3/9/12

'Rocco e i suoi fratelli' (1960) - Simone, Rocco eta Nadia


'Rocco e i suoi fratelli' Luchino Viscontik neorrealismo italiarra deritzonaren baitan egin zuen azken lana da. Rocco, ama eta anairekin batera (Simone, Ciro eta Luca) hegoaldeko herri txiki batetik hirira joaten dira; bertan, Vincenzo zain dute, bost anaien artean nagusia. Aita hil ondoren, semeen bizitza-kalitatea hirian hobeagoa izatea espero du Roccoren amak.

Herritik hirirako emigrazioa, eta aldaketa horrek sortarazten dituen gatazkak neorrealismoan maiz landu zituzten gaiak dira. Pelikulan, hiriko bizitzak anaiengan duen eragina ikusten dugu. 'Rocco e i suoi fratelli' pelikularen ardatz nagusiak bi izango dira: batetik, balioen gatazka; bestetik, Simone, Rocco eta Nadiaren arteko maitasun triangelua.

'Rocco e i suoi fratelli' bost ataletan banatuta dago, anaia bakoitzeko atal bana. Hasieran, pelikula korala izango dela pentsa dezakegu, baina ez da modu horretan garatzen. Guztiek betekizun zehatz bat duten arren, Rocco da pelikularen protagonista.

Ikuslea Roccoren azalean jarri nahi du Viscontik. Horretarako, behin baino gehiago zuzendariak errepikatuko duen mugimendua antzeman dezakegu: Roccoren aurpegira hurbilduko da, horren begiradara. Viscontik nahi duena zera da: ikusleak Roccoren jokaera ulertzea. Melodrama gogorra da, eta, ondoko galdera planteatzen du: hirian, herriko baloreek bal al dute zentzu eta lekurik? Bateragarriak al dira?



Balioen gatazka: herritik hirira

Rocco Parondi ez dago hiriko bizimoduarekin eroso, hegoaldeko balio tradizionalak defendatzen baititu. Rocco herrimina sentitzen du, eta herriaren oroitzapenean itota bizi da. Bere bizitza eta familiarena herrian errazagoa izango zela pentsatzen du. Rocco eskuzabala da, ona, inoiz ez du fedea galtzen... santu bat da. Suntsiezinak diren printzipio batzuk ditu Roccok. Roccorentzat familia da munduko gauza garrantzitsuena, horregatik, gauza guztien gainetik, familia batera mantentzea egongo da. Hirian, aldiz, indarrean dauden balioak indibidualagoak dira. Roccoren ustetan, indibidualismoak ez du arrakastarik izango familiaren babesa izan ezean. 

Bost anai: Vincenzo, Simone, Rocco, Ciro eta Luca. Errealitateari aurre egiteko modu desberdinak. Vincenzo eta Ciro, nolabait, hirira hobeto egokitzen direnak dira. Biek euren bizitzak eraikitzeko gai dira. Vincenzok, nagusiena, ezkondu da eta bi seme izan ditu, gainera etxeak eraikitzen lan egiten du. Cirok, aldiz, ikasketak amaitu ditu eta orain kotxeak fabrikatzen lan egiten du. Kasualitatea ala ez, sozialki aurrera egiten duten bi pertsonaiak zerbait eraikitzen lan egiten dutenak dira: batak kotxeak egiten ditu, besteak etxeak.

Simone eta Roccok, aldiz, boxeatzen dute. Ringean kolpeak jasotzen dituzte, baita bizitzan ere. Baina, Roccok garaipenak lortzen dituen bitartean, Simone miserian hondoratzen doa. Rocco eta Simoneren arteko harreman-gatazka funtsezkoa da Roccoren jokabide eta erabakiak ulertzeko. Nadia, emagaldu bat da, eta klabea izango da ere. Nadiak lehenengo Simonekin erlazio bat izango du, eta ondoren, Roccoz maiteminduko da (Roccoren araztasunaz eta horrek defendatzen dituen printzipioez).


Garaipen garrantzitsu bat lortu ondoren, Roccok bere pertsonaia definitzen duen esaldi bat esango du: garaipena lortzeko sakrifizioak egin behar dira. Roccok dena sakrifikatuko du familia batera mantentzeko, herrian zuten batasun hori ez galtzeko. Horretarako, Rocco, nahiz eta gorrotatu, boxeatzen hasiko da; eta Simone pozik egon dadin, Roccok Nadiarekin duen erlazioa apurtuko du, bere zoriontasuna alde batera utziko du, esan bezala, familia batera mantentzeko (Nadia eskutik eskura pasatzen duten objektua baino ez da). 
Simonen infernurako jaitsiera
Simone seme lotsati, barregarri eta maitagarria da... jeloskortasunak eta harreman okerrek harrapatu eta iluntasunean murgiltzen duten arte. Hasieran, Simone eta Roccoren arteko erlazioa arrunta da, anaien artekoa. Normaltasun egoera horren barruan, Vincontik "kristalezko bola" bezala funtzionatzen duen plano bat eskaintzen digu. Plano horretan, Rocco eta Simone hizketan, lasai, ikusten ditugu. Elkarrizketa arrunta da, bi anaien artekoa, baina ispiluak eta horman dagoen marrazkiak normaltasun horrek "bi aurpegi" dituela adierazten digu, eta laster, anaien arteko gatazka emango dela aurreikusten digun planoak.
Simonek Nadia, emagaldu bat, ezagutzen duenean ezin izango da horrengandik banatu. Bien arteko erlazioa ez da erraza izango eta Nadiak erlazioarekin amaitzea erabakiko du. Simone, orain, gizon arduragabea da, bizizale bat, etengabe erretzen dago nahiz eta boxeatzen jarraitzeko kaltegarria dela jakin, eta duen diru baino gehiago gastatzen du. Simone gizakiaren bortizkeriaren sinboloa da. Simonen bizitza geroe ta ilunagoa izango da eta itzalek ideia hori indartuko dute. Simonek, behin eta berriz, bere burua umiliatzen du. Anaia Rocco "santuaren" laguntza jasotzen duen arren, Simonek dituen zorrak gero eta ugariagoak dira. Ez da aurrera egiteko gai, putzutik ateratzen saiatzen den bakoitzean pixka bat gehiago hondoratzen da Simone. Simonek bere arima "deabruari salduko dio". 

