9/9/12

'The five-year engagement' (2012) - Donuts-aren teoria



‘Forgetting Sarah Marshall’ (2008) komedian eta ‘The Muppets’ (2011) pelikularen gidoia batera idatzi ostean, Nicholas Stoller zuzendaria eta Jason Segel aktorea berriro bildu dira komedia interesgarri honetan. Komedia erromantiko honen ekoiztea Judd Apatow da.

Urte bat batera daramate Tom (Jason Segel) eta Violetek (Emily Blunt). Bikotekidea pausu bat ematea erabakitzen dute eta ezkontzeko hitza eman dute. Euren erlazioa perfektua izatea nahi dute biek; eztabaidarik gabekoa, non garapen profesionala maitasunerako oztopo ez den. Dena zoragarria dirudi. Egun batean, Michiganeko Unibertsitatean lan egiteko beka bat jasotzen du Violetek, bere ametsa betetzeko aukera. Hori gauzatu ahal izateko, ezkontza atzeratzea erabakitzen dute Violet eta Tomek.

Honaino dena normala dirudi. Zenbait elementu original edo berritzaile ditu pelikulak, generoa bide onetik dabilela agerian utziz, nire ustez. Pixkanaka, eta bazen garaia, komedia erromantiko amerikarra generoaren estereotipoetatik (arrakasta handiago edo txikiagoarekin) aldentzen saiatzen ari da. ‘Bridesmaids’ komediarekin aurrerapauso nabarmena egin zuten, eta orain ‘The five-year engagement’-ekin rolen aldaketa baten alde apustu egiten dute.

Adibidez, Tom izango da igoera profesionala alde batera utziko duena Violetekin Michiganera joateko. Michiganen, Tom izango da etxeko lanez arduratuko dena, eta posible bada, beste lan bat aurkitzen saiatuko da. Nolabait, Violet “alfa” da, eta Tom “beta”. Rolen aldaketa pelikulan zehar nabaria da, adibidez, gizonezkoak izango dira “ezkontza aurreko ohiko eszenak” biziko dituztenak: tartak frogatuko dituzte, loreak aukeratu, jantziak erosi…

Idilikoa dena desagertzen doa, pazientzia agortzen aiton-amonak hiltzen, mozorroak apurtzen, oroitzapenek magia galduko dute, eta donuts-ak iraungiko dira… Donuts-ekin erlazionatutako konpromiso ezaren inguruko teoria bat izango da bi pertsonaien arteko krisiaren pizgarria. Bi pertsonen arteko komunikazio ezaren inguruan ere hitz egiten du pelikulak; eta, noizbait, gauzak gehiegi pentsatu gabe egitea komenigarria dela, eta arazo guztiak konponduko lituzkeela.

Pelikula apur bat luzea da, soinu banda ona du eta rolen aldaketa baten alde apustu egiten du. Pertsonaiak ez dira heldugabeak, benetako arazo eta maitasun eta profesioaren arteko zalantzak dituzte. Orokorrean istorio interesgarria iruditu zait. Segel eta Bluntek kimika dute pantailan. Pare bat momentu itzel ditu, hala ere, amaiera nahiko kontserbadorea du. 

Erlazionatutako edukiak: 'Bridesmaids' (2012), 'Knocked Up' (2007)

No hay comentarios:

Publicar un comentario