31/5/13

'Ruby Sparks' (2012) - Idaztearen magia

ruby-sparks

Erlazionatutako edukia: Azpitituluak euskaraz

Calvin (Paul Dano) idazle gazte bat da. Bere lehen eleberriarekin izugarrizko arrakasta lortu zuen. Jarraitzaile zein kritiko askorentzat Calvin “literatura jenio” bat da, idazteko dohain bikaina duena. Hala ere, Calvinek adjektibo horren erabilpena ukatzen du. Nolabait, jarraitzaileek (emakumezkoek batez ere), idazlea eta horren bizitza idealizatu egin dute, baina errealitatea ideia horietatik nahiko urrun dago. Calvin blokeatuta bizi den idazlea da, ez daki zer idatzi eta ez du inspirazioa aurkitzen. Eroso eta babestuta sentitzen den toki bakarra bere etxea da. Idazleak ez du neskengan konfiantzen, soilik pertsona arrakastatsua izateagatik “maitatzen” dutela pentsatzen baitu. Inspirazioa galduta, Calvinek ez du irtenbiderik topatzen.



ruby-sparks

Gau batean, neska misteriotsu batekin amesten du: Ruby Sparksekin (Zoe Kazan). Inspirazioa berpiztuta, Calvin burutik pasatzen zaion pentsamendu txikiena ere idazten hasten da; nahiz eta gaizki idatzita egon, ez dio axola. Soilik kezkatzen dio hori idazteko gai izan behar du. Oraingoan, Calvinek fikziozko pertsonaia ideala sortu du. Egun batetik bestera eta ustekabean, idatzitako fantasia pertsona erreala izango da.  

Calvinek “egoera zoroa” onartuko du, eta kontrola izango du. Dena idilikoa da. Ez du gehiago idatzi behar, maitasun istorio “magikoa” sortu du. Baina denborak aurrera egiten du, eta errealitateak fikzioarekin talka egingo du. Calvinek Rubyk berak sortutako zerbait dela argi du, eta horretaz gain, bere “kontrolpean” dagoela ere. Calvin Rubyren inguruan eraikitako ideiaz maitemindu da (pelikularen hasieran kritikatzen duen ideiaren kontra eginez). Eta hona hemen Calvinen dilema: alde batetik ez du Rubyren inguruan ezer berri idatzi nahi, ez du maite duen hori manipulatu nahi; baina bestetik, egoera bere kontroletik ihes egiten ari dela ikustean, maitatzen duen pertsonaren galera posiblea ez du onartu nahi. Moralitatearen muga zeharkatuko ote du?

ruby-sparks-paul-dano


Pelikularen une dramatikoena klimaxean kokatzen da, aktoreen lana benetan hunkigarria iruditu zait une horretan. Laburtuz, ‘Ruby Sparks’ maitasun istorio originala, hurbila, dibertigarria, serioa eta apur bat dramatikoa iruditu zait. Hala ere, garapenean zenbait “klixe” ageri dira. Zoe Kazanek dugu pelikularen gidoilaria eta Jonathan Dayton eta Valerie Faris zuzendariak (Little Miss Sunshine pelikularen zuzendariak dira ere). Maitasuna eta erlazioak zailak dira erakusteaz aparte, pelikulak egoera kontrolpean duzunean modu berekoian ez jokatzea zaila dela ere erakusten du.

‘Ruby Sparks’ pelikularen maitasun istorio “erreala” amodioaren ideia “fantastiko” batetik jaio da, modu horretan “ukitu magiko” bat gaineratuz. Calvinek pelikulan esaten duen bezala: “edonork liburu hau irakurri ostean, magia dela pentsa dezake; baina maitemintzea, idaztearen antzera, gertaera magiko bat da” (…). Gomendagarria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario