30/9/12
'Le Concert' (2009) - Tchaikovsky eta desafinatutako oroitzapenak
Komunismoa indarrean zegoen garaian, Andrei Filipov Bolshoi orkestra ospetsuaren zuzendaria izan zen. Orkestraren parte ziren judutarrak ez zituela kaleratuko adierazi zuen Filipovek, hori dela eta, publikoki makurrarazi zuten. Umilazio hori Tchaikovskyren lan zailenetako bat jotzen ari ziren bitartean geratu zen: bibolinerako kontzertua. Orain garbiketa lanak egiten lan egiten du Filipovek. Egun batean, Bolshoi orkestraren zuzendariari zuzendutako fax bat aurkitzen du Filipovek, bertan, Parisen kontzertu bat emateko gonbidapen bat egiten diote orkestrari. Une horretan ideia bat bururatzen zaio Filipovi: bera orkestraren zuzendaria zenean zituen musikariak biltzea, gaurko Bolshoi orkestra ordezkatzea eta Tchaikovskyren kontzertua modu horretan amaitzea.
'Le Concert' asko gustatu zitzaidan zineman ikusi nuenean; agian komedia eta dramaren arteko nahasketagatik, agian Tchaikovskyren musikagatik, ala pelikularen helburua istorio polit bat kontatzea baino ez delako, ez dakit. Pelikula atsegina iruditzen zait. Duela urte asko amaitu gabe gelditu zen kontzertu hori amaitzearekin amets egiten du Andrei Filipovek, dirudiena baino gehiago ezkutatzen duen kontzertu horrekin: oraina eta iraganaren arteko borroka bat. Kontzertu hori amaitzea funtsezkoa da Filipovek dituen zauriak ixteko eta erruki sentimendua desagertzeko.
"Herriaren etsaia" izatea leporatu ostean, alkoholean itoko du bere mina Filipovek. Bere oroitzapenak desafinatuta daude, armonia aurkitu behar du sentitzen duen errukiaz askatzeko. Bolshoi orkestra faltsuak kontzertua emateko jartzen dituen baldintzen artean, Anne Marie Jacquet biolinista ospetsuaren parte hartzea dago. Aukeraketa hori Filipov eta bere orkestraren iraganarekin erlazionatuta dago, eta horretaz aparte, lortu nahi duen armonia horren bilaketaren arrazoietako bat da.
Iragana eta oraina, drama eta komedia, hasitakoa amaitu behar izana, zoramena eta erruki sentimendua... dena bat egiten du aipatutako armonia lortzeko. Amaieran gomendagarria da bolumena igotzea eta musikaren hunkigarritasunean murgiltzea. Musika eta sentimendua batera joan ohi dira, baina zauriak sendatzeko elementua ere izan daiteke musika.
'Le Concert' pelikulak bere hutsegite narratiboak ditu, kasualitatearentzat leku gehiegi dago, baina, lehenago esan bezala, gustuko dudan pelikula da.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario