9/5/13

'Dans la maison' (2012) - Manipulazio narratiboa



Erlazionatutako edukia: 'Azpitituluak euskaraz'

Germain (Fabrice Luchini) ikasleen idazlanak irakurtzeaz nazkatuta dago… Claudek (Ernst Umhauer) idatzitako idazlanarekin topo egiten duen arte. Claudek idatzitako testua bitxia da, bertan ikasleak bere lagun baten familiari eta etxeari dien miresmena adierazten du. Horretaz aparte, familia horren etxean sartzeko eta familia horren “kide” izateko duen intentzioa agerian uzten du testuetan. Clauden idazlanak “jarraituko du” misteriotsu batekin amaitzen dira, modu horretan itxaropenik ez zuen irakaslearen esperantzak berpiztuz. Kapituluka banatuta dauden idazlanak ikusita, Germainek ikasleari laguntza eskainiko dio: testua era egokian garatzeko gomendioak emango dizkio gazteak duen potentziala garatzeko. Hasieran ariketa hutsal bat baino ez dena, ariketa narratibo hipnotiko eta manipulatzailea bihurtuko da.

Alde batetik, François Ozonen pelikulak errealitate eta fikzioaren arteko joko bat planteatzen du. Bestetik, ikusleek duten/dugun “manipulatzeko prestutasuna” eta behatze nahia kolokan jartzen ditu. Clauden testuen protagonistak pertsona errealetan oinarrituta daude, lagun baten gurasoak dira eta denbora luzez ikuskatzen eman duen etxea horretan sartzea finkatu du helburu gisa. Bere idazlanetan Claude errealitate hori “txukuntzeaz” arduratzen da, zenbait egoeretan gehiegi dramatizatuz. Istorioa, pertsonaiak eta irakurle/ikusleak nahi bezala maneiatzen ditu.



Claudek hitzek duten “boterea” ongi maneiatzen daki. Irakasleak hasieran kuriositatea sentituko du, gero behatzaile/vouyer bihurtuko da, Clauden narrazioaren parte bihurtuz.

Ikuslea Germainen tokian kokatzen da, eta irakaslea bezala, pixkanaka Claudek kontatzen duen istorioan inplikatzen doa. Nolabait, Claudek deskribatutako “fikzioa” bien errealitatea bihurtzen da. Noiz amaitzen da pertsona eta noiz hasten da pertsonaia? Zer da erreala eta zer fikzioa? Pelikularen hasieran errealitatea eta fikzioa edo Clauden narrazioa modu paraleloan aurrera egiten dute, baina apurka-apurka distantzia hori estutzen doa, gurutzatu arte. Joko narratiboaren menpe daude.


Claude-i idazlea gustatzen zaio, baina gauza guztien gainetik, behatzea eta narratzaile izatea (kontrola izatea) gustatzen zaio. Inguruan dituen horiek bere istorioaren pertsonaiak baino ez dira eta nahi bezala manipulatzen ditu. Euren interesa piztu du, euren “sarean” erori dira. Horretaz aparte, Claudek bere desira ezkutuak idazlanetan “askatzen” ditu.

Claude, Germain (eta ikuslea) voyeurrak dira, ingurukoen bizitzak behatzea gustatzen zaie. Ikusleak “laugarren horma” ospetsua zeharkatzen du, engainua ikusten du eta Germainen antzera, protagonistaren manipulazioaren lekuko eta biktima da. German obsesionatzen hasten da, harrapatuta dago, berak sortzen lagundu duen istorio batean galduta.

Germainen pertsonaiaren jarrerari dagokionez, badago eszena bat non (nire ustez) Clauden “jokoan” guztiz inplikatzen hasten den. Germain emaztearekin zinemara doa eta Clauden testuez mintzatzen dute, biek gazteak eskaintzen ari dien espektakuluarekin ondo pasatzen dute, bere fikzioarekin. Claudek eskaintzen dien pantaila edo leihotik begiratzea ere gustatzen zaie. Inplikatuta daude.

Pelikularen parte “metafilmikoari” dagokionez, irakasleak ikasleari narrazio on baten oinarriak zeintzuk diren azaltzen dizkio. Narrazioetan, pertsonaiek helburu argi bat izan behar dute eta hori lortzeko bidean aurkitutako oztopoak gainditu beharko dituzte. Teoria hori praktikan jartzen da pelikulan. Claudek oztopo “literarioak” gainditzen ikasiko du eta bere esku egongo da bere mentore izandakoaren gomendioak jarraitzea ala ez. Ikasitakoa aplikatuz, irakasleak bere istorioan duen papera zein izango den erabakiko du.


‘Dans la maison’ pelikula gustatu zait, lehen unetik harrapatu nau eta “manipulatu” nau. Hurrengo eszenan zer gertatuko ote denaren zain gaude etengabe, arreta galdu gabe. Pelikulak erritmo ona du, zuzendariak badaki ikusleari noiz “atseden eman” behar dion (adibidez, arte galeriaren bigarren mailako traman).

Fabrice Luchini eta Ernst Umhauersek egindako lana aipatzekoa da. Lehenak desesperazioa eta obsesioa ageri du, Claudek idatzitako istorioa bere “infernua” izango da. Bigarrenak, perfektua irudi zait rol horretarako, gazte misteriotsu eta manipulatzailea, zoramenetik hurbil dagoena. Pelikula ona, misteriotsua, zenbait une dibertigarriekin eta oso entretenigarria. Amaieran dena kontrola galtzen duen arren, ongi funtzionatzen du, arreta mantentzea lortzen duelako. Amaierako eszenan, ez dugu behatzen jarraitu nahi… ala bai?

No hay comentarios:

Publicar un comentario