Katniss Everdreen-ek (Jennifer Lawrence) bere burua boluntario gisa aurkeztuko du, tributu gisa proposatuko du bere burua, honen ahizpa babesteko helburuarekin. Peeta Mellark-ekin batera, 12.distritua ordezkatzeko ardura izango dute.
Suzanne Collinsek idatzitako liburuak oinarri hartuta, "Gosearen Jolasak" biziraupen istorio bat narratzen digu, borroka eta amodio istorioa, kritika sozial eta politikoarekin nahastutakoa. Fenomeno literario eta zinematografiko berri bat, amaierara heldu diren beste saga batzuek utzitako hutsunea betetzeko helburua duena.
Gary Ross dugu film honen zuzendaria, eta zuzen egin du bere lana. Liburu bat zinemara moldatzea ez da inoiz erraza izan. Gehienetan indarra galtzen du istorioak, eta zenbait pertsonai, arrazoi narratiboengatik "sakrifikatu" behar dira. Kasu honetan gertatzen den bezala. Hala ere, garrantzitsuena testu literarioaren esentzia mantentzea da, eta hori bai, lortu egiten dute. Suzanne Collinsek istorioa lehenengo pertsonan idazten du, Katniss Everdreen da protagonista absolutua. Narratzaile eredu hau pantaila handian islatzeko bi aukera nagusi ditugu: bata, protagonistaren off ahotsaren bidez egindako narrazioa egitea; bestea, plano subjektiboen erabilera. Gary Ross zuzendariak, bigarren aukeraren alde egiten du. Batzuetan errekurtso hau gehiegi erabiltzen duen arren, zenbait eszenetan ikuslea zorabiatzen duelako; behin bere jokoan sartuz gero, Katnissek bizitzen ari den horrekin identifikatzea errazagoa da.
Pelikulak, orokorrean, liburuaren une esanguratsuenak biltzen ditu. Egia da, liburua irakurri dutenentzat pelikula ulertzea errazagoa izango dela, berez filmak zenbait informazio hutsune dituelako. Gainera, liburuak irakurrita izanda, Katniss isilik geratzen den zenbait une, edota euren jokaeren zergatiak hobeto ulertzen dira.
Katniss Everdreen heroi zinematografiko berria dugu, independente eta ausarta. Pelikulan maitasun hirukote baten hasiera ikusten dugu ere, noski: Peeta, Gale eta Katnissen artekoa (liburuan hobeto garatutakoa). Aktore talde ona du pelikulak, zenbaitetan euren interpretazioak hotzak diruditen arren, orokorrean egindako lana ona da. Zelaian, protagonistak hotzak izan behar dira, estrategak, hiltzaileak, sentimendu adierazpen oro euren kontra jokatzen du, ahuleziaren seinale direlako.
Lehenengo pelikula honen helburua "Gosearen jokoen" nondik norakoak erakustea da, Kapitolioaren tirania eta hoztasuna "bere herriaren" heriotzaren aurrean. Kapitolioan bizi den jendea "artifiziala" da, estilo zalantzagarria duten jantziak daramatzatenak eta goitik behera makillatuta doazenak. Pelikulak duen funtzioa geroago sugarretan bilatuko diren su txinpartak piztearena da. Moldaketa zuzena, tentsioan mantentzen zaituena, eta erritmo ona duena. Entretenimendu ona.
No hay comentarios:
Publicar un comentario