New York, 20ko hamarkada. Nick Carraway (Tobey Maguire) Wall Street-en lanean hasi berri den gazte bat da, bere helburuen
artean “amets amerikarra” betetzea dago. Carraway
etxe txiki batean bizi da, hiritik urrun eta justu-justu Gatsburen etxe erraldoiaren ondoan.
Dirudienez, inork ez du Jay Gatsby (Leonardo Dicaprio)
ezagutzen. Espia nazia? Hiltzaile bat? Kontrabandista? Gerra heroia? Ugariak
dira Gatsby misteriotsu eta aberatsaren pertsona inguratzen duten zurrumurruak.
Gatsby festa itzelak antolatzen ditu bere “jauregian”. Bertara hurbiltzen diren
gehienek ez dute Gatsby ezagutzen, horregatik Gatsbyren inguruan dugun
informazio eskasa ez dakigu egia ala gezurra den. Istorioaren narratzaile eta
idazle gisa, Gatsby misteriotsua
aurkeztuko digu Carrawayk. Egun batetik bestera, Carraway festaz festa joango
da eta inoiz pentsatu ez zuen mundu batean murgilduko da.
Baina, nor da Jay Gatsby?
Gatsbyren inguruan eman diguten informazioa, esan bezala, ez dakigu egia ala gezurra den. Familia xume batean jaio zen, baina denbora eta esfortzuarekin Gatsbyk dirutza eta arrakasta lortu du, “amets amerikarra”. Bere bizitzan zehar egin duen ekintza oro helburu bakar bat du: Daisyren maitasuna berreskuratzea. Gatsby ideia batez maiteminduta dago, bost urtez idealizatzen eman dituen maitasunaren ideia batez. Daisy Buchanan (Carey Mulligan) ikusi zuen une berean maitemindu zen Gatsby. Dena kalkulatu du, plan perfektua eraiki du. Bost urte eman ditu plan hori prestatzen. Gatsby pertsona baikorra da, eta ez du inoiz itxaropena galduko. Gauero bere etxetik begiratzen duen argi berdea harrapatzeko prest dago. Bere iragana berreraiki nahi du.
Daisy ezkonduta dago orain, ez
dago pozik, baina benetan desiratzen duena zer den ez du argi. Ez du bakarrik
egon nahi. Senarraren itzalpean bizi da, Gatsby
tristurarekin gogoratzen du, baina urteak igaro dira eta galdutako denbora
hori ez da bi egunetan berreskuratzen. Daisy emakume objektu gisa tratatzen dute, erabakiak hartzerako orduan
zer esanik ez duelako.
Gatsbyk nahi duen guztia lor
dezake, horretarako dirua duelako. Zeruan kokatzen du bere muga, denboran
galdutako une bat berreskuratu nahi du, eta beti gora egin nahi du. Inguruan
duen guztia gehiegizkoa da, eta artifiziala.
Baina hainbeste artifiziok bakardade
itzela ezkutatzen dute. Bakardade hori festa izugarriekin estaltzen
saiatzen da. Hipokrita ugari ditu ondoan, baliteke Carraway bere lagun bakarra izatea.
Artifizio gehiegi
Baz Luhrmann zinema
zuzendari bitxia da. Luhrmann, besteak beste, ‘Romeo + Juliet’ (1996) eta Moulin
Rouge! (2001) musikal bikainaren zuzendaria da. Bere estiloa “bideokliperoa”
dela esan dezakegu: filtroen erabilpen ugari, kamera mugimendu gehiegi,
muturreko zoomak, muntaketa bizkorregiak… Guzti hori, kasu honetan, zorabio eta konfusio sentsazio bat sortarazten
du eta horrek, jasotzen ari garen informazio guztiaren asimilazioa oztopatzen
du; eta gainera, istorioan inplikatzea zail egiten du. Bestetik, formari
dagokionez, ‘The Great Gatsby’ eta ‘Moulin Rouge!’-en artean parekotasunak
agerikoak dira. Badira nahiko antzekoak diren zenbait une, adibidez, Carraway
idazmakina batean Gatsbyren istorioa idazten dagoen unea, ‘Moulin Rouge!’-en Christian (Ewan McGregor) bere maitasun istorioa
idazten ari den unearen kalkoa da ia-ia. Baina kasu honetan, ez du hain ongi
funtzionatzen.
‘The Great Gatsby’ pelikulan drama, amodioa, komedia, inbidia, ametsak,
itxaropena… eta batez ere gehiegikeria topatzen dugu. Artifizio gehiegi, istorioaren kalterako. Luxua, kolorea, soinu
banda… aipagarriak diren zenbait elementu ditu pelikulak, baina zerbaitek huts
egiten du. Pelikula azalean gelditzen da, artifizio guztiek edukia bera baino
garrantzia handiagoa dutela dirudi. Gatsby misteriotsuaren inguruan jasotzen
ditugun datuak berriak baino, errepikakorrak
dira. Hau da, pelikularen amaieran Gatsbyren pertsonaren inguruan eraiki
dugun ideia pelikularen erdialdean eraikitakoaren berdina da. Hori dela eta,
beraren inguruan dugun informazio hori egia ala gezurra ote den pentsatzen
jarraitu dezakegu.
Luhrmannen lana ez zait
gehiegi gustatu, baina aktoreen lana, aldiz, bai. Tobey Maguire, pantaila handian desagertuta zebilen aktorea Nick
Carrawayren rola antzezten du, Gatsbyren
lagun bakarra. Leonardo Dicapriori
dagokionez, beti bezala, lana ona egiten du. Bere begirada eta keinuak gustatu
egin zaizkit: inozente, maitabera, zoro, okertutako irribarrea, keinu urduriak,
nerabe bat balitz bezala… Hori bai, Carey
Mulligan eta Dicaprioren artean kimika faltan bota du, edo hobeto esanda, Gatsby eta Daisyren artean. Baliteke
berreskuratzen saiatzen diren “txispa” hori ez existitzea. Bien artean
hoztasuna ageri da.
Hainbeste komentatu den
soinu banda ongi dago, hala ere presentzia gehiegi du pelikulan. Soinu bandaren
abesti printzipala Lana del Rey-ren ‘Young and beautiful’ da.
Maitasunaren idealizazioa, amets-gaizto bihurtu diren
amets zoragarriak … Pelikulak zenbait une on
ditu, baina esan bezala, azalean geratzen diren momentu asko ditu ere.
Koloretsua eta bizia forman, baina hotza tratamendu eta pertsonaien garapenean.
Orokorrean, pelikula
txarrak jaso ditu, horregatik espektatiba txikirekin ikusi dut. Pelikulak ez nau erabat konbentzitu, baina erraz
ikusten da eta ondo pasatu dut ikusten. Lastima, Luhrmannek esku artean zuen material ona aprobetxatu ez
izana.
No hay comentarios:
Publicar un comentario