26/3/13

'I Girasoli' (1970) - Maitasuna eta gerra


Pelikula batek maitasuna eta gerra nahasten dituenean, kasu honetan bezala, drama ziurtatuta dugula badakigu. ‘I Girasoli’ Vittorio De Sicak zuzendutako drama bat da. De Sica neorrealismo italiarraren zuzendari garrantzitsuenetako bat izan zen, 40ko hamarkadaren erdialdea izan zen mugimenduaren une arrakastatsuena.

Vittorio De Sicaren helburua ikuslea hunkitzea zen, eta horretarako errealitate miserable bat erakusten zuen bere pelikuletan. ‘I Girasoli’ pelikulan gerrak maitasun istorio batengan izan ditzakeen ondorioak ikusten ditugu. Pelikularen protagonistak Giovanna (Sophia Loren) eta Antonio (Marcello Mastroianni) dira. ‘I Girasoli’ Sophia Lorenek eta Marcello Mastroiannik De Sicarekin egindako hirugarren lana izan zen (horren aurretik ‘Matrimonio all’italiana’ (1963) eta ‘Ieri, oggi e domani’ (1964) pelikuletan parte hartu zuten).



Giovanna eta Antonioren arteko erlazioan pasioa da nagusi. Gerra hasten denean estrategia bat antolatzen du bikotekideak, helburua, Antonio etxean geratzea. Plan “bikain” horren arabera, Antonio zoratuta balego bezala jokatuko du. Zoriotxarrez, pasioaz bultzatuta bikotekideak hanka sartuko du eta ebidentzian geratuko dira. Antonio gerrara joango da.

Gudak maitemindutako bikotekidea banandu egingo du, ixtea zaila izango den zauri bat irekiz. Egoera dela eta, errealitate berri bat onartzera behartuta egongo dira. Denbora aurrera egin du eta gauzak asko aldatu dira, benetako maitasunaren oroitzapena ilusio hutsal bat baino ez dela dirudi. Hasierako argitasun eta zoriontasunetik itzalera igaro dira pertsonaiak. Gainera, beharra eta bakardadeak baldintzatuta hartutako erabakiez eta egindako ekintzez damutzeko berandu da. Orain, gerraren ostean ez dago distirarik, soilik denboran iraun nahi duen maitasunaren oroitzapena geratzen zaie Giovanna eta Antoniori.


Aktoreen lana pelikularen elementu indartsuena da, Henri Mancinik konposatutako soinu banda bikainarekin batera, benetan ederra. De Sica badirudi forman “oztopoak” aurkitzen dituela, nire ustez, zoomaren gehiegizko erabilpena narrazioa kaltetzen du. Artxibo irudien erabilpena, eskasa izan arren, dramatismoa eta gordintasuna gaineratzen dio istorioari. Maitasuna eta gerra aurrez aurre, ehundaka biktima ekilore mordoen azpian lurperatuta.

‘I Girasoli’ pelikulan Italia eguzkitsu batean hasi eta gerra hotz eta ilun batean amaituko den bidaia egiten dugu; argiztapenean bidez indartuta ageri da ideia hori. Pertsonaiak apurka itzaletan murgiltzen doaz; eta aldi berean, euren aukera bakarra aurrera egitea eta gertatutakoaren ondorioak onartzea dela badakite, mingarri izan arren. Pelikula hunkigarri, triste eta interesgarria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario