5/5/13

'Laura' (1944) - Laura Hunten erretratua



Laura Hunt (Gene Tierney) bere apartamentuan hilda aurkitu dute, froga guztiek aditzera ematen dutenez hilketa bat izan da. Orain, Mark McPherson (Dana Andrews) detektibeak du hiltzailea aurkitzeko ardura. Hilketaren arrazoiak zeintzuk izan ziren ikertu behar ditu McPhersonek, horretarako Lauraren ezagunak eta errudun posibleak ikertuko ditu. Lauraren ezagunek egindako adierazpenen bitartez, biktimaren erretratua eraikitzen hasiko da eta ia konturatu gabe, McPherson “Lauraren mamuak” sortzen dion desiraz harrapatuta geratzen da.

‘Laura’ Otto Premingerrek zuzendu zuen. Zuzendariak zine beltzaren narratiba hartzen du oinarri gisa, baina melodrama, misterioa eta intriga gaineratzen dizkio emaitza bitxia lortuz. Ispiluak, itzalak, erretratuak, desleialtasunak, desira, misterioa, hilketak, off ahots apur bat, ideia batez maitemindutako detektibea, desengainua… Otto Premingerren ‘Laura’ pelikulak generoaren ohiko elementu nahikoak biltzen ditu, eta horiek istorioaz gozatzeko nahikoak dira.




Ordu bat eta erdiko iraupena du pelikulak, eta lehenengo minututik azken minutura arte ikusleak ez du deskantsurik. Etengabe jasotzen dugu informazioa eta hori ez da elkarrizketetara mugatzen; adibidez, zenbait eszenetan pertsonaiek egiten dituzten keinu txikiak hitzak ematen diguten informazioa baino adierazgarriagoak dira, pertsonaia horien gezurra agerian uzten dutelako. Era batean ala bestean, pertsonaia guztiek zeozer ezkutatzen dute. Horretaz gain, pelikularen eszenografiak ideia hori sendotzen du, pertsonaien bikoiztasuna islatzen duelako.

McPhersonek argi duen gauza bakarra hilketaren jatorrian desira dagoela da. Horregatik, hiltzaile posibleei azkar galdetzen die Laura Huntez maiteminduta zeuden ala ez. Laura ingurukoengan miresmena pizten zuen, mundu guztia maitatzen zuen eta gizon guztien desira pizten zuen. Hori dela eta, euren burua arriskatzen duten arren, bai Waldok (Lauraren mentore eta babeslea) eta Shelbyk (Lauraren senargaia) ikerketaren pausu guztiak jarraitzen dituzte, Laurarekin zerikusia duen gauza orok erakartzen dielako. Hala ere, Laura ez da ohiko “femme fatale” bat, inozentzia kutsu nabaria duelako. Laurak anbizioa zuen, baina ingurukoen laguntzak gustura jaso dituela onartzeko arazorik ez du, eta errudun sentitzen da horregatik. 

Sorpresaz eta ustekabez betetako istorioa da, erritmo eta fotografia onak ditu. Generoen nahasketa funtzionatzea lortu zuen Otto Premingerrek. Zenbait uneetan “galtzea” erraza den arren, bere osotasunean pelikula ona eta interesgarria da, misterioz betetakoa. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario