19/9/12

'The Best Exotic Marigold Hotel' (2011) - Aktore-taldea



Pelikula batek piztu dezakeen interesari dagokionez badira jarraitzen ditudan zenbait parametro, nagusiak ondokoak: kontatzen den istorioa edo jorratzen duen gaia, pelikularen zuzendaria eta, kasu honetan, aktore-taldea. Edozein proiekturi aurre egiteko kapaz den Britainiar aktore-talde bikaina da pelikula honen protagonista, besteak beste, Tom Wilkinson, Judi Dench, Maggie Smith eta Bill Nighy. Are gehiago, euren presentzia nahikoa da pelikula bati aukera bat emateko.

Errutinarekin apurtzeko Indiara bidaiatzea erabakitzen dute erretirodun batzuek. Zenbait dira "ihesaldiaren" arrazoiak, adibidez: esan bezala errutina, gaixotasuna, erruki sentimendua... Grahamen (Tom Wilkinson) kasuan Indiara bidaiatuko du gaztea zenean bertan bizi izan zuen amodio-istorio baten amaiera tragikoagatik oraindik errudun sentitzen delako. Erruki sentimendu horrek itotzen du. Bere burua bakartzeko gai izan arte ez du bakea lortuko Grahamek. Evelynen (Judi Dench) kasuan, senarraren itzalpean bizi izan den emakumea da. Senarra hiltzen denean, bere bitiza guztiz aldatzeko erabakia hartzen du Evelynek: enplegu bat bilatuko du, teknologia berrietan trebatuko da, bizipenak blog batean partekatuko ditu... India izango da Evelynek dituen helburu berriak gauzatzeko toki perfektua.

Orokorrean, ezertarako balio ez dutela pentsatzen dute pelikularen protagonistek: batzuk euren ezinegona zintzontasun eta leialtasunaren bidez ezkutatzen saiatzen dira,beste batzuk euren bizitza idilikoa izatetik urrun dagoela jabetzen dira... Hala ere, etsipenerako tokirik ez dago Indian. Beti aurrera egiteko prest daude. Hori dela eta, mendebaldeko gizarte "grisera" bueltatu ordez, Indiaren bizitzaz eta koloreaz kutsatzea nahiago dute protagonistek.

"Marigold hotel exotikoaren" jabe gazteak, Sonny Kapoorek (Dev Patel), ondoko esaldia errepikatzen du behin baino gehiago: "Bizitzan dena ondo amaitu behar da, horrela ez bada, oraindik amaitu ez delako izango da". Premisa horretan oinarritzen da pelikularen funtsa. Orokorrean, komedia dramatiko honetan gertatzen dena erraz aurreikus daiteke; pelikulak baditu zenbait une hunkigarri, ez ditu dilema edo eztabaidarik piztu nahi... Erraz ikusten den pelikula da. Hondatutako hotela jubilatuen bizitzaren metafora gisa funtzionatzen du: hotelaren berreraikuntza pertsonaien bizitzaren "berreraikuntza" eta ondorengo "askatasunarekin" lotuta dago. 

Beraz, pelikulak ez du gehiegi arriskatzen, baina, entretenigarria eta hunkigarria da... Noski, aktore-taldearen lana, paregabea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario