26/5/13

'To be or not to be' (1942) - Lubitschen komedia beltzena


Batzuetan harritzekoa dirudi gaur egun maisu lan gisa onartuta dagoen pelikula batek bere egunean merezi zuen arrakasta lortu ez izana. Hori gertatu zen, “To be or not to be” komedia beltzarekin. Ernst Lubitschek 1941an grabatu zuen pelikula hau eta baliteke mota honetako komedia bat grabatzeko une aproposena ez izatea. Pelikulak nazismoa eta Hitler barregarri uzten zituen. Baina, garai hartan, ikusleek Lubitschen pelikularen mezua gaizki ulertu zuten, eta batzuentzat pelikulak nazismoa baino, erresistentzia polakoa barregarri uzten zuen.

Varsovia, Bigarren Mundu Gerra. Egunero, nahiko ezaguna baina ez ospetsuegia den aktore talde batek, William Shakespearen ‘Hamlet’ antzezten dute. Erregistroz aldatzeko saiakeran, konpainia Hitlerri buruzko antzezlan bat prestatzen ari zen. Zoritxarrez, “arazoak saihesteko” aitzakiarekin, antzezlan hori egitea debekatzen diete.



Josef Tura (Jack Bemny) antzerki konpainiaren aktore nagusia da, nahiko harroputza gainera. Maria Tura (Carole Lombard) bere emaztea da. Ederra eta pixka bat harroputza ere, jarraitzaile bat du amorante gisa. Orokorrean, biak berekoiak dira, euren arrakastan soilik pentsatzen baitute. Gauero, ‘Hamlet’ antzezten dagoenean, egoera bitxi bat gertatzen da Josefen aurrean. “To be or not to be” hitzak esan bezain pronto, teniente gazte bat aulkitik altxatu eta aretotik irteten da. Teniente gazte hori (Robert Stack), emaztearen amorantea da.

Gerraz pizterakoan, teniente gazteak alde egingo du. Atseden une batean, tenienteak, konturatu gabe, espia nazi bati erresistentziarekin kolaboratzen duten pertsonen izenen zerrenda emango dio. Horren ondorioz, egun batetik bestera, Mariak espioitza trama batean murgilduta ikusiko du bere burua. Lankideak salbatzeko asmoarekin, antzerki konpainiak plan perfektu bat prestatu du: Gestaporen kideak izango balira bezala jokatuko dute dokumentu batzuk lapurtzeko. Egoera ezin hobea zentsuratutako antzezlana antzezteko. Orain ez dago berekoikeriarako tokirik. Kaosa hastear dago.


Lubitsch “ukitua”

Pelikulan zehar aktoreek etengabe ateak ixten eta irekitzen dituzte. Ateak Lubitschen filmografian elementu klabeak dira; Lubitschek ikusleari eman nahi dion informazioa banatzeko eta maneiatzeko elementu paregabea. Ikusleak pertsonaia baino gehiago daki, eta kasu honetan, ondo pasatzen du pertsonaiek antolatzen ari diren iruzurraren parte izatean. Euren egiak eta gezurrak ezagutzen ditugu. Esan bezala, ikusleak elipsi horiek beteko ditu. Baina, zenbatekoa da Lubitschek ezkutatzen digun informazioa?

Hori da Lubitschen ukituaren gauza bitxiena. Ekintza asko ez ditugu ikusten, ezkutatzen dizkigulako, baina ikusleak, badaki zer gertatzen ari den horietan. Ate itxien atzean dagoen espazio hori Lubitschek ikusleari esklusiboki eskaintzen dion espazioa da. Horregatik erraza da bere istorioetan inplikatzea.

‘To be or not to be’ komedia beltza bikaina da; azkarra, dibertigarria, dinamikoa, erritmoarekin, teatrala, espazioen erabilera egokia duena eta gainera, serioa. Eszena bakoitzak biraketa berri bati hasiera ematen dio. Baliteke, ‘Ninotchka’rekin batera, zuzendariren pelikula ospetsuena izatea. Oso gomendagarria.


No hay comentarios:

Publicar un comentario