Roccoren eskuzabaltasunak ez du ezertarako balio
Roccok printzipio oso argiak ditu, eta pertsona oso ona da (gehiegi). Roccok anaiekiko erakusten duen eskuzabaltasuna pertsonaiaren sinesgarritasuna zalantzan jartzera eramaten gaitu, hau da, Roccok anaiak babesteko erabakiak zenbaitetan logikoak, etikoak edo moralak ez direla pentsa dezakegu. Roccori beti barkatzen duen santu bat dela gogoratzen dio amak, eta, ikusleak ondo dakien bezala, Roccoren printzipio edo balioak suntsiezinak dira. Ulertu ala ez.
Roccori herrira bueltatzea gustatuko litzaioke, non familia batera bizi zen. Aukera duenean, herrira bueltatuko dela argi du Roccok. Roccok jendearengan fedea du, jendeak ongia egiteko duen gaitasunean sinesten du. Roccorentzat, Nadiarekin duen erlazioa apurtzea soilik familia batera mantentzeko onartu behar duen tramite mingarri bat da. Roccok gauza ikaragarriak jasaten ditu, eta ez du inoiz bere burua defendatzen, pasiboa da, beti dena onartzen du. Roccok Simoneri egindako gaiztakeria guztiak barkatuko dizkio. Nire ustez, Roccok, nahiz eta min guztia bere barnean gorde, Simone gorrotatzen du. Baina horri egindako gauza txar guztiak leporatzeko ez da gai, bere printzipioak gaizki guztiaren gainetik baitaude. Are gehiago, Roccok anaia gorrotatzeagatik, eta gorroto hori boxeoko lehiakideengan kontzentratzeagatik, errudun sentitzen da.

Bestetik, Roccok ez du beste irtenbiderik izango, hiriko bizimodua (errealitatea) onartu beharko du. Pixkanaka Milango hiritar bihurtzen doa, eta egunero bere buruaren aurka borrokatu egiten du bere printzipio eta balioetan sinesten jarraitzeko, gero eta zailagoa dena. Bizitza eta amodioak Rocco mugan jarriko dute; baina aurrekoetan bezala, ez du bere burua defendatuko. Roccok Nadia ukatzen duen eszena, hunkigarria iruditzen zait. Eszena horretan, Roccok Nadiari zergatik Simonekin bueltatu behar duen azaltzen dio (momentura arte Roccok egindako sakrifizio handiena). Eszena gertatu bitartean, hondoan, eliza bat ikusten dugu Roccoren "santutatusa" indartuz. Gainera, bada une bat non ikusleari bizkarra ematen dion Roccok. Gizona, ez da aurpegia emateko gai, Nadiari eskatutakoaz lotsatzen baita.

Geroago, Rocco eta Simoneren erlazioaren garapenari dagokionez, eszena klabe bat gertatuko da. Simonek Roccori gauzatutako sarraskia aitortzen dion eszena. Simonek pertsona bat hil du, baina Roccok, ez du erreakzionatzen. Roccok negar egiten du, ohean itotzen du bere oihua, gordetako gorroto eta mina, eta itotzen dion haserrea kanporatzen du. Roccok maite zuen pertsona bakarra galdu egin du, baina Simone ez da errudun sentitzen, Rocco, aldiz, bai.
Eszena horren ostean Roccoren izaeran zerbait aldatuko da, bale, anaia babesten jarraituko du, baina itxaropena galduko du. Cirok Simone salatuko du. Roccok itxaropenerako tokia zegoela pentsatzen zuen, familia batera mantentzea posible zela pentsatzen zuen, hiriko balioetatik ihes egitea, baina oker zegoen. Roccoren bizitzan ez dago fedearentzako lekurik. Dena amaitu da, dena apurtu da. Bere eskuzabaltasunak ez du ezertarako balio izan.
Amaierako planoa

Rocco nahi ez zuen gizona bihurtu da. Bere bizitza orain boxeoa da, nahiz eta gorrotatu. Familiagatik dena eman du, anaiagatik, eta ez du ezertarako balio izan. Gainera, bidean, zuzena egiten ari zela pentsatuta, maite zuen hori galdu egin du, Nadia. Luca, anai txikia, ukitu gabe mantentzen den itxaropena da. Corik amaieran, Luca gazteari munduak jasan duen aldaketa azaltzen dio, ikusleari ere, eta horretara moldatu behar dela defendatzen du Cirok, nahiz eta gustatu ez. Lucak, etorkizuna ordezkatzen du eta, noizbait, herrira bueltatuko dela argi du.
Amaierako eszenan, Luca egunkariz betetako horma baten paretik igarotzen da. Roccoren irudia betetzen du egunkarien azala, Rocco jada hiritar arrunta da. Hasierako galdera berreskuratzen dut orain: balio tradizionalengatik borrokatzea merezi du (Roccok egiten duen moduan), ala, gizartearen aldaketak ezartzen dituen balioetara moldatu behar gara, Cirok egiten duen bezala?
Pelikula oso ona Luchino Viscontik zuzendutakoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario