duelako. Orokorrean, pelikulak planteatutako egoera nahiko dramatikoa den arren, itxaropentsua den pelikula bat dugu.

Pelikulak istorio polit bat kontatzen digu. Honetan Johnny Depp eta Leonardo DiCaprio gaztea besteen gainetik nabarmentzen dira. Lehenak interpretazio lan on eta naturala egiten du. Bigarrenak, bere bizitzan egindako interpretazio hoberenetariko bat gauzatzen du, Arnieren pertsonaia sinesgarri bihurtuz. Ikustea merezi duen pelikula da.




No hay comentarios:

Publicar un comentario