28/9/12
'High Noon' (1952) - Will Kane, western generoaren ikonoetako bat
'High Noon' Fred Zinnemannek zuzendutako eta suspentse kutsu bat duen western bat da. Gizartearen hipokresia kritikatzen du pelikulak, eta Gary Cooper aktoreak Oscar saria jaso zuen egindako lan onagatik.
'High Noon' heroikotasuna eta norbanakoak bete behar dituen arduren inguruko westerna da. Will Kane Amyrekin (Grace Kelly) ezkondu berri da. Orain herrian betetzen duen sheriff lana alde batera uzteko eta hirira joateko prest dago Kane. Hirian, emaztearekin batera, denda bat irekiko du. Alde egingo duten une berean Frank Miller gaizkilea kartzelatik atera dela eta eguerdiko trenean herrira ailegatuko dela esaten diote sheriffari. Millerek mendekua bilatzen du, Kanen erruagatik atxilotu zutelako. Oraindik herriaren sheriffa denak herria babesteko prest ageri da, horretarako Miller eta horren laguntzaileei aurre egin beharko die Kanek. Herrian ordena ezarri gabe ez du alde egingo sheriffak.
84 minutu eskaseko iraupena du pelikulak, eta elementu adierazgarrienetako bat narrazioaren denbora eta ekintzaren denbora paraleloan gauzatzea da. Pelikulak aurrera egin heinean tentsioa nabarmenagoa da, Kanen itxaronaldia amaigabea dirudi eta sheriffak duen beldurra gero eta handiagoa da. Hasieran genuen gizona, pixkanaka, heroi bihurtuko da. Aldi berean lagunek eta ezagunek Kane traizionatuko dute, gaizkileen aurrean bakarrik utzita.
Heroikotasunarne inguruko istorio arrunt bat ikusten dugu 'High Noon' pelikulan. Zinnemannek zuzendutako lanak interpretazio bat baino gehiago izan ditu. Orokorrean, western ona dela uste dut, eraginkorra.
Hollywoodeko "Sorginen Ehiza"
Bada Zinnemannen pelikula Hollywoodek jasan zuen "sorginen ehiza" deritzonaren isla dela dioen interpretazio bat. "Ehizaren" ondorioz Hollywoodeko zuzendari, aktore eta zenbait gidoilarik lanik gabe geratu ziren eta "zerrenda beltzetan" idatzi zuten euren izena, herrialdearen kontra egitea eta ezkerra edota komunismoaren jarraitzaile izatea leporatu zieten. Adibidez, Carl Foremanek, pelikularen gidoilariak, arazoak izan zituen McCarthy senatariak bultzatutako "ehizarekin", hori dela eta, bera bizitakoa Will Kanen pertsonaiak islatzen zuela uste zuen gidoilariak. Herri txiki baten biztanleek Will Kane bakarri uzten dute gaizkile batzuen aurrean, ez diote laguntzarik eskaintzen eta ezkutatzea erabakitzen dute euren bizitzak (enpleguak) salbatzeko. Howard Hawks eta John Waynek, adibidez, 'High Noon' pelikula nazioaren baloreen kontra egiten zuela adierazi zuten.
Lankideak salatu behar zituen lanpostua mantendu nahi zuenak. Salatari ezagunena Elia Kazan zuzendaria izan zela esan daiteke. Kazanek, lagunak salatu izanaren arrazoiak zeintzuk izan ziren azaltzeko 'On the Waterfront' (1954) pelikula zuzendu zuen, oso gomendagarria.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario